Konturatu orduko, urtea joan zaigu. Antzeko zerbait gertatzen zaigu urtero, 2014. urtean lehenengoz horrelako zerrenda bat osatu genuenetik. Egia da urte horiek guztiak ez direla berdinak izan, baina beti aurkitu dugu hitz berriak ikasteko eta ahaztuxeak genituen beste batzuk gogora ekartzeko aitzakia.
Tradizioari jarraikiz, hauek dira, modu bateko edo besteko oihartzuna izan dutelako, hautatu ditugun #2021ekoHitzak:
- MOMOTXORRO
Altsasutik Kapitoliora jauzi eginez, horrelaxe hasi genuen urtea. AEBko Kapitolioan indarrez sartu ziren urtarrilean Trumpen jarraitzaileak, gogoratuko duzunez. Haietako bat, ospetsuen egin zena, adar eta guzti apainduta zegoen. Bada, hari Altsasuko momotxorroen antza hartu zion zenbaitek, eta, noski, albistearen harira, barra-barra ibili zen momotxorro hitza sare sozialetan. Mundua Kapitoliora begira zegoen hartan, euskaldunok beste begirada batekin ikusi genuen adardun bitxi hura.
Hostia. Altsasuko momotxorroak kapitolioan pic.twitter.com/lvCuf5wjjB
— Aitor Agirrezabal (@aagirrezabal) January 6, 2021
- SALPA
Kapitolioan bakarrik ez, naturan ere gauza bitxiak ikusten dira! Hori pentsatuko zuten agian urtarrileko azken egunetan Donostiako Ondarreta hondartzan marmoka- edo plastiko-itxurako zerbait aurkitu zutenek. Zer izango, eta salpak! Aquariumeko adituek azaldu zutenez, marmokekin zerikusirik ez duen animalia bitxiak dira, nahiz eta gardenak eta likatsuak izan. Zuk ikusi duzu inoiz salparik? Irudi batean, sikiera?
- DEEPFAKE / FALTSUTZE SAKONA
Irudi batek mila hitzek batek baino gehiago balio duela esaten da. Kontua da batzuetan ikusten dugun hori ez dakigula egia edo gezurra den. Aurten bolo-bolo zabaldu diren bideo faltsu horiekin gertatzen den bezala: bai, deepfake edo faltsutze sakona erabiltzen duten horietakoa. Helen Mort idazleari eta Elisabet II.ari ere horrelako bideo faltsuak egin dizkiete aurten, baina gurean, besteak beste, Txirrita eta Elbira Zipitria «berpizteko» balio izan du teknologia horrek. Horretarako bakarrik erabiltzen badugu, hor nonbait.
Hau izango degu twitter. pic.twitter.com/CWzGOhslg2
— Unai Gaztelumendi (@ugaztelu) March 2, 2021
- TXORTAKETA
Jakina, irudiak manipulatuz sortutako albiste faltsuak gogora ekartzen hasita, ezin aipatu gabe utzi martxoan sare sozialetan hainbeste zabaldu zen «txortaketa masibo» hura. EiTBk berak oharra atera behar izan zuen gezurra agerian utzi, eta @ahoz_aho saioan txortaketa hitza erabili zutela ukatzeko. Gogoratzen?
#AlbisteFaltsuak #koronabirusak
Ez, ez da egia ETB1eko @ahoz_aho saioak "txortaketa" hitza erabili duelahttps://t.co/XplV6RInvy #COVID19 #Covid_19 #koronabirusarengezurrak
— EITB Albisteak (@eitbAlbisteak) March 2, 2021
- MOLAC
Albiste serioagoetara pasatuz, euskararentzat aurrerapausoa izan behar zuen bat iritsi zitzaigun apirilaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalak egun horretan onartu baitzuen Molac legea; bestela esanda, Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko legea. Baina kontuak ez zuen luze iraun. 60 diputatuk errekurtsoa aurkeztu ondoren, legearen zenbait artikulu Konstituzioaren aurkakoak zirela ebatzi zuen Kontseilu Konstituzionalak. Paul Molac politikari bretoiaren izena hartu zuen legeak, eta, handik hilabete batzuetara, urrian, auziaren nondik norakoak Molac beraren ahotik entzuteko aukera izan genuen, Euskaltzaindiak antolatu zuen jardunaldian hizlari aritu baitzen.
Imersio sistema eskola publikoan debekatzeko erabakia hartu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak, MOLAC hizkuntza guttituen aldeko legea ez osoki onartuz. Horrez gain, "ñ" bezalako keinuak ez dira estatu zibileko dokumentuetan erabiltzen ahalko. pic.twitter.com/wp7ZI8bz7P
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) May 21, 2021
- ZATZAIZKIT
Ez dakigu euskara edo bretoiera asko axola zaien helegitea aurkeztu zuten diputatuei, baina gogoan dugu apirileko azkenaldian nolako zeresana eman zuen sare sozialetan Iruñeko Udalak “zu zatzaizkit axola” lelopean sanferminak aurten ere ezingo zirela ospatu iragartzeko prestatu zuen bideoak. Aditz horrek ez du aitzakiarik, Sustatun gogoratu zuten bezala. “Zergatik dugu, beraz, zatzaizkit arrotz?” galdetu zuen biharamunean Blanca Urgellek bere zutabean.
Zu zatzaizkit axola: aditzak ez du okerrik https://t.co/TTe2LDEmep
— Sustatu Albisteak (@Sustatu) April 27, 2021
- INDARKERIA BIKARIOA
Emakumeen aurkako indarkeria ere ez zaigu arrotz, etengabea baita zoritxarrez. Emakumeari ahalik eta min handiena eragiteko seme-alaben aurka erabiltzen den indarkeria da indarkeria bikarioa. Muturreko kasuetan, seme-alabak erailtzen dituzte erasotzaile matxistek, emakumearen sufrimendua betikotzeko. Bada, askotan izan da hizpide aurten indarkeria-mota hori, besteak beste, Espainiako Kongresuak haurrak eta nerabeak babesteko protokolo berriak aurreikusten dituen legea onartu zuelako ekainean edo EUDELek azaroaren 25ean indarkeria hori hartu zuelako ardatz.
Asteartean onartu dute neurrien katalogoa. Salaketarik jarri ez duten emakumeei laguntzeko eta indarkeria bikarioaren biktimak diren haurrak babesteko protokoloak jarriko dira martxan.https://t.co/ztA1nrqOKH
— ARGIA (@argia) July 28, 2021
- GENERO-AUTODETERMINAZIOA
Berdintasuna babesteko legeekin jarraituz, sarri entzun dugu aurten genero-autodeterminazioa kontzeptua. Izan ere, horixe izan zuten eztabaidagai nagusia hilabete luzez Espainiako gobernuko kide diren alderdiek Trans legearen harira. Azkenean, adostasuna lortu ondoren, uztailean onartu zuen Ministroen Kontseiluak lege berria.
🔴 ANALISIA | @inigoaduriz: "Irene Montero ministroak adierazi du bere borondatea dela genero autodeterminazioa Gobernua prestatzen ari den trans legean sartzea. PSOEk ez du ordea hori begi onez ikusten".
👉 https://t.co/y0fuBg5WRO#Gakoak #GureBegiz pic.twitter.com/sahDdnoPLo
— Hamaika Telebista (@HamaikaTb) May 19, 2021
- PARRILLA
Horrela, ia oharkabean, uda iritsi zen. Eta, uda-giroarekin batera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren azken eguneraketa; harrezkero bisigua parrillan erretzen dugu euskaldunok, eta ez parrilan. Tira, bisigua edo, beganoa izanez gero, barazkiak, ohiturak ere aldatu egiten baitira.
Adi, oriotarrak! Bisigua «parrillan» erretzen da orain, eta ez «parrilan», lehen bezala.
