1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Berdintasunarekiko konpromisoa berritu du UZEIk 2020-2023 Berdintasun Planarekin

Berdintasunarekiko konpromisoa berritu du UZEIk 2020-2023 Berdintasun Planarekin

berriak, UZEI

Aurten UZEIren lehenengo Berdintasun Plana osatu dugu. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko konpromisoa, edonola ere, ez da berria gure erakundearentzat: horren adierazgarri da, esate baterako, lehendik ere konpromiso hori funtsezko helburu gisa jasoa genuela UZEIren estatutuetan.

Halere, garrantzitsua izan da 2020-2023 Berdintasun Plana gauzatzea, bai orain arte baino modu formalagoan sistematizatzeko genero-ikuspegia txertatzeko egitekoak, bai hartua genuen bidea berresteko ere; bereziki, lantalde osoaren parte-hartze aktiboaren eta zuzendaritzaren konpromiso sendoaren emaitza izan delako plana.

Planaren bidez emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean, lan-baldintzen alorrean, erakundearen antolamendu eta barne funtzionamenduaren alorrean, eta erantzukizun sozialaren alorrean dugun konpromisoa berretsi dugu.

Plana egin aurretik, erakundearen diagnostikoa egin dugu lantaldean. Hain zuzen ere, diagnostiko horretan oinarrituta zehaztu ditugu datozen lau urteetako egitekoak UZEIren baitan, antolakuntzatik hasi eta zerbitzu eta lan-ildo guztietaraino, komunikazioa, lan-baldintzak eta gainerako arlo guztiak barnean hartuz.

Prozesu hori guztia lantzeko funtsezkoak izan ditugu Emakunderen babesa eta EMUNek emandako aholkularitza.