2021eko hitzak: urtebete laburtzeko 18 hitz

Konturatu orduko, urtea joan zaigu. Antzeko zerbait gertatzen zaigu urtero, 2014. urtean lehenengoz horrelako zerrenda bat osatu genuenetik. Egia da urte horiek guztiak ez direla berdinak izan, baina beti aurkitu dugu hitz berriak ikasteko eta ahaztuxeak genituen beste batzuk gogora ekartzeko aitzakia.

Tradizioari jarraikiz, hauek dira, modu bateko edo besteko oihartzuna izan dutelako, hautatu ditugun #2021ekoHitzak:

  1. MOMOTXORRO

Altsasutik Kapitoliora jauzi eginez, horrelaxe hasi genuen urtea. AEBko Kapitolioan indarrez sartu ziren urtarrilean Trumpen jarraitzaileak, gogoratuko duzunez. Haietako bat, ospetsuen egin zena, adar eta guzti apainduta zegoen. Bada, hari Altsasuko momotxorroen antza hartu zion zenbaitek, eta, noski, albistearen harira, barra-barra ibili zen momotxorro hitza sare sozialetan. Mundua Kapitoliora begira zegoen hartan, euskaldunok beste begirada batekin ikusi genuen adardun bitxi hura.


 

  1. SALPA

Kapitolioan bakarrik ez, naturan ere gauza bitxiak ikusten dira! Hori pentsatuko zuten agian urtarrileko azken egunetan Donostiako Ondarreta hondartzan marmoka- edo plastiko-itxurako zerbait aurkitu zutenek. Zer izango, eta salpak! Aquariumeko adituek azaldu zutenez, marmokekin zerikusirik ez duen animalia bitxiak dira, nahiz eta gardenak eta likatsuak izan. Zuk ikusi duzu inoiz salparik? Irudi batean, sikiera?

Salpa espezie bitxia agertu da Ondarretako hondartzan

 

  1. DEEPFAKE / FALTSUTZE SAKONA

 

Irudi batek mila hitzek batek baino gehiago balio duela esaten da. Kontua da batzuetan ikusten dugun hori ez dakigula egia edo gezurra den. Aurten bolo-bolo zabaldu diren bideo faltsu horiekin gertatzen den bezala: bai, deepfake edo faltsutze sakona erabiltzen duten horietakoa. Helen Mort idazleari eta Elisabet II.ari ere horrelako bideo faltsuak egin dizkiete aurten, baina gurean, besteak beste, Txirrita eta Elbira Zipitria «berpizteko» balio izan du teknologia horrek. Horretarako bakarrik erabiltzen badugu, hor nonbait.

 

  1. TXORTAKETA

Jakina, irudiak manipulatuz sortutako albiste faltsuak gogora ekartzen hasita, ezin aipatu gabe utzi martxoan sare sozialetan hainbeste zabaldu zen «txortaketa masibo» hura. EiTBk berak oharra atera behar izan zuen gezurra agerian utzi, eta @ahoz_aho saioan txortaketa hitza erabili zutela ukatzeko. Gogoratzen?

 

  1. MOLAC

Albiste serioagoetara pasatuz, euskararentzat aurrerapausoa izan behar zuen bat iritsi zitzaigun apirilaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalak egun horretan onartu baitzuen Molac legea; bestela esanda, Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko legea. Baina kontuak ez zuen luze iraun. 60 diputatuk errekurtsoa aurkeztu ondoren, legearen zenbait artikulu Konstituzioaren aurkakoak zirela ebatzi zuen Kontseilu Konstituzionalak. Paul Molac politikari bretoiaren izena hartu zuen legeak, eta, handik hilabete batzuetara, urrian, auziaren nondik norakoak Molac beraren ahotik entzuteko aukera izan genuen, Euskaltzaindiak antolatu zuen jardunaldian hizlari aritu baitzen.