Eztabaidak izan ditut horren kontura: «zergatik ‹parrila› baina ‹tortilla›?» galdetzen zidaten, eta ni, buruari hazka 🙁@plazaberri-ren errotak mantso ehotzen du, baina fin-fin 🙂 https://t.co/9D7voDXl63
— Jabier Zabaleta (@ja2er) July 22, 2021
- TAIKONAUTA
Lurrean ez ezik, espazioan ere aldatzen dira gauzak. Esate baterako, Txinako espazio-estazioan hiru hilabetez egon ondoren, Lurrera itzuli ziren aurten hiru astronauta, eta albiste horren harira ikasi genuen txinatarrek ‘astronauta’ adierazteko taikonauta hitza erabiltzen dutela. Lehendik «astronauta» hitza erabiltzen genuen (baita «kosmonauta» ere, bereziki errusiarrak –eta sobietarrak– izendatzeko). Bada, ematen duenez, taikonauta gero eta gehiago erabiliko dugu aurrerantzean. Ezin uka mundua aldatzen ari dela.
Gaurko zinta @berria n, Taikonauta da Bidea. pic.twitter.com/ByGVD7HECx
— P. Huarte Larraburu (@zaldieroa) July 21, 2021
- NEGAZIONISTA
Eta gauzak ukatzeaz ari garen honetan, ukatzaileak nonahi izan ditugu aurten. Felix Zubia mediku eta bertsozaleak abuztuan bertsotan erantzun zion Xabier Silveira bertsolariari, Silveirak «txakurra» deitu ziola eta. Negazionista batzuek ere ospitaleratu behar izan dutela kantatu zuen Zubiak, eta arnasa falta zaienean ederki umiltzen direla. Bertso horietan ez ezik, bateko pandemia eta besteko klima-larrialdia ukatzen dutenen harira, ez dugu gutxitan entzun hitz hori azkenaldian.
Bertsotan erantzun dio Felix Zubiak 'txakurra' deitu zion bertsolariari⬇ https://t.co/srSjwsHUOd
— El Diario Vasco (@diariovasco) August 13, 2021
- APAEPEKA
Hurrengo hau ez dugu beharbada hainbeste erabili. Izan ere, zuk badakizu zer den apaepeka? Ez da hitz berria, inondik ere, baina ‘euskaldun batzuek baliatu izan duten sekretuzko hizkera’ hori albiste izan da aurten. Horrela jakin genuen irailean, Iker Baionako hizkuntzalaritza-zentroan apaepeka aztertu nahi dutela, eta deia zabaldu dutela oraindik erabiltzen duten euskaldunak grabatzeko. Agian hizkera hori biziberritzeko ere balioko du ekimenak. Nork jakin.
Iker Baionako hizkuntzlaritza zentroak "Apaepeka" hizkera ikertu nahi du euskararen egitura barnatzeko. Baina zer da "Apaepeka" mintzamoldea?https://t.co/BfYTSMmPHJ@berria pic.twitter.com/h54V8RwIda
— Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) September 10, 2021
- KOLADA
Inolako zalantzarik gabe, aurten biziberritu dena Kanarietako Cumbre Vieja sumendia izan da. Irailean hasitako erupzioaren albisteekin, bolkanismoei buruzko termino ugari ikasi edo freskatu ditugu. Beste askoren artean, guk honako hau aukeratu dugu: laba-kolada.
🌋 «Laba-kolada» eta «laba-fluxu», sinonimo gisa, proposatu ditu Euskaltzaindiaren Lurraren Zientzien Oinarrizko Lexikoak: https://t.co/G6MLY1Jhg7#euskara #hiztegia #ekinetajarrai #Euskaltzaindia @UZEI_-rekin lankidetzan.@Irakasbil @AEK_eus @IKASBIL_HABE @ElhuyarHizk @IVAP_eus pic.twitter.com/lJHUNsvSi6
— Euskaltzaindia (@plazaberri) November 18, 2021
- URRITASUNA
Urria ere iritsi zitzaigun halako batean eta, hilabete horren etimologiarekin bat eginez edo, urritasunaz idatzi zuen Anjel Errok bere zutabeetako batean. Aurtengo hitza izango zela susmatzen hasia zen ordurako, bateko Suezko kanala blokeatu zuen kontainer-ontzia eta besteko brexitaren ondoriozko hornikuntza-arazoak, urritasunak ugari izan baititugu azken hilabeteotan. Egia berdaderoa!
