1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. UZEIk garatutako terminologia-baliabideak hizpide Bukaresten egindako terminologia-jardunaldian

UZEIk garatutako terminologia-baliabideak hizpide Bukaresten egindako terminologia-jardunaldian

berriak, Terminologia, UZEI

Terminology & Translation: Terms of Environment/ Environment of Terms nazioarteko terminologia-jardunaldia antolatu zuen Bukaresteko Unibertsitateak azaroaren 13an eta 14an.

Jardunaldiaren gaiak bi ardatza nagusi izan zituen: batetik, ingurumenaren terminologia eta, bestetik, terminoen ingurumena, hau da, ingurumenarekiko loturaz harago joanda, espezializazio-testua terminoen «ingurune» gisa, eta haren itzulpena.

Bai UZEI bai Kataluniako Termcat terminologia-zentroak erreferentziazkoak direnez, jardunaldi horretan beren baliabideak eta zerbitzuak aurkezteko gonbita jaso zuten.

UZEIren 40 urtetako ibilbideak interesa eragiten du, antza, terminologia-zentroak garatzeko bidean dauden lekuetan. UZEIren aurkezpena amaitutakoan galdera gehien eragin zituena IDITE lexiko-egiaztatzaile profesionala izan zen, terminoen egokitasunaren arloan ekarpenak egin ditzaketen tresnek interes handia sortzen baitute.

Jardunaldiarekin batera, 14an EAFT Europako Terminologia Elkarteak Batzar Orokorra egin zuen Bukaresten bertan. Batzar horren gai nagusia EAFTek 2018an antolatuko duen nazioarteko terminologia-gailurra izan zen. Bi proposamen zeuden mahai gainean: bata, Dublinen antolatzekoa, eta, bestea, Donostian antolatzekoa. UZEIren proposamenak egin zuen aurrera, eta, ondorioz, 2018ko azaroan Donostian egingo da, UZEIk antolatuta, EAFTeko nazioarteko terminologia-gailurra, Making, Managing, Measuring Terminology lelopean.