Azken urteotan egin dugun bezala, zerrenda batean bildu ditugu aurten ere gutako askoren ahotan ibili diren hitz berri batzuk, baita, aspaldikoak izan arren, aurten hizpide izan ditugun beste batzuk ere. Ez daude guztiak, noski, baina bai guri arreta eman diguten batzuk. Amaitzear dagoen urtean bizi izan ditugun gertaera batzuk gogora ekartzea eta, asko jota, hitzek eta hiztegiek gure eguneroko bizitzan duten garrantziaz ohartarazten laguntzea beste asmorik gabe osatu dugu aurtengo hitz-sorta hau ere.
Beste hautaketa bat egin genezakeen, jakina. Esaterako, egunotan Ander Bolibar txiolariak iradoki digu zerrenda bat osatzea aurten (eta datozen urteetan) euskaldunok asmatzen ditugun hitz berriekin. Erronka polita da, baina ez litzateke lan makala izango, oso sortzaile ibiltzen baikara euskaldunok ere sare sozialetan. Halere, seguruenik, erabiltzaile batzuek hain gogoko dituzten #hitzokei horiek nekez sartuko dira hiztegi serio-formaletan. Edo bai, auskalo!
#2017koNireHitzaEus@txertatuan hordago ederra @UZEI_ / @plazaberririhttps://t.co/fQ52rdGuyn
Hmmm nire gustuko bat 1917+100 honetarako:https://t.co/FLXsNzGx9z— Ander Bolibar (@demonocrazy) December 16, 2017
1) Gure zerrenda honetako lehena agian ez da hiztegietan jasoko, baina harrera ona egin diote sare sozialetako erabiltzaileek aurten. Izan, ez da 2017koa ere, baina badu zerrenda honetan sartzeko adina meritu, gure ustez: iazko azken egunetan jaso genuen «arzalpen», guk 2016ko hitz berrien zerrenda argitaratu ondoren, eta ez genuke aurtengoan gehitu gabe utzi nahi; Estitxu Garai Artetxe txiolariak proposatu zuen, mansplaining-en euskarazko ordain gisa. Geroztik, sare sozialetan izan duen harrera onak bultzatu gaitu zerrenda honetan jasotzera.
ARZALPEN: gizonak emakumeari emandako azalpen hantuste eta paternalista; mansplaining-en euskarazko ordaina #hitzokei
— Estitxu GaraiArtetxe (@egarai) December 21, 2016
2) Zerrendatxo honetan jaso dugun hurrengo hitza ez da berria, inondik ere: etengabe erabiltzen dugu euskaldun gehienok, baina zeresan franko eman zuen urtarrilean «h»-z idazten dela ohartarazi genuenean.
Euskaltzaindiak «hepa» «h» eta guzti arautu duela ez zekiten gure jarraitzaile askok, antza, eta txio hark espero ez genuen soka ekarri zuen Twitterren. Jarraitzaile haiek, behintzat, zerbait berria ikasi dute aurten hitz zahar horren inguruan.
#gaurkohitza “hepa” da, @UZEI_.k atzo txiokatua. Ona, ezta? ? “Hepa!!! Zer moduz?” https://t.co/03Syy7LA4v Mlskr! pic.twitter.com/8kI7UX06ZV
— Maite Goñi Eizmendi (@euskaljakintza) January 6, 2017
3) Harrigarria da denbora zein azkar pasatzen den. Badirudi aspaldikoak direla duela gutxi ikasi edo lehen aldiz erabili ditugun kontzeptu batzuk. Horixe gertatzen zaigu, esaterako, «berri faltsuak» esamoldearekin (fake news). Berri faltsuak aurten hizpide izan dira munduan zehar Estatu Batuetako presidenteak maiz erabili duelako kontzeptu hori, esaterako, urtarrilean Trumpek CCNko kazetari bati galdera bat onartu ez zionean; oihartzun handia izan zuen pasadizo hark, besteak beste, sei hileko epean ematen zuen lehen prentsaurrekoa baitzen hura.
4) Nazioarteko politikak aurten kazetarien ahotan eta testuetan jarri duen beste hitz bat «jingoismoa» izan da. Anjel Lertxundik Berriako bere zutabean jaso zuenez, Theresa Mayren eta Donald Trumpen urtarrilean egindako goi-bilera zela-eta, «jingoismoa» gora eta «jingoismoa» behera ibili ziren egunkari serioenak, hitz horrekin bi buruzagien nazionalismo muturrekoa salatuz. Lertxundik gogoratu zuen, bide batez, XII. mendean Baiona partean egon ziren ingelesek guri ikasitako bai jingo! oihutik omen datorrela «jingoismo» hitza.
