1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Terminologiarako Europako Elkartearen hurrengo erronkak zehazteko bileran izan da UZEI

Terminologiarako Europako Elkartearen hurrengo erronkak zehazteko bileran izan da UZEI

berriak, Terminologia, UZEI

2017-03-27an argitaratua

EAFT Terminologiarako Europako Elkartearen zuzendaritza-taldeak bilera egin du martxoaren 27an Bartzelonan. UZEI EAFTren zuzendaritzako kide da 2016. urtetik, eta zuzendaritza-bileran izan da UZEIko Imanol Urbieta.

EAFTk Bartzelonan egin berri duen urteko bileraren bi helburu nagusiak batzorde betearazlea formalki osatzea eta hurrengo Nazioarteko Terminologia Gailurra zein lekutan egingo den erabakitzea izan dira.
Beste gai batzuk ere aztertu dira bileran, hala ere. Esate baterako, Terminologiarako Europako Elkarteak bi urtean behin ematen dituen Nazioarteko Terminologia Sarien araudi berria, Europako hizkuntza-aniztasuna, 2017. urtean terminologiaren esparruan izan diren gertakizun garrantzitsuenak eta urteko batzarraren plangintza.

Irabazi-asmorik gabeko erakunde profesionala da EAFT, eta helburu nagusi hauek ditu:

  1. Eleaniztasuna sustatzea terminologiaren bitartez.
  2. Europa mailako plataforma bat eskaintzea jarduera terminologikoa sustatzeko eta profesionalizatzeko, eta gizartea jarduera horren garrantziaz jabetzeko.
  3. Terminologiaren esparruko erakundeen, elkarteen eta bestelako entitateen arteko elkarlana erraztea.