Hobelex euskararako lehen lexiko-zuzentzailea da, Microsoft Office-n erabil daitekeena; euskaraz akats ortografikorik gabe eta, gainera, lexiko zuzen eta eguneratuarekin idazten laguntzen duen tresna.
Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak eta irizpideak dira Hobelexen zuzenketa-proposamenen oinarri nagusiak.
Euskararen normalizaziorako ezinbesteko tresna
Hutsune bat betetzera dator. Orain arte akats ortografikorik gabe idaztea bakarrik bermatu dute zuzentzaileek, baina hori ez da nahikoa: zuzentzaile ortografikoa motz geratzen da. HOBETO idaztea da kontua. Eta, beraz, ezinbestekoa da lexikoa ere zuzentzen duen tresna bat euskara batuaren arauei jarraituz idatzi nahi duen edonorentzat.
Ezaugarriak
- Euskaraz idazten duen edonorentzat da Hobelex. Baldintza bakarra PCetarako Microsoft Office izatea da, eta euskaraz ongi idazteko beharra edota borondatea.
- Word testu-editorean eta Microsoft Office-ko beste programetan erabil daiteke plugin hau.
- Microsoft Office 2003 edo berriagoa eduki behar da, bertsio hauetarako egokituta baitago: Microsoft Office 2003, Office 2007, Office 2010 eta Office 2013.
- Idatzi ahala egiten ditu proposamenak: erabiltzailea idazten ari den bitartean, zuzentzaileak testuko hitzak egiaztatzen ditu, eta “zuzenak” ez direnak edo hobetu daitezkeenak azpimarratzen ditu.
- Oso erraz instalatzen da: ez da ezagutza informatikorik behar plugina instalatzeko.
- Doakoa da eta edonork eskura dezake www.hobelex.eus helbidetik.
- Etengabe eguneratzen da:
- Hizkuntza-arauak osatu egiten dira etengabe. Hobelexen zuzenketen egokitasuna une oro bermatzeko, etengabe (alegia, egunez egun) eguneratzen da zuzentzailearen atzean dagoen informazio linguistikoa.
- Eta ez hori bakarrik: eguneroko lanean behar ditugun berehalako hitz asko ez daude iturri arautzaile horietan jasoak, baina erabiltzaileak berehalako erantzuna behar du. Horri erantzuna emateko egunero arakatzen ditugu euskaraz argitaratzen direnak, komunikabideetako artikuluak eta bestelakoak, eta proposamen berriak gehitzen ditugu gure datu-basean, ahalik eta estaldura handiena eskaintzeko, betiere erakunde arauemaileen irizpideen argitan.
Adibidez, ebola hitza ezinbestekoa du gaur edozein komunikabidek, baina forma hori ez dago arautua (hiztegi erabilienek ere ez dute oraindik jaso). Bada, sartu egin dugu gure datu-basean. Eta Ukraina inguruko hainbat hiri eta politikari ere jaso behar izan dugu.
- Hiztegi pertsonalak sortzeko aukera: norberak bere hiztegi pertsonala gehi dezake Hobelex bere behar berezietarako egokitzeko.
Hobelex-en oinarria
117.806 sarrerako datu-basea
Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen arauak jaso eta irizpideak jarraitzen dituen datu-basea, hizkuntzaren tratamendu automatikorako antolatuta dagoena, erabiltzen du Hobelexek. Informazio hori baliatuz, forma zuzenak ezagutzeaz gain, zuzentzekoak eta hobetzekoak ere proposatzen ditu.
Gainera, balio erantsi handi bat dauka Hobelexek: erakunde arauemaileek jaso ez dituzten milaka izen propio, laburtzapen eta abar erabiltzen ditu. Edozein arlotako izen propioak erabiltzen dira egunero idatzietan, eta horiek ere ezagutu egin behar ditu zuzentzaile batek. Adibidez, aurten Boko Haram talde islamista armatua ezagutu dugu, Cata enpresa geurera etorri da, eta Xakhtar Donetsk futbol-taldearen kontra aritu da Athletic. Horiek guztiak komunikabideetan azaldu dira, euskaraz eta Hobelexek ezagutu egiten ditu.
Ingeniaritza linguistikoa gizartearen zerbitzura
Hobelex urte askotako lanaren ondorioa da. Zuzentzaile hau garatu ahal izateko, euskararen tratamendu automatikorako ezinbestekoak diren hainbat baliabide eta tresna garatu behar izan ditu UZEIk lehenago (lexikoia, lematizatzailea, etab.).
UZEI irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta hasieratik izan du gizarteari zerbitzua emateko bokazioa. Filosofia horrek bultzatu du Hobelex edonoren eskura doan jartzera, euskararen normalizaziorako oinarrizko tresna baita. Azpimarratzekoa da Laboral Kutxak proiektu honi eman dion babesa.
Ildo horretatik jarraituko du UZEIk Hobelex hobetzen eta kode irekiko testu-editoreetarako eta beste sistema eragileetarako ere egokitzen.
Zer egiten du Hobelex-ek?
Erabiltzailea idazten ari den bitartean, zuzentzaileak testuko hitzak egiaztatzen ditu, eta “zuzenak” ez direnak azpimarratu egiten ditu.
Zer da zehazki azpimarratzen duena?
- Azpimarra gorria. Honek hiru gauza adierazten ditu:
- akats ortografikoa, errata: *erabakki, adibidez, erabaki forma egokiaren ordez; edo *eritzaintza forma akastuna, ertzaintza edo erizaintza idatzi nahi izanda.
- erabili behar ez den forma okerra, hau da, Euskaltzaindiaren arabera baztertutako forma bat: *aseguru-konpainia, adibidez, aseguru-etxe forma egokiaren lekuan, Euskaltzaindiaren 121. arauak dioen moduan.
- hiztegian jaso ez den forma ezezaguna: bioestratinomia gisako termino oso berezia, adibidez.
- Azpimarra berdea (edo urdina, MS Office bertsioaren arabera). Berdez ageri den forma ez da, berez, okerra, baina badu forma hobetsia markatua arauetan. Adibidez, pelikula baino egokiagoa da film hitza euskaraz, Euskaltzaindiaren 97. arauak jasotzen duenez.
Beraz, forma “okerrak” eta “ez hain onak” ezagutu eta erabilerarik egokiena proposatzen digu Hobelexek. Hori bai, gero erabiltzaileak erabakiko du aldaketak egin nahi dituen ala ez. Hobelexek abisua ematen du eta zuzenean hobetzeko aukera.
Nola zuzentzen da?
- Azpimarratutako hitzaren gainean eskuineko botoiarekin klik eginez, zuzenketarako proposamenen zerrenda bistaratuko da. Zerrenda horretan hautatutakoa idatziko da zuzenean testuan, zuzenketa egiteko. Hitza testuan zegoen deklinazio- edo kasu-marka berarekin azalduko da. Horrela, eritzaintzako hitzaren ordez ertzaintzako edo erizaintzako zuzenduko du automatikoki, eta pelikularekin hitzaren ordez filmarekin.
- Idatzi ahala zuzendu ordez, Wordek ortografia eta gramatika zuzentzeko duen funtzionalitatea erabil daiteke testu idatzi bat zuzentzeko, F7 tekla sakatuta.
Hobelex eta zuzentzaile ortografiko arrunten arteko aldea (adibidea)
Hobelex-en emaitza:
Japoneko gobernuak desarmerako behin behineko elkarrizketen frakasoa iragarri du. Europako Batasuneko herrialeetako delegatuek deklaratu dute harmak inbentariatu beharko liratekeela, betirako arazorik ez sortzeko Ukrainian.
Zuzentzaile ortografiko arrunten emaitza:
Japoneko gobernuak desarmerako behin behineko elkarrizketen frakasoa iragarri du. Europako Batasuneko herrialeetako delegatuek deklaratu dute harmak inbentariatu beharko liratekeela, betirako arazorik ez sortzeko Ukrainian.
Testu zuzena, Hobelex-ekin zuzendua:
Japoniako gobernuak armagabetzerako behin-behineko elkarrizketen porrota iragarri du. Europar Batasuneko herrialdeetako ordezkariek adierazi dute armen inbentarioa egin beharko litzatekeela, betiko arazorik ez sortzeko Ukrainan.
2014-10-22an argitaratua.
Erlazionatutako albisteak:
/* Style Definitions */
table.MsoNormalTable
{mso-style-name:”Taula normala”;
mso-tstyle-rowband-size:0;
mso-tstyle-colband-size:0;
mso-style-noshow:yes;
mso-style-parent:””;
mso-padding-alt:0cm 5.4pt 0cm 5.4pt;
mso-para-margin:0cm;
mso-para-margin-bottom:.0001pt;
mso-pagination:widow-orphan;
font-size:10.0pt;
font-family:”Times New Roman”;
mso-ansi-language:#0400;
mso-fareast-language:#0400;
mso-bidi-language:#0400;}