title

Nolakoa izango da etorkizuneko terminologia?

Terminologiaren iraganari eta etorkizunari buruzko gogoeta-saioan parte hartu zuen UZEIk Terminologiarako Europako Elkartearen 2016ko gailurrean

 

Terminologiarako Europako Elkarteak (EAFT) 2016ko gailurra egin zuen Luxenburgon joan den azaroaren 14an eta 15ean, Europako Parlamentuaren Schuman hemiziklo historikoan, Europako Parlamentuaren Terminologia Koordinaziorako Unitatearen (TermCoord) gonbidapenari erantzunez.

Terminologiarako Europako Elkarteak 2016 urtean 20 urte bete dituela baliatuta, terminologiaren etorkizunari buruzko ikuspegiak planteatzea eta terminologiaren iragana berrikustea izan ziren gailur horren helburu nagusiak.

UZEI Terminologiarako Europako Elkarteko kide da erakundearen lehen garaietatik, eta gailurrean izan zen, ohi bezala. UZEIk terminoak egiaztatzeko garatu duen IDITE tresna aurkeztu zuen bertan, eta terminometriari buruz duen ikuspegia azaldu zuen. Bai batak, bai besteak interesa piztu zuten bertaratuen artean.

eaft-2016_3

 

Teknologia, aldaketa-iturri

Gailurrean aipatutakoak laburbiltzeko, esango genuke terminologian lan egiteko modua nabarmen aldatu dela azken 20 urteotan, teknologia berrien ondorioz nagusiki. Gaur egun terminologia-lanerako eskuragarri dauden baliabideen ondorioz (termino-erauzleak, corpusak, hiztegiak eta euskarri berriak, besteak beste) terminologia-lanaren erritmoa nabarmen azkartu da, eta terminologoek izan beharreko gaitasunak ere asko aldatu dira.

Izan ere, gaur egungo terminologoek teknologia eta euskarri berriak erabiltzeko gai izan behar dute hizkuntzari eta landutako gaiari buruzko ezagutza izateaz gain. Gainera, bezeroen beharrei egokitzen zaizkien gaitasunak ere izan behar dituzte, baita testuinguru globalera egokitzeko baliagarriak zaizkienak ere. Ondorioz, oso garrantzitsua da terminologia-lana elkarlanean egitea, diziplina anitzeko taldeetan antolatuta.

Lana elkarlanean egitea errazteko sortu dute, hain zuzen, berariazko plataforma bat IATEk eta Eurtermek. Gailurrean plataforma hori aurkeztu zuten bi erakunde horietako arduradunek.

 

Sare sozialak terminologiaren zerbitzura

Bestalde, sare sozialak ere hizpide izan ziren gailurrean, nola ez. Batetik, Termcateko ordezkariek sare sozialak terminoak hedatzeko tresna egokia izan daitezkeela nabarmendu zuten, eta hori modu egokian egiteko zenbait jarraibide eman zituzten, Termcaten beraren esperientzian oinarrituta. Bestetik, sare sozialak “komunitate-neologismo”ak sortzeko baliagarriak izan daitezkeen arren, horrela sortutako neologismoen kasuan terminoak balidatzerakoan kalitatea bermatzeko arazoak sortzen direla ere nabarmendu zuen Genovako Unibertsitateko Micaela Rossi irakasleak.

Bestalde, datu-base terminologikoen elkarreragingarritasuna (“interoperability” ingelesez) ere hizpide izan zen gailurrean. Gaur egun esparru horretan erabiltzen diren estandarrak aipatu ziren, eta horiei buruzko gogoeta egin zen. Gai horren inguruan estrategia bat dagoen arren, helburuak lortzea urrun geratzen da oraindik.

EAFT Summit 2016 biltzarra

EAFT elkarteak zuzendaritza berria

Gailurrean EAFT elkartearen urteko Batzar Orokorra ere egin zen, eta zuzendaritza berriaren kideak hautatzeari ekin zitzaion. Batzar Orokorrera bertaratuek EAFTen zuzendaritzan sartzeko erakutsitako interesa elkartearen osasun onaren erakusgarri dela nabarmenduko genuke. Hauek dira batzar horretan osatutako zuzendaritza berriaren kideak:

  • Henrik Nilsson, lehendakaria (Terminologicentrum TNC, Suedia)
  • Eszter Papp, lehendakariordea (Karoli Gaspar Unibertsitatea, Hungaria)
  • Sandra Cuadrado, idazkaritza eta diruzaintza (Termcat, Katalunia)
  • Ana Ostroški (Kroaziar Hizkuntza eta Linguistika Institutua, Kroazia)
  • Imanol Urbieta (UZEI, Euskal Herria)
  • Anca Velicu (Bukaresteko Unibertsitatea, Errumania)
  • Tegau Andrews (Bangor-eko Unibertsitatea, Gales)

 

✍ Begoña Arrate

 

 

 

 

2016-12-27an argitaratua.

No Comment

Post A Comment