NOR GARA
historia
1977an sortutako erakundea da UZEI. Hizkuntzaren arloan zerbitzuak eskaintzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundea da.
Euskalterm terminologia-bankua sortu zuen UZEIk. Gerora, euskal terminologiako banku publiko bihurtu da Euskalterm.
Eusko Jaurlaritzak Onura Publikoko aitorpena eman zion 204/1989 Dekretuari esker, “hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorra sustatzen duelako”.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kidetzat onartu zuen UZEI Eusko Jaurlaritzak, eta, geroztik, lexikografiaren eta terminologiaren esparru tradizionalak gaindituz egiten ditu oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua, Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduan bereziki.
UZEIk Hobelex plazaratu zuen, euskararako pentsatutako lehen lexiko-zuzentzailea.
Euskaltzaindiak Erakunde Atxiki izendatu zuen. Aitortza hori jaso duen lehen erakundea da UZEI eta, oraingoz, bakarra.
LAN-JARDUERA
HIZTEGIGINTZA
Lexiko orokorraren arloan, UZEIk urteak daramatza Euskaltzaindiarekin elkarlanean, eta funtsezko lankidea da erakunde horren hainbat proiektutan. Egiteko nagusia Euskaltzaindiaren Hiztegia da; izan ere, UZEIk baitu Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lantaldearen ardura.
Corpusgintzan ere ibilbide luzea du: XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa, eta Lexikoaren Behatokia osatu ditu UZEIk bakarka zein beste erakunde batzuekin batera, eta betiere Euskaltzaindiaren gidaritzapean.
Hiztegigintzan Sinonimoen Hiztegia eta Atzekoz Aurrera hiztegia ere egin eta eskaintzen ditu sarean.
Gainera, bestelako proiektuak ere egin dira lexikografiaren arloan, denen artean esanguratsuena UZEIren HNPko euskarazko tresna guztien oinarri den euLEX lexikoia.
Lexiko espezializatuaren arloan, aitzindaria izan da UZEI Euskal Herrian terminologia-lanetan. Euskalterm Terminologia Bankuaren sortzailea izan zen, eta datu-banku hori, euskal terminologiako banku publiko bihurtu zenetik, elikatzeko eta mantentzeko ardura du.
Halaber, nazioarteko hainbat terminologia-lanetan parte hartu du beste terminologia-erakunde batzuekin elkarlanean.
Gaur egun erakunde gisa Terminologia Batzordeko partaidea da UZEI, Euskararen Aholku Batzordearen baitan. Eta UZEIren ardura izan zen terminologia-lanean eta normalizazioan erabiltzen diren dokumentu nagusien prestalana: Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburua, Terminologia-lanerako irizpideak…
Kontsultatu Terminologia Europan mapa.
ITZULPENGINTZA
UZEIko itzultzaile-taldeak urtetako esperientzia eta etengabeko prestakuntza ditu, eta eskaintzen dugun zerbitzua gure beste jardueretan oinarrituta dago; hau da, hiztegigintzan eta hizkuntza-teknologian.
Teknologia propioa garatu dugu itzulpen eraginkorrak egiteko, kudeaketa aurreratua egiteko eta itzulpenen kalitatea bermatzeko.
HIZKUNTZA-TEKNOLOGIAK
Lexikografia eta terminologiaren ohiko esparruak lantzen dituen zentroaz harago, teknologia-zentro ere bada UZEI. Ikerketa, oinarrizkoa nahiz aplikatua, gure lan-ildo nagusietako bat da gaur egun, Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduaren arloan bereziki.
Hiztegigintzan, itzulpengintzan eta terminologia-lanetan erabiltzeko laguntza-aplikazio eta -baliabideen sistema osoa garatu du UZEIk, bere jardunean lagungarri gisa erabiltzeko eta lanaren kalitatea bermatzeko.
Teknologia propioa erabili da, gainera, baliabide horiek guztiak garatzeko.
berdintasuna
Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza-Erakunde izendatu du UZEI, berdintasunarekiko aspalditik dugun konpromisoa aitortuz.
LANKIDETZA
- AENOR.
- AETER. Asociación Española de Terminología
- ANETI. Asociación Nacional de Empresas de Traducción e Interpretación
- EAFT Europako Terminologia Elkartea
- ELRA. European Language Resources Association
- GAIA
- Infoterm. International Information Center for Terminology
- InnoBasque. Berrikuntzaren euskal agentzia
- Langune. Hizkuntzen Industrien Elkartea
- RedIRIS.
- TermNet. International Network for Terminology
BAZKIDEAK
Ehundik gora bazkidek osatutako elkartea da UZEI. Elkartekide izan daitezke pertsona fisikoak nahiz juridikoak.
Bazkideek eskubide hauek dituzte, beste batzuen artean:
- Eskaintza bereziak jasotzea elkartearen argitalpenak eta zerbitzuak eskuratzeko
- Elkartearen ekintzen eta zerbitzuen berri izatea
- Elkartearen ekintzetan parte hartzeko lehentasuna izatea
Bazkidea izan nahi baduzu, idatzi helbide honetara: uzei@uzei.eus