2019-01-10ean argitaratua
MCCtelecom, ISEA, Abantail eta LKS kooperatibek sortu dute Tentu.eus aldizkari elektronikoa
Tentu.eus aldizkari elektronikoa sortu dute MCCtelecom, ISEA, Abantail eta LKS kooperatibek. Aldizkaria doakoa da, eta harpidedunen interesen arabera pertsonalizatutako edukiak eskaintzen ditu.
Tenturen harpidedun bakoitzak bere interesekoak diren gaiez osatutako aldizkaria eskuratuko du, Testu Sailkapen Automatikoan edo Topic Spotting izenez ere ezagutzen den teknologian oinarritzen baita.
Guztira, euskarazko eta gaztelaniazko 700 RSS iturri publiko eta pribatutik hartzen du informazioa Tentuk, eta 31 gaitan banatuta eta Hego Euskal Herriko 250 udalerriren arabera sailkatua eskaintzen du.
Geolokalizazio-bidezko zerbitzua
Lau motatako informazioa biltzen du Tentuk: artikuluak, agendako ekitaldiak, argazki-galeriak eta publizitatea. Eta, hala nahi izanez gero, erabiltzailea non dagoen detekta dezake, eta hurbilen dauden herrien informazioa eskaini.
UZEIren teknologia Tenturen oinarri
Edukiaren sailkapena egiteko UZEIk garatutako teknologia erabiltzen du Tentuk; zehazkiago esateko, honako baliabide hauek:
◾️ euLEX: euskararen datu-base lexikoa, 154.870 sarrera dituena. Etengabe eguneratzen da Euskaltzaindiaren arauen eta gomendioen arabera.
◾️ esLEX: gaztelaniaren datu-base lexikoa, 128.347 sarrera dituena. Etengabe eguneratzen da RAEren arauen eta gomendioen arabera.
◾️ euLEMA euskarazko lematizatzailea: Lexikografiako eta terminologiako arauak errespetatuz egiten du lematizazioa. Izan ere, euLEX datu-basea etengabe eguneratuta mantentzen du UZEIk (besteak beste, Euskaltzaindiaren arauen eta Terminologia Batzordearen gomendioen arabera).
◾️ esLEMA gaztelaniazko lematizatzailea: Euskarazko lematizatzailea bezala, bi mailatako morfologian eta egoera finitudun automatetan oinarritua dago.
Edukia aztertu ondoren, UZEIk bere erantzuna ematen dio Tenturi, gai eta azpigai egokienak (bat edo batzuk) proposatuz.