1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Terminologiari eta neologiari buruzko Europako bi topaketatan izan da UZEI, Bergenen

Terminologiari eta neologiari buruzko Europako bi topaketatan izan da UZEI, Bergenen

berriak, Terminologia

Joan den astean, Bergenen (Norvegia) izan zen UZEI, terminologiarekin eta terminologiaren bilakaerarekin lotura estua duten nazioarteko bi topaketa hauetan:

  • EAFT Europako Terminologia Elkartearen 30. urteurrena eta Nordterm erakundearen 50. urteurrena ospatzeko mintegia, Linguistic Sustainability and Preparedness («Hizkuntza-jasangarritasuna eta prestasuna») izenekoa, irailaren 4an egindakoa.
  • NeoTerm 2026, Neologismo Terminologikoen Kudeaketari buruzko Nazioarteko II. Lantegia (International Workshop on Terminological Neologism Management), ENEOLIk (European Network on Lexical Innovation) antolatua, bezperan egin zena.

Bi topaketek aukera paregabea eskaini zuten ezagutzak eta esperientziak partekatzeko, eta, aldi berean, Europan terminologiaren eta neologismo terminologikoen kudeaketaren arloan egiten ari diren azken aurrerapenak bertatik bertara ezagutzeko.

Etorkizunari begira, jatorria ahaztu gabe

EAFT, Nordterm, Bergengo Unibertsitateko Centre for Professional Language, Termportalen eta Fagspråksenteret erakundeek elkarlanean antolatutako Anniversary Seminar mintegian Europa osoko adituak bildu ziren, ezagutzak, esperientziak, ikuspegiak eta etorkizunari buruzko gogoetak partekatzeko. Aldi berean, aukera berezia izan zen Europako terminologia-sareen ibilbidea aitortzeko: parte-hartzaileetako batzuek Nordterm eta EAFT sortu zireneko lehen urratsak ezagutu zituzten, eta garai hartako oroitzapenak partekatu zituzten bertaratutakoekin.

UZEIrentzat, lankidetza-gune horietan parte hartzea ez da gauza berria. Duela 49 urte sortu zenetik, UZEIk modu aktiboan parte hartu du Europako terminologia-sareetan eta nazioarteko lankidetza-ekimenetan. Horien artean, bereziki nabarmentzekoa da EAFT. Elkarte horren hastapenetatik da bertako kide UZEI, eta 2016tik aurrera haren Board-ean ere badago. Gaur egun, UZEIko terminologoa den Begoña Arrate EAFTko zuzendaritzako kidea da.

EAFTen helburu nagusien artean daude terminologiaren bidez eleaniztasuna sustatzea, Europa mailako plataforma bat eskaintzea terminologia-jarduera bultzatu eta profesionalizatzeko eta terminologiaren aintzatespena hobetzeko, eta terminologiarekin lotutako beste erakunde, elkarte eta instituzio batzuekin lankidetza aktiboa sustatzea. Helburu horiek guztiz bat datoz UZEIren ibilbidearekin eta eguneroko jardunarekin.

Ia bost hamarkada euskararentzako sareak ehuntzen

Nazioarteko ibilbide horrek lotura estua du euskal terminologiaren mugarri nagusietako batzuekin. 1987an, UZEIk Euskalterm sortu zuen, euskal terminologiaren bankua. Banku horretan oinarrituta eraiki zen, 2001ean, egungo Terminologia Banku Publikoa, euskarazko terminologia bateratu eta normalizatzeko erreferentziazko tresna dena.

Bestalde, 2002an UZEIk Bruselako Adierazpena sinatu zuen, nazioarteko terminologia-lankidetza sustatzeko. UZEIk euskaratu zuen EAFTk eta Europako beste hainbat zentro eta erakunde terminologikok ere sinatutako adierazpen hura.

Nazioarteko sare horietan parte hartzeari esker, euskal terminologiaren arloan egindako lana eta euskal erakundeek alor horrekiko erakutsi duten konpromisoa nazioartean ezagutarazi dira. UZEIk horretan lagundu du, nazioarteko kongresuetan parte hartuz eta hitzaldiak emanez, eta, bereziki, 2018an Donostian EAFTren kongresu bat antolatuz. Horrela, terminologiaren nazioarteko mapan euskara eta euskal terminologia kokatzen lagundu du UZEIk.

