2018-11-30ean argitaratua
Astebete igaro da EAFTren terminologia-gailurra Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egin zenetik, eta haren antolatzaileak (EAFT eta UZEI) oso pozik gaude egindako lanaren emaitzekin.
Europako hainbat organismo eta erakundetatik etorritako profesionalez gain Euskal Herrikoek ere parte hartu zuten gailurrean. Ehundik gora parte-hartzaile izan ziren terminologia-gailurrean, eta gure inpresioa zein haiengandik jasotako hainbat iruzkin oso positibo oinarri gisa hartuta esan genezake oso emankorrak izan zirela gailurraren bi egunak. Izan ere, ideia eta proiektu interesgarri ugari partekatzeko eta harreman profesional berriak sortzeko aukera bikaina izan zen.
Gailurrean izan zen, halaber, dibertitzeko eta pertsonalki aberasteko aukera: besteak beste, Lehen pausoak euskaraz: ibilbide bat Donostian kultura-ekitaldia egin zen, Xabi Paya, Larraitz Ariznabarreta eta Maddalen Arzallusen eskutik, eta Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzari esker. Kultura-ekitaldia oso interesgarria izan zen, euskararen eta Euskal Herriaren errealitate kulturala oso modu atsegin, ulerterraz eta umoretsuan gerturatu baitzien parte-hartzaileei. Gainera, Etxepare Euskal Institutuan egindako geldialdian Garbiñe Iztuetak harrera egin eta institutua eta bere jarduera-ildoak aurkeztu zizkien.
Amaitzeko, eta kasualitatea tarteko, gailurraren azken eguna Euskaraldiaren hasiera-egunarekin bat etorri izanari esker, kanpotarrek Euskaraldia bertatik bertara bizitzeko aukera paregabea izan zuten. Hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzten hainbat parte-hartzailek esan ziguten Euskaraldia egitearen ideia paregabea iruditzen zaiela, eta beren herrialdeetan ere mota horretako ekimenak egitea oso interesgarria izango litzatekeela.
Behean daude ikusgai gailurraren bi egun bereziki emankorren zenbait irudi. Datozen asteetan hizlariek egindako aurkezpenak ere jarriko ditugu eskuragarri gailurraren webgunean.
Aukera hau baliatu nahi dugu gailurrean parte hartu duten pertsona guztiei eskerrik beroenak emateko.
Dublinen izango da EAFTren hurrengo gailurra, 2020an, eta Luxenburgon izan zen aurrekoa, 2016an. Terminologiaren eta eleaniztasunaren Europa-mailako aldeko plataforma bat finkatzeko baliagarria izateaz gain, Europako herrialdeen bestelako ikuspegi interesgarria izateko aukera ere bada EAFTren terminologia-gailurra, inondik ere!