Sexetarianoak, Etzegarate, ohol-txikotak, txat-robotak eta aurten ikasi eta ikusi ditugun beste hainbat hitz
Begoña Arrate
UZEIko Terminologia Saileko kidea
2014-12-23an argitaratua.
Urtea albiste txar eta ezusteko batekin hasi genuen, eta albiste hobez amaitzea espero dugu. Bitarte horretan askoren ahotan ibili diren hitz, termino eta esamolde berri batzuk eta, lehendik ezagunak izan arren, aurten garrantzi berezia izan duten beste batzuk bildu ditugu hemen.
Ez daude, seguruenik, guztiak, eta, are gehiago, zerrenda honek ez du serioegia izateko asmorik ere. Urtea amaitzear gauden honetan, aurten arreta eman diguten hitzak gogora ekarri nahi izan ditugu; hori besterik ez. Zerrenda honek, beraz, ez du beste asmorik, urtean zehar ikusi eta entzun ditugun hainbat albiste eta gertakari oroitzen laguntzea ez bada. Ez hartu, bada, zorrotzegi honako hautapen hau.
-
- Urtarrilaren 1eko lehen orduetan bertan, lehorreko herritar gehienek ordura arte maiz erabili gabeko hitz bat ibili zen askoren ahotan: itsas bengala. Izan ere, halako bengala batek eragin zuen, ustez, Gabon zahar gauean Pasaiako Trintxerpe auzoko eraikin baten teilatuko sutea.
- Aste batzuk igarotakoan, urtarrilaren 25ean, oso berria izan ez arren, artean euskal hiztegi erabilienetan jaso gabe zegoen hitz bat nagusitu zen albistegietan, orduan jakin baikenuen Gasteizko Borja Lazaro Herrero fotokazetaria Kolonbian desagertuta zegoela.
- Handik astebetera, otsailaren 1ean, termino berri bat entzun zuten askok lehen aldiz: SEPA edo Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarra, egun hartan amaitzen baitzitzaien epea Europar Batasuneko herrialdeei beren banku-transferentziak SEPA eremura egokitzeko.
- SEPArena ez da izan lege-kontuek ekarri diguten termino berri bakarra. Hain zuzen ere, hurrengo egunean, otsailaren 2an bertan, hasi zitzaien aplikatzen Hegoaldeko elektrizitate-kontsumitzaileei KTBPa edo kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa.
- Baina dena ez da berrikuntza izan. Aspalditik gure artean izan ditugun ustelkeria-kontuak ere ekarri dizkigu 2014ak. Hala, otsailean inoiz baino gehiago erabili genuen, beharbada, fabore-tratu terminoa, orduan jakinarazi baitzuen Nafarroako Ogasuneko goi-kargu Idoia Nievesek, ustez, justifikatu gabeko fabore-tratua baliatu zuela Lourdes Goikoetxea presidenteordeak zergapekoren batekin.
- Gai arinagoei helduz, martxoaren 2ko gauean banatu ziren Oscar sariak, eta ekitaldi hartan ateratako autoargazkia munduan barrena zabaldu zen ordu gutxitan. Egia da ingelesezko selfie urteko hitz hautatu zuela Oxford hiztegiak 2013an, baina Oscar sarien ekitaldiak bultzada nabarmena eman zion hitz berriari. 2014an sartu da, esaterako, autoargazki ordaina Euskalterm terminologia-banku publikoan.
- Euskaltzaindiak ere, nola ez, garrantzi nabarmena izan du urteko hitzen zerrenda honetan: martxoaren 12an Arroila Handia eta beste hainbat toponimo arautzen dituzten Amerikako Toponimia eta Asiako Toponimia zerrendekin eguneratu zituen Euskaltzaindiak bere Euskal Onomastikaren Datutegia, eta handik bi egunera, martxoaren 14an, sifilis (ez sifili) esan eta idatzi behar dela argitu zigun, Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia bateratzean hartutako erabakien berri ematerakoan.
- Martxoaren 14an, haustura hidraulikoaren aurkako legegintzako herri-ekimena abian jartzeko sinadura-kanpainari ekin zioten EAEn, eta Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu zuen abenduan 103.000 hiritarrek babestutako herri-ekimen hura.
- Apirilaren lehen egunetan hackatoiak izan genituen hizpide, Bilbon (eta Espainiako Estatuko beste 7 hiritan) halako ekitaldi batean aditu-talde handia bildu baitzen informatika-programak elkarlanean garatzeko, bigarren urtez.