EAFTtik haratago lankidetza-sarea

UZEIren nazioarteko lankidetza, gainera, ez da EAFT elkartera mugatzen. Bere ibilbidean zehar, harremanetan egon da hainbat erakunde eta sare espezializaturekin, besteak beste, TermNet, International Network for Terminology, InfoTerm eta Espainiako Terminologia Elkartearekin (AETER), eta Estatuko zein beste herrialde batzuetako beste terminologia-erakunde batzuekin hitzarmenak eta lan-harreman estuak ere izan ditu.

Lankidetza-sare zabal horren oinarrian ideia sinple baina funtsezkoa dago: terminologia ezagutzaren bilakaerari estuki lotutako arloa denez, beste hizkuntza-komunitate batzuekin esperientziak partekatzeak eta elkarlanean aritzeak erronka berriei hobeto erantzuteko aukera ematen du, eta, aldi berean, norberaren lana aberasten du.

Terminologiatik neologiara: hizkuntza bizi baten beharrei erantzunez

Lankidetzarako eta elkarlanerako bokazio hori neologiaren esparrura ere hedatzen da, neologia bereziki garrantzitsua baita lexikoa etengabe berritzen ari den eta kontzeptu eta izendapen berriak sortzen ari diren garai honetan.

2023an, UZEIk Neoloteka sortu zuen, euskarazko forma lexiko berriak identifikatzeko, biltzeko, aztertzeko eta edonoren eskura jartzen dituen behatokia. Ekimen horren bidez, euskarak inguruko beste hizkuntza batzuekiko zuen gabezia bat betetzen lagundu nahi du UZEIk. Izan ere, hizkuntza horietan, aspaldidanik, neologismoak biltzeko eta aztertzeko proiektuak daude, hala nola katalanerako eta espainierarako garatutakoak.

Arlo horretan ere, nazioarteko lankidetzak zeregin garrantzitsua du. Neolotekan, TERMCAT Kataluniako Gobernuaren terminologia zentroarekin eta Frantziako Gobernuaren DGLFLFrekin (Délégation générale à la langue française et aux langues de France) lankidetzan aritzen da UZEI, inguruko erdaretako neologia-behatokiekin koordinazioa eta esperientzia-trukea sustatuz.

Egiten duguna partekatzea eta besteengandik ikastea

Testuinguru horretan ulertu behar da UZEI Bergenen izatearen balioa. Sare horietan parte hartzeak aukera ematen du euskararen eta euskal terminologiaren inguruan metatutako esperientzia partekatzeko, Euskal Herrian egiten den lana nazioartean ezagutarazteko eta, aldi berean, sektoreko joera, metodologia eta erronka berriak zuzenean ezagutzeko. Hain zuzen ere, NeoTerm 2026 topaketak aukera eman zuen etengabeko bilakaeran dagoen arlo batean sakontzeko: neologismo terminologikoen kudeaketan.

Sare horietan parte hartzea ez baita euskara gure mugetatik kanpo ordezkatzea bakarrik. Beste hizkuntza eta komunitate batzuetatik ikasteko aukera ere ematen du, bai eta erronka berriei aurrea hartzeko eta euskarazko terminologia eta neologia indartzen jarraitzeko ere. Urte luzez landutako elkarlan eta ezagutza-truke hori funtsezkoa da hizkuntza batek ezagutza- eta komunikazio-eremu berriei erantzuteko behar dituen baliabideak garatzen jarraitu ahal izateko.

Euskara nazioartean zabaltzeko lan horretan, UZEIk Etxepare Euskal Institutuaren laguntza ere badu, nazioartean euskararen eta euskal kulturaren presentzia eta aintzatespena sustatzeko funtsezkoa baita. Eskerrak eman nahi dizkiogu Etxepare Institutuari UZEIri ematen dion babesagatik eta euskararen nazioarteko presentziarekin duen konpromisoagatik.