5) Urtero egiten dugun zerrenda honetako hitz baten baino gehiagoren iturria izaten da zientzia. Aurten ere halaxe da. Astrofisika gogoko baduzu, gogoratuko duzu «Jabiergorosabel» izena duen astro bat badela espazioan. Nazioarteko Astronomia Elkarteak, Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak hala eskatuta, gure eguzki-sistemaren asteroide bati astrofisikari eibartarraren izena jarri ziotela irakurri genuen otsailean, egoibarra.eus webgunean.
Javier Gorosabel Urkia astrofisikari eibartarra gogoan, haren izena jarri diote eguzki-sistemaren asteroide bati https://t.co/sLtKMRHOZd
— leire narbaiza arizmendi (@txargain) February 20, 2017
6) Nola ez, politikariek ere zaletasun handia dute hitz eta esamolde berriak sortzeko. Iparraldean gogoratuko dute aurten hautsak harrotu dituen «Molière klausula», laneko segurtasuna aitzakiatzat harturik langile guztiak frantsesez hitz egitera behartzen dituena. Horren berri eman zigun Paristik, besteak beste, EiTBko berriemaile den Nerea Reparazek.
Beharginak frantsesez hitz egitera behartzen dituen Moliere klausulak hautsak harrotu ditu. Sindikatuen arabera neurri baztertzailea da pic.twitter.com/BniRUAZ9Nx
— Nerea Reparaz (@NereaReparaz) March 20, 2017
7) «Kalimotxoa» ere hizpide izan da 2017an, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Ondo dakigunez, hitza ez da berria, baina edari freskagarrien marka batek ingelesezko iragarki bat egin zuen apirilean sare sozialetan kalimotxoa ezagutarazteko. Lasai, edari xume horren jatorriari buruzko istorio bitxiak hemen jasotzeko asmorik ez dugu eta.
8) Badira, urtero bezala, batere barregarriak ez diren kontu batzuk ere, hitz edo esamolde berri batzuk utzi dizkigutenak: «balea urdina», esaterako. Aurten entzun dugu lehen aldiz parte-hartzaileak suizidiora bultzatzen dituen «joko» horren izena, eta berriro ez entzutea nahiko genuke.
Garbiñe Agiriano psikologoa, ‘Balea Urdina’z: ‘Gurasoak ez dira obsesionatu behar’ https://t.co/HioO4fVs5e pic.twitter.com/OuWCjMYGXZ
— Faktoria (@faktoriaEITB) May 19, 2017
9) Agian zortekoa izango zinen aurten, eta ez duzu «ransomware» gaiztoren baten kalterik izan ez zure ordenagailuan ez diru-zorroan. Baina, bai, aurten askok ikasi dute hitz hori WannaCrypt0r birus informatikoaren berri izan dutenean. «Aurrekaririk gabeko eraso informatiko bat izan da, eta nazioarteko ikerketa konplexu bat beharko da errudunak harrapatzeko», esan omen zuten Europolen Ziberkrimenaren Aurkako Zentroko arduradunek.
10) Birus informatikoek bakarrik ez. Txiroek ere beldurra eragin dezakete, nonbait. Oraintsu arte ez genuen entzun eta irakurri hainbeste aldiz «aporofobia» hitza, txiroei eta txirotasunari batzuk omen dieten beldurra adierazten duena. “Azkenaldian hitz bat hasi da entzuten, neologismo bat, Adela Cortina filosofoak asmatu omen duena” idatzi zuen maiatzean Angel Errok Berriako zutabe batean.
11) Txirotasunarekiko beldurra ez da noski aurten asmatua, eta iruzurra ere ez. Baina aurten jakin dugu «telebistaren gurpila» esaten zitzaiola telebista-munduan egile-eskubideekin aspalditxotik egiten omen zen iruzurrari. Horretan aritzen zen sare bat desegin zutela iragarri zuen Espainiako Poliziak ekainean, eta hamaika telebistari eskatu zietela dokumentazioa ikerketa egiteko.
12) Hitzak lehen aldiz ahotan hartzea bezain erraza izaten da berriro ahaztea. Esaterako, medikua edo biologoa ez bazara eta «leptospirosia» zer den galdetuko bagenu, agian ez genuke gogoratuko udako egun batez albistegi guztietan entzun genuela hitz hori. Bai, uztailean sartzear ginenean, hizpide izan genuen gaixotasun bakteriano zoonotiko hori, Bilboko itsasadarreko lasterketa batean parte hartu zuen kirolari bati atzeman baitzioten. Gogoratzen?
Zer da leptospirosia? – Leptospirosi gaitxotasuna, Bilboko itsasadarreko lasterketa batean kirolari bati atzema… https://t.co/9yOMoMBJzl
— Euskadi Irratia (@euskadi_irratia) June 26, 2017
13) Polemika-iturri izan diren beste gai batzuen inguruan ere, batentzat baino gehiagorentzat berriak ziren hitzak etorri zaizkigu. Abuztuaren 17an, Bartzelonako Rambletan eraso terrorista egin zuten, eta Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen. Furgoneta batek hainbat lagun harrapatu eta haietako 15 hil zituen. «Mutiloiak» gora eta «mutiloiak»behera ibili ginen hurrengo egunetan. Eta, nonbait, batzuk ez zuten hitz hori ezagutzen, edo beste batzuk zioten itsasontzi eta portuetakoak soilik direla mutiloiak… Labur esateko, hizketarako bide izan genituen mutiloiak.
Zuetako askok egunotan buruan daukazuen zalantza existentziala argitzeko premia sentitu dut.
(Esp) Bolardo > (Eus) Mutiloi / eskora
— Gorka Bereziartua (@boligorria) August 22, 2017
14 eta 15) Kataluniatik atera gabe, independentzia-aldarrikapenak ere hiztegian ahaztua genuen kontzeptu bat atera du egun-argira: «sedizio»az edo «albaramendu»az ari gara, noski. Baina beste kontzeptu berriago batzuk ere utzi dizkigu: esaterako, «demofobia» hitza (demokraziarekiko beldurra, alegia) askotan erabili dute erreferendumaren aurkako jarrera salatu duten indar politikoek. Bide egin duen ala ez denborak esango du; tira, denborak, eta politikak.
16) «Lapiko-jotzeak» ere hizpide izan ditugu giro politiko horretan, protesta egiteko bide gisa hartu baitituzte herritar askok Katalunian. Eta, halakorik entzun eta irakurri dugun arren, euskaraz protesta hori izendatzeko modurik onena ez da «kazolakada», hitz horrek kazola baten edukia adierazten baitu.
Ez, «kazolakada» ez da protesta-mota bat #hiztegia #euskara pic.twitter.com/P57qsaMq8D
— UZEI (@UZEI_) October 3, 2017
17) Azkenik, laburtzapen bat ere utzi digute Kataluniako gorabehera politikoek: «DUI». Dagoeneko denok jakingo dugu “aldebakarreko independentzia-deklarazioa” izendatzeko erabiltzen dela, baina hori ere berria izan da gutako askorentzat.
18) Urrian jakin genuen guraso-elkarte batek Espainiako RAEri eskatu ziola hiztegian hitz berri bat sar zezan, hizkuntzak eta, batez ere, hiztunek horren beharra dutelako: euskaraz, «gurasozurtz» esango genukeena izendatzeko beharrezkoa dela diote, umea galdu duen gurasoa izendatzeko. Ez dakigu hitz horrek, beharraren beharrez, bide egingo duen, baina pentsatzekoa da hiztunek erabiliz gero egunen batean hiztegietan ere jasoko dela.
19) Hitz batetik bestera jauzi eginez, amaitzear dugun urteari errepasoa emanez egindako zerrenda hau bukatzeko, medikuntzako beste termino bat hautetsia genuen oraintsu arte: «norobirus». Izan ere, barra-barra entzun genuen azaroan, Usurbilgo herritar asko ondoezik egon izanaren arrazoia norobirus bat izan zela jakin genuenean. Baina, ez, zerrenda hau beste hitz batekin amaituko dugu aurten. Hauxe:
20) Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finalean nor ez zen ohartu behin eta berriz «erkin» hitza erabili zutela bertsolariek? Bertso-errima ederrak egiteko erabil daitekeen hitz hori «Ipar.» markarekin jaso dute Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta agian horregatik Hegoaldeko bertsozale bati baino gehiagori ezezaguna egingo zitzaion txapelketa nagusiko finalean entzun zuenean. Bertsolariek ahotan ibili zituzten beste hitz batzuk ere mintzagai izan genituen entzuleok, jakina, baina guk (ere) horixe hautatu dugu zerrenda honetan sartzeko.
Hementxe di-da egindako bozketaren emaitza une honetan:
127 boto
%81 erkin
%19 muker
Mila esker parte hartu duzuen guztioi!!! ?? #gaurkohitza #BTN17 https://t.co/9gNKHMvYDB— Maite Goñi Eizmendi (@euskaljakintza) December 17, 2017
Ikusten duzuenez, belarria adi eduki behar da urtearen lehen egunetik azkeneraino, beti ikasten baitugu hitz zahar edo berriren bat. Ea datorren urteak zer dakarren, bada. Zuek ere adi egon, eta elkarren artean errazago osatuko dugu datorren urteko sorta.