- Maiatzaren 6an Coca-Colak iragarri zuen landare-olio bromatua osagai gisa erabiltzeari utziko ziola AEBn. Gutako askorentzat osagai hori berria zen, baina, jakin genuenez, Europan debekatuta zegoen lehendik.
- Bilbon egindako beste batzar handi batek, Sherpa Summit 2014 izenekoak, albistegietara ekarri zituen apirilean soinean eramateko gailuak edo janzteko gailuak. Halakoak dira, besteak beste, eskumuturreko erloju eta betaurreko adimendunak. Euskaltermen ere aurten sartu dira ordain horiek.
- Aurten aipagai izan ditugun hitz eta esapide berri-antzeko guztiak ez dira izan, haatik, hiztegietan jasotzeko modukoak. Esposizio politikopeko pertsona esapideak harritu gintuen maiatzaren erdialdera. Ustezko ustelkeria-kasu baten ikerketa zela-eta, hitz horiek erabili zituen Suitzak Espainiako Ruz epaileak identifikatzeko eskatu zuen banku-kontuaren titularra zela-eta. Ez da harritzekoa esapide horrek hizpide eman izana.
- Ipe hitza ere barra-barra erabili zen maiatzean, Greenpeacek ipe zur tropikala erabiltzeari uzteko eskatu zuenean. Orduan jakin genuen askok, Deustuko Unibertsitatearen eta Guggenheim Museoaren arteko pasabidea, esan zenez, halako zurez egindakoa dela.
- Ekainean batek baino gehiagok ezustekoa hartu zuen jakin zuenean Euskaltzaindiak Etzegarate forma erabaki zuela Gipuzkoako mendate ezagunarentzat. Zalantzarik izanez gero, Euskaltzaindiak erabaki horren inguruan plazaratu zuen txosten argigarria sarean dago edonoren eskura.
- Ekainaren 6an, Dario Barrios sukaldaria hil zen Jaenen. Luze eta zabal hitz egin zuten komunikabide askok ondorengo egunetan BASE jauzia egiten ari zela izandako istripuari buruz. BASE akronimo bat denez, letra larriz idatzi behar dela ikasi genuen.
- Egun batzuk igarotakoan, ekainaren 9an, burkiniak izan ziren mintzagai Gasteizen, Javier Maroto alkateak udal-igerilekuetan jantzita sartzea debekatzen duen araudia gogora ekarri zuenean.
- Egun horretan bertan, ekainaren 9an, iragarri zuten makina batek lehen aldiz Turing-en adimen artifizialaren testa gainditu zuela: 13 urteko mutiko bat simulatzen duen Eugene Goostman izeneko txat-robotak gizaki bati sinetsarazi zion benetako pertsona bat zela, eta ez makina bat.
- Aurten askotan hitz egin da elkarlaneko kontsumoaz, eta, behin baino gehiagotan Uber garraio-aplikazioaren harira, esaterako, ekainean, aplikazio horrek taxilarien protestak eragin zituenean Europako hainbat hiritan, edo abenduan Madrilgo merkataritza-arloko epaitegi batek Espainiar Estatu osorako debekatu zuenean. Frantziak ere abenduan iragarri zuen 2015etik aurrera galaraziko zuela Uber aplikazioa.
- Era berean, Euskaltzaindiak ilgora eta ilbeheraren adierak argitu zizkigun ekainean. Orain badakigu ez direla goranzko ilargia eta beherazko ilargia formekin nahasi behar.
- Handik egun gutxira, kontsumitzaileen lege berria indarrean sartu zen Hegoaldean. Besteak beste, kontratuetako letra txikiaren inguruko betebeharrak eta telefono bidezko merkataritza-jazarpena saihesteko neurriak ezartzen ditu lege horrek. Esaterako, telefono-deiak ezin dira, jada, goizeko 09:00ak baino lehen egin, ezta iluntzeko 21:00etik aurrera ere; ez eta jaiegunetan edo asteburuetan ere.
- Itxura batean pasakorragoak izango diren hitzak ere utzi dizkigu urteak. Esaterako, alkohol-kantitate handiak edaten dituztenen bideoak sarean jartzeari neknomination deitzen diotela irakurri genuen ekainean. Baina, zorionez, oraingoz bitxikerien ataleko albisteren bat edo beste idazteko baino hizpide gehiago ez du eman “joera” horrek.
- Underboob hitza ere bitxikerien artean jasota geratu zitzaigun ekainean, dirudienez, sare sozialetan bularren behealdea agerian utziz emakumeek beren buruaren argazkiak ateratzeari izen hori ematen zaio-eta.
- Penekini hitzak ere ez du bide handirik egin orain arte. Brasilen modan jarri delakoan, zenbait egunkarik tartetxo bat eskaini zioten udan gizonezkoen bainujantzi ezin motzago horri. Oraingoz, itxaron egin beharko, gure artean arrakastarik duen ala ez ikusteko.
- Munduko futbol-txapelketa zela-eta, Twitterrek bandera-itxurako traolak gaitu zituen lehen aldiz. Hashflag izena eman zieten traol-bandera horiei, eta puri-purian ibili omen ziren ekainean. Geroztik, ordea, ez dirudi oihartzun handirik izan dutenik.
- Hala eta guztiz ere, aurten lehen aldiz entzun ditugun hitzen artean ahaztu nahiko genukeen bat hautatzekotan, zalantzarik gabe, Mallorcako zenbait herri nazioartean ezagun egin omen zituen bar-mamading hura hautatuko genuke. Eta, jakina, ez soilik hitzaren osaera bera hizkuntzaren ikuspegitik zalantzazkoa delako. Albiste horren harira, uztailean jakin genuen Emakumearen Institutuak fiskaltzara jo zuela Mallorcako taberna haiek delituren bat egin ote zuten azter zezan.
- Sexu-kontuekin jarraituz, uztailaren 26an Angel Errok Berrian idatzitako testu baten bidez ikasi genuen omniboroekin sexu harremanik ez duten beganoak sexetarianoak direla. Sexu-harremanen bidez elkarri pasatako jariakinetan animalien arrastorik ez barneratzea omen da sexetariano izatearen funtsa.
- Hitz eta esamolde berriez gain, zigor-mota berri bat ere utzi digu 2014ak: hertsatze-zigorra. Espetxeratze-zigorraren neurri alternatibo hori sortu baitute aurten Frantzian. Eta halaxe jasota geratu da Euskaltermen.
- Irailean, labar-jauziak izan ziren hizpide Bilbon, Red Bull Cliff Diving World Series norgehiagoka egin baitzuten Guggenheim pareko Salbe zubian.
- Urriaren 5ean, bi hitz ibili ziren barra-barra, elkarren segidan, euskaldun askoren ahotan: erriatu aditza eta txikot izena. Aspaldidanik Hiztegi Batuan jasota zeuden arren, Kilometroetako leloan ikusi eta entzun zituen lehen aldiz batek baino gehiagok.
- Tamalez, Orion Kilometroen jaia ospatu zen egun berean, Zarautzen bi surflari nafar ito ziren. Haietako batek surf-ohola orkatilara lotzen zion soka apurtuta zuela jakin genuen gerora. Euskaltermen ohol-txikot forma proposatzen da aspaldidanik soka hori izendatzeko. Bistan denez, patuak txikot hitzari neurrigabeko protagonismoa eman zion egun hartan.
- Azaroaren 12ak beste hitz berri bat utzi zigun: kometaratzea. Lurreratu eta ilargiratu lehendik hiztegietan jasota zeuden, baina Philae moduluak 67P/Churyumov-Gerasimenko kometaren gainean lur hartu zuenean kometaratu aditz sortu berria ere jaso beharra nabarmendu zen. Geroztik, kometaratze sarrera Euskaltermen jasota dago.
- AEBko beste hainbat ohiturarekin gertatu zaigun bezala, ostiral beltza ere gureganatzen hasiak gara, eta aurten iaz baino denda gehiagok jaitsi zituzten prezioak azaroko laugarren ostiralean. Geroak erakutsiko digu krisiagatik heldu dioten saltzaileek ostiral beltzari, edo ekonomiak hobera egiten duenean ere jarraituko duten merkealdi berri hori eskaintzen.
- Abenduaren 8an, Frantziako 30 bat diputatuk iritzi-artikulu bat argitaratu zuten neke profesionala laneko gaixotasun gisa har zedin eskatuz. Aurten oihartzun handia izan duen arren, terminoa ez da berria gure artean. Euskaltermen neke profesionalaren sindromea proposatzen da 2012az geroztik frantseseko syndrome d’épuisement professionnel eta ingelesezko burnout syndrome ordainentzat.
- Urteak utzi dizkigun hitzen zerrenda hau amaitzeko, azken hilabeteotan mintzagai izan dugun zuzenbide-arloko termino bat aipatuko dugu, baina ez aurten sortua delako. Aitzitik, lehendik ere gure artean genuen justizia unibertsala hain unibertsala ez zela ikasi dugulako baizik. Etorkizunean ere berriro mintzagai badugu, aurten baino albiste hoberen bategatik izango ahal da, behintzat.
Beste albiste batzuk: