2019-12-04an argitaratua
Hiztegigintzan UZEIk eta Labayru Fundazioak lankidetzan aritzeko duten borondatearen emaitza da bi erakundeon hiztegiak lehenengo aldiz lotzen dituen funtzionalitate hau.
Euskarazko hiztegi-sarrera bakoitzari botoi bat gehitu zaio Sinonimoen Hiztegian, kasuan kasuko gaztelaniazko ordaina Labayru Hiztegian erraz kontsultatzeko aukera ematen duena.
Proiektuaren nondik norakoa
UZEIren Sinonimoen Hiztegia elebakarra da (euskara hutsean dago), eta 26.000 sarrera sinonimodun inguru ditu. Ez da definiziodun hiztegia, nahiz eta sarrera batzuk ohar semantikoren bat izan (gaur egun kategoria gramatikalaren, erabilera-erregistroaren eta euskalkiaren markak ere badituzte hiztegiko sarrerek). Jakina denez, gainera, euskarazko hitz guztiek ez dute sinonimorik, eta askotan hiztun arruntarentzat ezezaguna izan daitekeen hitz baten sinonimoak ere ez du zertan argitu haren esanahia.
Adibidez, norbaitek ez badaki zer esan nahi duen «zalu» aditzondoak, ez dio asko lagunduko «zaluki» eta «zalurik» sinonimoak direla jakiteak. Eta «zalu» sarrerak 2 sinonimo horiek baizik ez ditu hiztegian. Hiztegiko sarrera bakoitzaren ondoan gehitu berri den «ES» botoian klik eginez gero, ordea, leiho berri bat zabalduko da, Labayru Hiztegian «zalu» sarrerak dituen erdal ordainekin, eta, horien artean, «pronto» eta «rápidamente» aditzondoak aurkituko ditu horren beharra duen erabiltzaileak.
Eusko Jaurlaritzaren babesa
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa jaso du proiektuak, Euskara Ingurune Digitalean deialdiaren bidez.