 

  1. ZATZAIZKIT

Ez dakigu euskara edo bretoiera asko axola zaien helegitea aurkeztu zuten diputatuei, baina gogoan dugu apirileko azkenaldian nolako zeresana eman zuen sare sozialetan Iruñeko Udalak “zu zatzaizkit axola” lelopean sanferminak aurten ere ezingo zirela ospatu iragartzeko prestatu zuen bideoak. Aditz horrek ez du aitzakiarik, Sustatun gogoratu zuten bezala. “Zergatik dugu, beraz, zatzaizkit arrotz?” galdetu zuen biharamunean Blanca Urgellek bere zutabean.

 

  1. INDARKERIA BIKARIOA

Emakumeen aurkako indarkeria ere ez zaigu arrotz, etengabea baita zoritxarrez. Emakumeari ahalik eta min handiena eragiteko seme-alaben aurka erabiltzen den indarkeria da indarkeria bikarioa. Muturreko kasuetan, seme-alabak erailtzen dituzte erasotzaile matxistek, emakumearen sufrimendua betikotzeko. Bada, askotan izan da hizpide aurten indarkeria-mota hori, besteak beste, Espainiako Kongresuak haurrak eta nerabeak babesteko protokolo berriak aurreikusten dituen legea onartu zuelako ekainean edo EUDELek azaroaren 25ean indarkeria hori hartu zuelako ardatz.

 

  1. GENERO-AUTODETERMINAZIOA

Berdintasuna babesteko legeekin jarraituz, sarri entzun dugu aurten genero-autodeterminazioa kontzeptua. Izan ere, horixe izan zuten eztabaidagai nagusia hilabete luzez Espainiako gobernuko kide diren alderdiek Trans legearen harira. Azkenean, adostasuna lortu ondoren, uztailean onartu zuen Ministroen Kontseiluak lege berria.

 

  1. PARRILLA

Horrela, ia oharkabean, uda iritsi zen. Eta, uda-giroarekin batera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren azken eguneraketa; harrezkero bisigua parrillan erretzen dugu euskaldunok, eta ez parrilan. Tira, bisigua edo, beganoa izanez gero, barazkiak, ohiturak ere aldatu egiten baitira.

 

  1. TAIKONAUTA

Lurrean ez ezik, espazioan ere aldatzen dira gauzak. Esate baterako, Txinako espazio-estazioan hiru hilabetez egon ondoren, Lurrera itzuli ziren aurten hiru astronauta, eta albiste horren harira ikasi genuen txinatarrek ‘astronauta’ adierazteko taikonauta hitza erabiltzen dutela. Lehendik «astronauta» hitza erabiltzen genuen (baita «kosmonauta» ere, bereziki errusiarrak –eta sobietarrak– izendatzeko). Bada, ematen duenez, taikonauta gero eta gehiago erabiliko dugu aurrerantzean. Ezin uka mundua aldatzen ari dela.

 

  1. NEGAZIONISTA

Eta gauzak ukatzeaz ari garen honetan, ukatzaileak nonahi izan ditugu aurten. Felix Zubia mediku eta bertsozaleak abuztuan bertsotan erantzun zion Xabier Silveira bertsolariari, Silveirak «txakurra» deitu ziola eta. Negazionista batzuek ere ospitaleratu behar izan dutela kantatu zuen Zubiak, eta arnasa falta zaienean ederki umiltzen direla. Bertso horietan ez ezik, bateko pandemia eta besteko klima-larrialdia ukatzen dutenen harira, ez dugu gutxitan entzun hitz hori azkenaldian.

 

  1. APAEPEKA

Hurrengo hau ez dugu beharbada hainbeste erabili. Izan ere, zuk badakizu zer den apaepeka? Ez da hitz berria, inondik ere, baina ‘euskaldun batzuek baliatu izan duten sekretuzko hizkera’ hori albiste izan da aurten. Horrela jakin genuen irailean, Iker Baionako hizkuntzalaritza-zentroan apaepeka aztertu nahi dutela, eta deia zabaldu dutela oraindik erabiltzen duten euskaldunak grabatzeko. Agian hizkera hori biziberritzeko ere balioko du ekimenak. Nork jakin.

 

  1. KOLADA

Inolako zalantzarik gabe, aurten biziberritu dena Kanarietako Cumbre Vieja sumendia izan da. Irailean hasitako erupzioaren albisteekin, bolkanismoei buruzko termino ugari ikasi edo freskatu ditugu. Beste askoren artean, guk honako hau aukeratu dugu: laba-kolada.

 

  1. URRITASUNA

Urria ere iritsi zitzaigun halako batean eta, hilabete horren etimologiarekin bat eginez edo, urritasunaz idatzi zuen Anjel Errok bere zutabeetako batean. Aurtengo hitza izango zela susmatzen hasia zen ordurako, bateko Suezko kanala blokeatu zuen kontainer-ontzia eta besteko brexitaren ondoriozko hornikuntza-arazoak, urritasunak ugari izan baititugu azken hilabeteotan. Egia berdaderoa!

 

  1. META

Halere, dena ez da eskasia izan aurten, ez eta albiste txar ere. Pentsa, Zuckerbergek zer eta euskarazko izena jarri omen dio Facebooki! Txantxa ez da gurea, e! Bai, Facebook konpainiak izena aldatu du, eta Meta deitzen da orain, metabertsoan zentratzeko, diotenez. Baina metabertso horiek zer diren argitzea, beste baterako!

 

  1. EKOZIDIO

Zer den argitzen, edo, hobeto esanda, ekozidioa juridikoki definitzen dabil azkenaldian nazioarteko legelari-talde bat, Nazioarteko Zigor Auzitegiak delitutzat har dezan. Gutxi gorabehera, ‘ingurumenari kalte handiak eta iraunkorrak eragiten dizkion legez kanpoko ekintza arbitrarioa’ omen da ekozidioa. Klima-larrialdiarekin gero eta garrantzi handiagoa izango duenez, dagoeneko zenbait legetan sartu da kontzeptu hori. Esate baterako, Frantzian aurten onartu den Klimaren eta Erresilientziaren legeak 10 urte arteko espetxe-zigorra aurreikusten du ekozidio delitua egiten duenarentzat. Itzalean egoteko ez da gutxi.

 

  1. ITZALALDIA

Eta, urteko errepaso honetan, nola ahaztu argindarraren prezioarekin ibili ditugun gorabeherak! Bestela ere, jakingo duzu inoiz baino garestiago ordaintzen dugula orain elektrizitatea, eta, hori aski ez balitz, Austriako defentsa-ministroak azaroan zer esango, eta Europan itzalaldi elektriko handi bat gerta daitekeela. Ezinbestean, albisteak kezka eragin zuen, eta, Euskal Herriko burdindegietan kanpinetako su txikiak, linternak eta pilak agortzen hasi ziren, nonbait.

 

  1. ALDAERA

Honezkero esan duzu hainbeste hitzen artean pandemiari buruzkoei ez diegula leku handirik egin, ezta? Baina ez pentsa horregatik sartu dugunik zerrendako azken hitza: aldaera. Ez, kontua da horixe aukeratu dugula abenduan, Euskaltzaindiarekin batera, 2021eko hitz gisa. Inor ez mintzeko letra grekoz izendatu dituzten aldaera berri horiek guztiak ahotan ibili ditugu urte osoan zehar; badakizu: alfa, beta, delta… omikron. Hementxe duzu urteko hitz gisa hautatzeko arrazoien inguruko azalpen zabalagoa, nahi izanez gero.

Eta adinean aurrera egin ahala atzera begira jartzen diren horietakoa bazara (guri ez zaigu halakorik gertatzen, gazte-gazteak gara eta!), hemen bildu ditugu azken urteotan metatu ditugun hitz-sortak:

2020ko hitzak

2019ko hitzak

2018ko hitzak

2017ko hitzak

2016ko hitzak

2015eko hitzak

2014ko hitzak

 






No Comment

Post A Comment