Euskaltzaindiak bere 100. urteurreneko ospakizunen artean, XVII. Nazioarteko biltzarra egin berri du Arantzazun. Gainera, euskara batuaren sorreratik 50 urte igaro dira, eta urteotan egindako ibilbidea eta etorkizuneko erronkak aztertzen aritu ziren euskalgintzako hainbat eragile urriaren 4tik 6ra bitartean jardunaldi horietan. UZEIko lankideek hiru aurkezpen egin zituzten biltzarrean.
Batetik, gure lankide eta euskaltzain oso Miriam Urkia Euskaltzaindiaren izenean aritu zen urriaren 4an “Euskara batua eta hiztegigintza” izeneko hitzaldiarekin. Bertan azaldu zituen urteotako hiztegigintzaren nondik norakoak xehetasun ugariz eta Euskaltzaindiaren Hiztegia egiteko lan-prozedura.
Arratsaldean, Lexikografia saileko Ainhoa Arregi euskaltzain urgazleak hitzaldia eman zuen “Euskara batuaren etorkizuneko erronkak ingurune digitalean” izeneko atalean. Garatutako baliabideen eta tresnen ezarpena eta zabalkundea hobetzea, etorkizuneko lehentasunak markatzea eta koordinazioren beharra azpimarratu zituen.
Urriaren 5ean Iker Etxebeste UZEIko Terminologiako saileko buruak “Euskara batuaren hitz berriak: erabileratik estandarizaziorako bideak” komunikazioa aurkeztu zuen. Terminologian ere adostasunaren eta konbergentziaren beharra zein Terminometriari behar bezala heltzearen premia azpimarratu zituen.
Azkenik, gure lehendakari Jon Etxabek sinatu zuen UZEIren izenean Joan Mari Torrealdai euskaltzainak irakurri zuen Euskara batuaren adierazpena, Euskaltzaindiak euskal gizarteari aurkeztu ziona.
Horiez gain, UZEIko hainbat lankide ere bertaratu ziren, jardunaldietan zehar entzun ziren ekarpenak ondo gogoan hartzeko.
Hona hemen, kronologikoki, gure lankideek egindako aurkezpenen bideoak eta adierazpena sinatzeko unearena:
Miriam Urkia – Euskara batua eta hiztegigintza (2018-10-04)
Ainhoa Arregi – Bidean ikasitakoarekin etorkizuneko erronkei aurre egiten (2018-10-04)
Iker Etxebeste – Euskara batuaren hitz berriak (2018-10-05)
«Euskara Batuaren adierazpena»: UZEIren izenean Jon Etxabe lehendakariak sinatu zuen Arantzazun