1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Agian 2018an ikasiko zenituen 20 hitz berri eta zahar

Agian 2018an ikasiko zenituen 20 hitz berri eta zahar

berriak, Urteko-hitzak, UZEI

Urte osoa pasatzen dugu guk hitzei erreparatuz, eta aurtengoan ere albiste izan diren gertakariei errepasoa egiteko moduko aukera eman digute denon ahotan ibili diren hitz batzuek: berriak edo berri-antzekoak dira batzuk, baina badira zaharrak ere, askok lehen aldiz aurten entzungo zituzten arren. 20 hitz hautatu ditugu guztira, eta horiexekin ekingo diogu 2018. ekarri digunaren laburpentxo honi.

 

1. Zerrendako lehen hitza ez da aurten asmatua, ezta hurrik eman ere. Urtea hasi berritan, urtarrilaren 3an hain zuzen ere, harridura dezente eragin zuen gure artean Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan Aitor Estebanek erabili zuen hitz batek: «jaurri» aditzak. Entzule gehienek ez zekiten ‘gobernatu’ esan nahi duela, ezta «Jaurlaritza» hitzak ere aditz hori duela oinarrian. Hala azaldu zuen, behintzat, Ibon Sarasolak hurrengo egunean Faktoria irratsaioan hitz horren erabileraz galdetu ziotenean.

 

2. Urtarrilean bertan beste hitz bat ikasteko aukera izan genuen gutako gehienok. Hondarribiko aireportuan 30 kilo «qat» atzeman zituztela entzun genuen albisteetan, eta albistean bertan droga horren inguruko azalpenak eman behar izan zituzten kazetariek, albistea behar bezala ulertuko ez zelakoan edo. Hala, azaldu ziguten Catha edulis landarearen hostoak mastekatuta kontsumitzen direla, eta mendekotasun handia sortzen dutela droga horren propietate psikotropikoen ondorioz.

 

3. Egun batzuk aurrerago, iragarpen bat egin ziguten Nafarroatik: «gastu-araua» 2018ko hiztegian Nafarroan sartuko zutela esan zuen Joxerra Senar kazetariak. Artean Cristobal Montoro zen Espainiako Ogasun ministroa, eta, delako arau hori 2013an indarrean sartu zen arren, 2017ko abenduan oharra igorri zion Montororen taldeak Nafarroako Gobernuari gastu-araua ez betetzeko zorian zegoela ohartarazteko.

 

4. Eta, nola ez! Urtero bezala, aurten ere izan dugu mendean behin bakarrik gertatzen diren fenomeno gogoangarri horietako bat. Aurtengoa «odolezko superilargi urdina» izan da. Esan zigutenez, duela 150 urte baino gehiago ez zuten bat egiten oraingo baldintza guztiek: Ilargia Lurretik bereziki gertu egotea (superilargia), hilabeteko bigarren ilbetea (urdina) eta tonu gorrixka (odolezkoa). Eta odolezko superilargi urdina gora, odolezko superilargi urdina behera ibili gintuzten egun batzuk, urtarrilaren 31ren inguruan. Nola ahaztu!

 

5. Dagoeneko ahaztu samarra daukagula ematen duen arren, otsailean Kataluniako gorabehera politikoen inguruan puri-purian ibili zen beste hitz berri bat: «Tabarnia», independentziaren aurkako batzuk satira gisa asmatu omen duten ustezko herrialde baten izena, alegia. Iaz hasi ginen hitz hori entzuten, baina aurten, Espainiako telebista publikoak Albert Boadella Tabarniako lehendakari gisa aurkeztu zuenean, inoiz izandako oihartzuna lortu zuen, bolada batean behintzat. Edonola ere, ez du ematen bide luzea egingo duenik kontzeptu horrek, oraingoz behintzat.

 

6. Batzuetan historia luzeko hitzak guztiz ezezagunak izan daitezke askorentzat albiste jakin batek denen ahotan jartzen dituen arte. Adibidez, gutako zenbatek genekien 2018a arte agente neurotoxikoen familia baten izena zela «novitxok»? Bada, martxoan,

Salisbury-n (Ingalaterra) novichok familiako agente neurotoxiko bat erabiliz egindako erasoaren ondoren termino hori eta Theresa May-k adierazitako susmoa (Errusiak deklaratu gabeko arma kimikoak izateari buruzkoa) bolo-bolo ibili ziren medioetan.

 

7. Aurten zeresan handia eman dute lanbide prekarioek. Horrela, zenbait banaketa-enpresarentzat lan egiten duten txirrindulari batzuk auzitara jo dute, eta Valentziako epaile batek lehen aldiz ebatzi du Glovo enpresarentzat lan egiten duten txirrindulariak langile autonomoak direla. Jakina da neoliberalek eufemismoak erabiltzen dituztela gaizki ordaindutako lanbide gogorrak erakargarriagoak egiteko: azken batean, denok dakigu bizikleta gainean mezulari-lanetan aritzea baino askoz ere modernoagoa dela (Hegoaldean) rider edo (Iparraldean) biker bat izatea.

 

8. Epaitegiak (eta kasu honetan auzitegiak) alde batera utzi gabe, «Manada» kasuaren epaia ezagutu zain geundenean, berriro hizpide izan genuen askorentzat berria zen termino bat: «debeku-errorea». Horrela esaten zaio «Zuzenbidearen kontrakoa dela jakin gabe» delitu bat egiteari, eta halaxe daukagu jasoa Euskalterm terminologia-bankuan ere. Horrela, apirilean, Nafarroako Probintzia Auzitegiak «debeku-errorea» oinarritzat hartuta «Manada» taldeko bost akusatuei zigor arinagoa jartzea erabaki zezakeenaren beldurra adierazi zuen biktimaren defentsak.

 

9. Maiatzean, berriz, harridura eragin zuen euskarak erdarari emandako hitz batek. Artean Espainiako Presidentea zen Mariano Rajoyk Albert Riverari deitu zion «aprobetxategi» deitu zion Kataluniari buruzko debatean.

 

10. Eta behin umorearen bidea hartuta, ezin aipatu gabe utzi maiatzean atentzioa eman zigun beste hitz bat: «izorraitz». Hizpidea bidea eman zuen, jakina, Hernaniko pilotalekuan pintatuta agertu zen hitz horrek, ustez, euskara ondo menderatzen zuen norbaitek idatzitakoa. Horrek ere ez dirudi bide luzea egingo duenik gure hiztegietan eta gramatiketan, oraingoz, behintzat.

 

11. Ekainean Osasunaren Mundu Erakundeak aldaketa bat iragarri zuen: transexualitatea nahasmendu psikologikoen zerrendatik atera eta «genero-inkongruentzia» gisa sailkatuko du aurrerantzean. Erabaki horrek ez ditu asebete giza eskubideen aldeko ekintzaileak, baina aurrerapausotzat hartu dute gehienek.

 

12. 2018. urteak ekarri dizkigun kirolaren munduko hitzen artetik «bideo-arbitro laguntzaile» («VAR») hautatu dugu. 2018ko munduko futbol-txapelketan lehen aldiz erabili den arbitraje-sistema berria izendatzen du termino horrek, eta dagoeneko badirudi bere bidetxoa egin duela zorioneko VAR horrek.

 

13. Bestalde, Frantzian 16 urteko gazteentzat «Zerbitzu Nazional Unibertsala» indarrean ezartzeko egitasmoak, Edouard Philippe lehen ministroak ekainaren amaieran aurkeztu zuenak, zeresana eman zuen ekainaren amaieran. Eta ez da harritzekoa, besteak beste, horretarako Frantziako konstituzioa aldatu beharko zutela esan baitzen orduan.

 

14. Eta konstituzioa aldatzen hasita, Espainiakoa ere alda daiteke, nonbait. Behintzat, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Berdintasuneko ministroak erreformaren alde zegoela esan zuen «urritu», «gutxitu» eta pertsonak izendatzeko gisa horretako bestelako hitz anakronikoak 1978ko Konstituziotik desagerrarazteko. Nork daki: desagerrarazten badituzte, agian jasoko ditugu hurrengo zerrendan.

15. Okerrak zuzentzea beti da aberasgarri. Eta horixe egin du aurten gure @zaldieroa maiteak. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak uztailean 189. araua kaleratu zuenetik Berriako zintetan zuzendua ageri da egilearen izena: @zaldieroa (artikulurik gabe). Izan ere, Euskaltzaindiaren arabera amerindiar buruzagien izenak “ez dira izengoitiak, benetako izenak baizik, itzuliak baina benetakoak […], beraz, ez dute artikulurik”.

 

16. Zaldieroaren izenak erakusten duenez, «a» soil batek garrantzi handia izan dezake. Eta ez hori bakarrik, gauzarik itxuraz ñimiñoenak ere herrialde baten osotasuna arriskuan jar dezake, dirudienez. Horrela, uztailaren amaieran Frantziak galarazi egin zuen haurrei zeinu diakritikodun izenak jartzea. Beraz, ñ-dun izenak jartzea galarazita egongo da Frantzian aurrerantzean: Begoña, Beñat, Garbiñe, Iñaki eta gisako izenak n-z idatzi beharko dituzte, gehienez ere, antza denez.

 

17. Gauza serioagoetara bueltatuz, «quasar» terminoa ezaguna genuen gutako askok, baina quasar-mota bat, «blazar» delakoa, zer den aurten jakin dugu, seguruenik, gehienok. Izan ere, 2017ko irailaren 22an Hego Poloan dagoen IceCube behatokian detektatu zuten energia handiko neutrino baten jatorria TXS 0506+056 blazarra zela ikusi zuten, eta hariari tiraka ohartu ziren 2014 eta 2015 urteetan IceCuben detektatu zituzten beste zenbaitek ere blazar horretan zutela jatorria. 2018ko uztailean Science aldizkarian gaiaren inguruan argitaratutako bi artikuluren ondorioz izan ziren mintzagai blazarrak.

 

18. «Erraberoa» ere ahotan ibili dugu aurten. Horren lekuko, zerrenda hauetan ia urtero aipatzen dugun Angel Erroren artikulua, Katalunian erraberoa saltzea onartu zutela-eta idatzitakoa. Jetzi berria den esnea da erraberoa, eta bere horretan, egosi gabe, eros daiteke orain Katalunian.

 

19 eta 20. Amaitzeko, eta urtea biribiltzeko, Euskaraldiari zor dizkiogun bi hitz zoragarri aipatuko ditugu: «ahobizi» eta «belarriprest». Euskaraldian rol horiek hartu ditugun gehienok ikusi ditugu hobekuntzarako aukera berriak gure eguneroko hizkuntza-ohiturei eta -dinamikei dagokienez. Eta, egia esan, ezusteko ahobiziak ere aurkitu izan ditugu gutxien esperotako lekuetan: esate baterako, Europako Terminologia Elkarteko (EAFT) lehendakari Henrik Nilsson suediarrak euskaraz harrigarriki ondo egin zuen bere sarrera-hitzaldiaren hasierako partea UZEIk EAFTrekin batera antolatutako terminologia-gailurraren sarrera-ekitaldian.

Beraz, biba zuek, ahobizi, belarriprest, eta Euskaraldiari babesa eman diozuen etxeko eta kanpoko gainerako lagun guztiak!

.