✍️ 'Urteko hitza', @angelerro-ren #Jira zutabea. Irakurri osorik webgunean:https://t.co/V2ydgUBqw1 pic.twitter.com/Fis9sz0PPv
— Berria.eus (@berria) October 26, 2021
- META
Halere, dena ez da eskasia izan aurten, ez eta albiste txar ere. Pentsa, Zuckerbergek zer eta euskarazko izena jarri omen dio Facebooki! Txantxa ez da gurea, e! Bai, Facebook konpainiak izena aldatu du, eta Meta deitzen da orain, metabertsoan zentratzeko, diotenez. Baina metabertso horiek zer diren argitzea, beste baterako!
Hau da hau! Hemen dena Basque Shitty Branding denean, Zuckerbergek zer eta euskarazko izena jarri Facebooki!https://t.co/ahaUBgCkxy
— Edu Lartzanguren (@edulartzanguren) October 29, 2021
- EKOZIDIO
Zer den argitzen, edo, hobeto esanda, ekozidioa juridikoki definitzen dabil azkenaldian nazioarteko legelari-talde bat, Nazioarteko Zigor Auzitegiak delitutzat har dezan. Gutxi gorabehera, ‘ingurumenari kalte handiak eta iraunkorrak eragiten dizkion legez kanpoko ekintza arbitrarioa’ omen da ekozidioa. Klima-larrialdiarekin gero eta garrantzi handiagoa izango duenez, dagoeneko zenbait legetan sartu da kontzeptu hori. Esate baterako, Frantzian aurten onartu den Klimaren eta Erresilientziaren legeak 10 urte arteko espetxe-zigorra aurreikusten du ekozidio delitua egiten duenarentzat. Itzalean egoteko ez da gutxi.
Ekozidioa: XXI. menderako delitu berria https://t.co/8yaUkJvtTB pic.twitter.com/ValSou8710
— Euskadi Irratia (@euskadi_irratia) August 3, 2021
- ITZALALDIA
Eta, urteko errepaso honetan, nola ahaztu argindarraren prezioarekin ibili ditugun gorabeherak! Bestela ere, jakingo duzu inoiz baino garestiago ordaintzen dugula orain elektrizitatea, eta, hori aski ez balitz, Austriako defentsa-ministroak azaroan zer esango, eta Europan itzalaldi elektriko handi bat gerta daitekeela. Ezinbestean, albisteak kezka eragin zuen, eta, Euskal Herriko burdindegietan kanpinetako su txikiak, linternak eta pilak agortzen hasi ziren, nonbait.
Energia itzalaldia mintzagai izan du Txisko Asensiok, gure Eskolako irakasle eta zuzendariordeak, @faktoriaEITB-n.
Txisko Asensio, profesor y subdirector de nuestra Escuela, ha hablado sobre el apagón energético o #blackout en el programa #faktoria de @euskadi_irratia
👇 https://t.co/BbpkuS5kf0— Escuela de Ingeniería de Gipuzkoa – Eibar (@gie_eibar) November 8, 2021
- ALDAERA
Honezkero esan duzu hainbeste hitzen artean pandemiari buruzkoei ez diegula leku handirik egin, ezta? Baina ez pentsa horregatik sartu dugunik zerrendako azken hitza: aldaera. Ez, kontua da horixe aukeratu dugula abenduan, Euskaltzaindiarekin batera, 2021eko hitz gisa. Inor ez mintzeko letra grekoz izendatu dituzten aldaera berri horiek guztiak ahotan ibili ditugu urte osoan zehar; badakizu: alfa, beta, delta… omikron. Hementxe duzu urteko hitz gisa hautatzeko arrazoien inguruko azalpen zabalagoa, nahi izanez gero.
‼️Euskaltzaindiak eta @UZEI_ k 2021eko hitza aukeratu dute: «aldaera»: https://t.co/UDAjGlpyUZ
Lehen aldiz hautatu dute urteko hitza Euskaltzaindiak eta haren erakunde atxikia den UZEIk#ekinetajarrai @naiz_info @berria @EiTBKultura @deia_eus @elcorreo_com @diariovasco @AEK_eus pic.twitter.com/8tADkPP2g0— Euskaltzaindia (@plazaberri) December 17, 2021
Eta adinean aurrera egin ahala atzera begira jartzen diren horietakoa bazara (guri ez zaigu halakorik gertatzen, gazte-gazteak gara eta!), hemen bildu ditugu azken urteotan metatu ditugun hitz-sortak: