1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izango da UZEI

Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izango da UZEI

berriak, UZEI
  • Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izatea erabaki zuen Lekeition, 2019ko abenduaren 20an.
  • Euskaltzaindiak eta UZEIk lan-hitzarmen berrirako urratsak egin nahi dituzte eta euskal gizartearekiko duten zerbitzu-bokazioa indartu.
  • Besteak beste, abian jarri nahi dira egitasmo eta aplikazio berriak, bereziki eremu digitalean.

Euskaltzaindiaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren arteko harremanak aspaldikoak dira, bi aldeek izenpeturiko azken lankidetza-hitzarmena 2013ko martxoaren 6koa dela. Besteak beste, lexikografiaren alorrean euskararen corpusa ikertzen, zabaltzen, eguneratzen, elikatzen eta euskararentzat berriagoak diren eremuetan (eremu digitalean) baliatzeko lanabesak sortzen aritu dira lankidetzan: XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa, Euskaltzaindiaren Hiztegia, Lexikoaren Behatokia eta Euskaltzaindiaren lanetarako ingurunean (Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzeko eta eguneratzeko inguruneak).

Euskaltzaindiak eta UZEIk lan-hitzarmen berrirako urratsak egin nahi dituzte eta euskal gizartearekiko duten zerbitzu-bokazioa indartu, orain arteko lankidetza areagotu, eta beste eremu batzuetara eramaten ahaleginduko dira. Lankidetza areagotu nahi duten eremuak, nagusiki, hiru dira. Alde batetik, abian diren ikerketetan sakontzea eta ildo berriak irekitzea (lexikografiaren eta euskararen estandarizazioaren eremuan). Beste aldetik, ezagutzaren transferentzia (pilatu duten eta arian-arian lantzen ari diren egitasmoetatik eratorritakoak). Eta, azkenik, egitasmo eta aplikazio berriak abian jartzea, bereziki, eremu digitalean.

Bide horretan, Euskaltzaindiak elkarte atxikiak sor edo izan ditzake, horien helburuak direla, besteak beste, euskararen jakintzan, erabileran, ikerketan, zabalkundean, sentsibilizazioan eta ezagutzaren transferentzian euskararen eremuan ari direnekin Euskaltzaindiarekiko lankidetza indartzea eta areagotzea, egitura egonkorrak sortuz.

Horretarako, Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izateko UZEIren eskabidea onetsiz, Akademiaren Zuzendaritzak lehenez eta zuzendaritzaren proposamenez, Euskaltzaindiaren Osoko bilkurak Unibertsitaterako Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea (UZEI) Euskaltzaindiaren elkarte atxikia izatea erabaki zuen Lekeition, 2019ko abenduaren 20an. Horren ondorioz, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroarekin egingo den hurrengo lankidetza hitzarmenerako abiaburua izango da erakunde atxikiaren izendapena.