1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. #LarretikNoranahi: euskara noranahi eramaten lagundu zutenei omenaldia

#LarretikNoranahi: euskara noranahi eramaten lagundu zutenei omenaldia

berriak, UZEI

Euskarari bide egitea, hori izan da UZEIren asmoa eta egitekoa sortu zenetik bertatik. Ahalegin horretan saiatzen gara egunez egun, gure aurrekoak saiatu ziren bezala; eta saiatze horretan 40 urte beteko ditugu laster.

Urteurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatuko ditugu datozen hilabeteetan eta, horien artean, lehena, datorren azaroaren 27an egingo dugun omenaldi-ekitaldia izango da: euskara noranahi eramaten lagundu zuten euskaltzaleak gogoratuko ditugu esker onez eta maitasun osoz prestatu dugun ekitaldi xume batean.

Bertan ikusiko da lehen aldiz berariaz ekitaldi honetarako UZEIk ekoitzi duen #LarretikNoranahi izeneko dokumentala, lehen hiztegi teknikoak egiten aritu ziren hainbat lankideren lekukotasunak biltzen dituena.

Dokumentala ikustearekin batera solasaldi labur bat egingo da, hizlari hauekin:

:: Joseba Intxausti, UZEIko lehen zuzendaria.
:: Jon Etxabe, UZEIko lehendakaria.
:: Nekane San Miguel, epailea eta UZEIko lankidea.
:: Lorea Agirre, Jakineko zuzendaria.

Ondoren ahogozagarri bat eskainiko da Kaxilda liburu-dendan (Arroka kalea, 2. Donostia).

NON: KM kulturunea, Urdaneta, 9.
NOIZ: Azaroak 27, astelehena.
ORDUA: 18:30

Ekitaldia behar bezala antolatzeko, etortzekoa zaren lehenbailehen jakinaraztea eskertuko genizuke inprimaki hau betez.