1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Hiztegi Batuaren 2016ko bertsioak arautu dituen forma berriak (I)

Hiztegi Batuaren 2016ko bertsioak arautu dituen forma berriak (I)

berriak, lexikoa, Terminologia, UZEI

HIZTEGIBATUA2016

Euskaltzaindiak kaleratu duen azken argitaraldian 1.353 forma gehitu dizkio Hiztegi Batuari. Baina zein dira hitz horiek? Hori argitzeko saioa egin dugu UZEIren Terminologia Sailean, eta testu honetan azalduko dizugu saio horrek eman duen lehen erantzuna.

2016ko urtarrilean berritu zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren 2014ko bertsioa.

Bertsio berria aurkeztean Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendari Andoni Sagarnak eta Hiztegi Batuko Lantaldearen eta UZEIko Lexikografia Sailaren arduradun Miriam Urkiak adierazitakoaren arabera, 1.058 sarrera eta 295 azpisarrera berri ditu aurten kaleratutako bertsioak.

Andoni Sagarnak eta Miriam Urkiak orduan esan zutenez, Euskaltzaindiak aro geologikoak, elementu kimikoak, musika-notak, zientzia-unitateak eta mineralak osatu ditu, besteak beste, bertsio horretan. Hiztegi Batuak arau-maila duenez, berebiziko eragina du UZEIren jardunean, eta, jakina, baita UZEIko Terminologia Sailaren eguneroko lanean ere. Hori dela-eta, Euskaltzaindiak bertsio berri bat kaleratzen duen bakoitzean egin ohi dugun bezala, oraingoan ere bertsio berria eta aurrekoa alderatu ditugu aldaketak eta berrikuntzak identifikatzeko. Horretarako, 2014ko eta 2016ko bertsioen pdf formatuko dokumentuetatik abiatu gara. Jakina, hiztegi terminologikoetan sartzeko moduko sarrerak interesatzen zitzaizkigun, nagusiki; alegia, lexiko espezializatutzat har daitekeena.

Lexiko hori identifikatzerakoan, oso lagungarriak izaten zaizkigu Hiztegi Batuan jakintza-arloak izendatzeko erabiltzen diren laburdura-zeinuak. Baina, jakina, horrelako markarik gabe jaso diren forma batzuk ere har daitezke lexiko espezializatutzat. Adibide gisa, halako laburdura-zeinurik gabe jaso dira hiztegian germanio edo osmio elementu kimikoak edo newton eta volt unitate-izenak, baina, noski, horiek guztiak jasota daude Euskalterm terminologia-banku publikoan ere; horregatik egiaztatu behar izaten dugu forma horiek ez direla aldatzen Hiztegi Batuaren bertsio berrietan. Izan ere, gerta daiteke orain arteko arau bat aldatzea. Horixe gertatu da, urrutira joan gabe, Hiztegi Batuaren azken bertsioan ampere formarekin (orain arteko anpere forma ampere bihurtu da, abizen batetik eratorritakoa dela-eta mrekin onartu baitu Euskaltzaindiak; Euskaltermen ere ampere zegoen lehendik). Adi egotea komeni zaigu, beraz.Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua

Lagin gisa, a letraz hasitakoak

 

Aurreko bertsioarekin alderatuz aurkitu ditugun berrikuntzetatik testu honetan hizpide izango ditugunak espezialitate-marka batekin (edo gehiagorekin) jaso dira Hiztegi Batua berrituan. Beraz, ez ditugu berrikuntza guztiak zerrendatuko hemen: gure asmoa ez da inondik ere Hiztegi Batuan gehitu diren 1.353 forma berriak hemen argitaratzea, ez baitugu uste guri dagokigunik zeregin hori. Baina, behintzat, ikusi ditugun berrikuntza batzuk nolakoak diren aipatzea lagungarria izan daiteke Hiztegi Batuaren azken bertsioa apur bat hobeto ezagutzeko. Beste asmorik gabe idatzi dugu testu hau.

Azkenik, nonbaitetik hasi behar, eta a letraz hasitako formak bakarrik bildu ditugu lehen testu honetan. Bestalde, berrikuntza aipagarrienak soilik ekarri ditugu hona, azpisarreraren bat sarrera bihurtu izana eta beste berrikuntza batzuk ez baitira testu honetarako bereziki adierazgarriak gure ustez. Beraz, ez hartu estuegi honako zerrenda hau.

Hauek dira, beraz, sailka bilduta, ikusi ditugun a letraz hasitako forma berri aipagarrienak:

 

Administrazioa

argiketa iz. Batez ere Admin.

atestatu iz. Batez ere Admin.

 

Anatomia

abdukzio iz. Anat. (2014ko bertsioan bazegoen abduktore izond.).

 

Artea

arabesko iz. Art.

 

Biokimika

adenina iz. Biokim.

 

Biologia

aferente izond. Biol.

anaboliko izond. Biol. (Lehendik bazegoen anabolismo iz.).

anaerobiko izond. Biol. (Lehendik bazegoen anaerobio iz.).

arkenteron iz. Biol.

autotrofo izond. Biol.

axoi iz. Biol.

 

Botanika

arkegonio iz. Bot.

 

Ekonomia

akzisa iz. Ekon.

 

Eraikuntza

aglomeratzaile izond. eta iz. Eraik.

arkitrabe iz. Eraik.

 

Filosofia

azkentasun iz. Fil.

 

Fisika

aktibitate 1 iz. Fis.: Aktibitate erradioaktiboa; Aktibitate sismikoa. 2* e. jarduera; jardun (Lehendik bazegoen erradioaktibitate, laburdura-zeinurik gabe; bestalde, 2016an gehitu da, laburdura-zeinurik gabe, rem iz. “erradioaktibitate arloko unitatea” azalpenarekin).

anplifikatu, anplifika, anplifikatzen. du ad. Fis (anplifikadore ere gehitu da, laburdura-zeinurik gabe).

ase 3 izond. Fis., Kim.

asegabe izond. Fis.

 

Geologia

alubial izond. Geol. (Lehendik bazegoen alubioi iz. Geol.).

 

Hizkuntzalaritza

a itsatsi Hizkl.

aferesi iz. Hizkl.

alofono iz. Hizkl.

alografo iz. Hizkl.

apodosi iz. Hizkl.

 

Kimika

aktinio iz. Kim.

amerizio iz. Kim.

amonio iz. Kim.

anodiko izond. Kim.

antimonio iz. Kim.

argon iz. Kim.

ase 3 izond. Fis., Kim.

asegabe izond. Kim.

azetato iz. Kim.

 

Kirola

asistentzia iz. Kirol. ‘azken pasea’.

 

Literatura

alexandrino iz. eta izond. Liter.

 

Matematika

abeldar 1 izond. edo izlag. Mat.

antilogaritmo iz. Mat. (Lehendik bazeuden logaritmiko izond. eta logaritmo).

axonometria iz. Mat.

axonometriko izond. Mat.

 

Medikuntza

akne iz. Med.

alergeno iz. Med. (Lehendik bazeuden alergia eta alergiko).

amenorrea iz. Med.

antsietate iz. Med., Psikol.

asmatiko izond. Med.

 

Mekanika, Elektrizitatea

artezketa iz. Mekan., Elektr.

 

Metrika

asonantzia iz.  Metr.

 

Musika

afinazio iz. Mus. Heg. ‘tonuan jartze’; ‘aurrintze’. (Bestalde, afinatu aditzari “hobe” marka kendu zaio; 2014ko bertsioan horrela agertzen zen hiztegian: “afinatu, afina, afinatzen. du ad. Heg. Mus. h. tonuan jarri; aurrindu”).

akonpainamendu iz. Mus. Sin. laguntza

akonpainatu, akonpaina, akonpainatzen. du/dio ad. Mus. Sin. lagundu

aldi 1 1 iz.: aldian aldiak eskatzen duena egin; aldian aldiari dagokion eran jokatu. 2 iz. Mus. ‘konpasaren zatietako bakoitza’

 

Psikologia

antsietate iz. Med., Psikol.

 

UZEIren Terminologia Saila

2016-06-09an argitaratua.