Euskararen kalitatea elkarlanean sendotzeko hitzarmena sinatu dute Berria Taldeak eta UZEIk

Berriako zuzentzaile-taldeak euskararen kalitatea egiaztatzeko IDITE zuzentzaile lexiko profesionala erabiltzen jarraituko duela bermatzen du hitzarmenak

 

Elkarlanaren bidez euskararen kalitatea sendotu eta  normalizazioan sakontzen laguntzeko asmoz, Berria Taldeak eta UZEIk azken urteotan sinatua zuten hitzarmena berritu dute.

Lexikoaren normalizazioan laguntzea izan du helburu UZEIk duela 40 urte sortu zenetik, eta helburu horretarako berebiziko garrantzia du komunikabideetan erabiltzen den hizkerak. Euskalgintzako eragile funtsezkoa den Berria Taldeak lexiko arruntaren eta espezializatuaren kalitateari eusteko ahalegin berezia egiten du, jakina denez. Ahalegin horretan Berriak lagungarri izan du azken urteotan UZEIren lexiko-egiaztatzaile profesionala, IDITE izenekoa: zuzentzaile profesional horrek testu-masa handiak egiaztatu, eta euskara estandarrean erabil edo hobe markak ezarrita dituzten hitzen agerpenak detektatzen ditu, forma hobetsia proposatuz. Lexiko orokorraz gain, terminologia ere kontuan hartzen du, edozein mailatako testuak egiaztatzeko gauza baita IDITE.

Berria Taldeko Iban Arregik eta UZEIko Imanol Urbietak sinatu duten hitzarmen berriari esker, datozen urteetan ere Berria Taldeak bere argitalpenetan euskararen kalitatea IDITE zuzentzaile profesionalaren bidez egiaztatzen jarraituko du. Euskaltzaindiak ere IDITE aukeratua du bere lanen arauekiko adostasuna egiaztatzeko.

Era berean, BERRIA egunkariaren hamabosgarren urteurrenari begira, BERRIA Berri taldea zabaltzen ari den Geure oinarrietatik manifestuarekin bat egin du UZEIk.

 

Euskararen kalitatea elkarlanean sendotzeko hitzarmena sinatu dute Berria Taldeak eta UZEIk

«BERRIArekin bat egin du UZEIk ere». Berria.eus (2018-02-03)

No Comment

Post A Comment