1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Hobelex zuzentzaile automatikoa, Microsoft Officeren bertsio berrienarentzat egokitutako euskarazko lehen zuzentzailea

Hobelex zuzentzaile automatikoa, Microsoft Officeren bertsio berrienarentzat egokitutako euskarazko lehen zuzentzailea

berriak, UZEI, Zuzentzailea
:: Microsoft Office 2016rako prestatu du UZEIk Hobelex zuzentzailea
:: Euskaltzaindiak martxoan argitaratuko azken arauaren informazioarekin eguneratua dago bertsio berria

 

2018-04-18an argitaratua

2014an plazaratu zuen UZEIk Hobelex, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea. Geroztik, euskaldun ugarik erabili dute akats ortografikoez gain akats lexikoak ere detektatzen dituen zuzentzailea, sistema eragile eta testu-prozesadore desberdinetarako doan eskaintzen dena.

Orain sarean jarritako bertsioa azken urteotan erabiltzaileek izan duten hutsune bat betetzera dator, ordea: orain arte, Microsoft Office 2013 bertsioa arte zegoen prestatua Hobelex, eta, beraz, Microsoften bulegotika-paketearen bertsio berriagoetan ezin zen instalatu.

 

Hemen da Microsoft Office 2016rako egokitutako euskarazko lehen zuzentzailea. Eguneratua, doakoa!

Microsoft Officeren bertsio berrienean instala daitekeen euskarazko lehen zuzentzailea

Hemendik aurrera, hori ez da horrela izango: PCetarako bertsio egonkor berrienean ere (alegia, Office 2016 bertsioan) erabili ahal izango da Hobelex. Gero eta gehiago dira azken urteotan bertsio hori erabiltzen hasi diren euskaldunak, beste arrazoi batzuen artean, gaur egun salgai dauden ordenagailu gehienetan horixe baitator aurrez instalatua. Behar hori betetzeko asmoz garatu du UZEIk, beraz, Hobelexen bertsio berria.

Gainera, bertsio horretan erabil daitekeen euskarazko zuzentzaile bakarra da oraingoz Hobelex. Aurrerapauso garrantzitsua da, oraindik orain Word, Excel eta beste programa ezagun batzuk barne hartzen dituen Microsoft Office delako, seguruenik, bulegotika-paketerik ezagunena jende askorentzat.

Deskargatu Hobelex Microsoft 2016rako
Deskargatu Hobelex

 

Ordenagailu berrienetan, bai. Baina azken arau eta gomendioekin eguneratua: nola bestela?

 

Zuzentzailea ordenagailu berrienetan erabili ahal izatea garrantzitsua da, noski. Baina hori baino garrantzitsuagoa da zuzentzaileak ematen duen informazioa egokia eta eguneratua izatea.

Euskara hizkuntza bizia da, eta etengabe egokitu behar du eguneroko beharretara eta aldaketatara. Horregatik, beti bezala, azken-azkeneko arauekin eta gomendioekin eguneratua dago Hobelexen bertsio berria ere.

Horrela, Euskaltzaindiak martxoaren 28an argitaratu zuen 186. arauan jasotako informazio lexikoarekin osatu dugu Hobelexek oinarritzat erabiltzen duen euLEX euskararen datu-base lexikala. 154.000 sarreratik gora ditu euLEXek, eta egunez egun elikatzen eta osatzen du UZEIko Lexikografia Saileko lantaldeak; ez da, beraz, nolanahiko oinarria. Hori dela-eta, Hobelexen erabiltzaileak ziur egon daitezke zuzentzaileak ahalik eta gomendio zein proposamen egokienak egiten dituela.

Hobelex Microsoft Office 2016ra egokitutako bertsioaren instalatzailea garatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Politika Sailaren babesa izan du UZEIk.

 

Aukera ugari Hobelex erabiltzeko

Orain arteko bertsioak bezala, www.hobelex.eus helbidean eskura daiteke plugin berria. Plugina instalatzeko jarraibideak eta argibide zehatzagoak eskuliburu berrituan aurkituko dituzue.

Microsoft Officen soilik ez, LibreOffice bulegotika-paketearekin ere erabil daiteke Hobelex, baita UZEIren webgunean dagoen online bertsioan ere. Hona hemen bertsio-aukera biltzen duen taula:

Hobelex zuzentzaile eguneratua

IDITE lexiko-egiaztatzaile profesionala ere eguneratu du UZEIk

Hobelex berritzearekin batera, UZEIk garatua duen lexiko-egiaztatzaile profesionala ere, IDITE izenekoa, eguneratua eskaintzen da gaurtik aurrera. Erabilera profesionalerako diseinatutako tresna horrek testu-masa handiak aztertzen ditu, eta lexiko orokorraz gain, terminologia ere kontuan hartzen du, edozein mailatako testuak egiaztatzeko gauza baita. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak IDITE aukeratua du bere lanen arauekiko adostasuna egiaztatzeko. Berria egunkariak ere IDITE erabiltzen du euskarazko lexikoaren erabilera zuzena egiaztatzeko.