Egunotan Euskal Herrian dago IRCAM Amazigera Kulturaren Institutuko ikertzailea den Hassan Akioud. Marokon, Aljerian eta Afrika Iparraldeko beste hainbat herrialdetan mintzatzen diren hizkuntzek osatzen duten multzoa da amazigera.
Hizkuntza-multzo horren estandarizazioa hastapenetan dago, eta euskarak azken hamarkadetan egin duen bidea erreferentziatzat hartuta, hainbat arlotako euskal aditurekin bilerak egin ditu egunotan Hassan Akioudek.
Hiztegigintzan dugun esperientzia amazigerarentzat erabilgarria izan daitekeelakoan, UZEIko Miriam Urkiarekin eta Iker Etxebesterekin lan-saioak egin ditu aste honetan IRCAMeko ikertzaileak, hurrenez hurren, euskal lexikografia eta terminologia aztergai hartuta.
Era berean, UZEIk joan den astean Donostian egin zuen Terminologia Gailurrean ere parte hartu zuen Hassan Akioudek, eta Euskaltzaindia ere bisitatu du egunotan, toponimiaren eta onomastikaren arloan Akademiak egin duen lanaren berri izateko, bereziki.