1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Joseba Intxausti: «Agur, Jose Luis “Txillardegi”»

Joseba Intxausti: «Agur, Jose Luis “Txillardegi”»

berriak, UZEI

Gaur bete dira 4 urte Txillardegi hil zela.

Aukera egokia iruditu zaigu Joseba Intxaustik 2012an idatzitako artikulua berreskuratzeko. UZEIren sortzaile izandako Txillardegi hil berri zela idatzi zuen gure lehen zuzendaria izandakoak testu hau, baina webgunea berritu genuenetik ez zegoen sarean.

 

Txillardegi-UZEITxillardegi, UZEIra egindako bisita batean.

 

Agur, Jose Luis “Txillardegi”

Galdu berria dugu Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” (1929-2012). Ohikoak diren hilondoko dolu-azalpenen ondoren, ongi etorriko da iragandako bizialdi jakinetik oroitzapenen bat edo beste berritzea.

Txillardegik hainbat izan eta izen bildu ditu bere baitan. Idazle eta politikaria izan da, pentsalari eta kritikaria, saiolari eta ikertzailea, ingeniari eta filologoa, nortasun aberatseko gizona, abertzale eta euskaltzalea, Euskal Herrian bizi nahi baina hamasei urte erbestean emana. Erabili izan dituen izenordeek ere beren esanahiak dituzte: txilarra bezala gure lurrean ongi errotua, larresoro inguruetatik Iparraldea maitatuz edo bere Antigua nahiz Igara-tik jaioterria gogoan izanik (gogora Antigua 1900 ere).

1960 inguruan euskal lanari ekin genionok, hurbila izan dugu Txillardegi. Orduan plazara ateratzen hasi berri zen belaunak –aurrekoek bezala, ondokoen antzera– modernotasunaren iradokizunak behar izan zituenean, eta hizkuntzarekiko laguntzak ere, Jose Luis-engan entzule eta aholku emaile arretatsua aurkitu genuen. Aurrekoek egindakoari gaina hartu nahi hartan, ez zen izan hori batere soberakoa. Hain zuzen, urte hartantxe, 1960an ezagutu genuen elkar, gramatika lan bat burutzen ari nintzela aholku bila joan nintzaionean.

Bestelako bideetatik zetorrela, uste dut egonarri handia behar izan zuela, komentu eta apaiztegietatik gentozenoi entzun eta ulertzen. Horrela sortutako elkarlanak ahalbidetu zuen euskara idatziaren batasuna, Gipuzkoan ez ezik Iparraldean eta Bizkaian ere mugitzen hasita zetozen ur berriek lagunduta: nik neuk bereziki Baionako Euskal Idazkaritzatik antolatutako batasun-jardunaldiak gogoratzen ditut (1964). Jakin-en genbiltzanontzat garrantzizkoak izan ziren bizpahiru egun haiek, batez ere Txillardegi eta T. Monzon gidari genituela; ongi prestatutako bilera izan zen hura.

Ondoren eta bien bitartean, Txillardegik erbestetik begiratu behar izan zituen Hegoaldean aurrera zihoazen batasun-asmoak: Aresti/Kintanaren Batasunaren kutxa (1968), Ermua eta Arantzazuko bilerak (1968). Erbestean bai, baina ez alferrik: 1970ean argitara eman zuen Sustrai bila, 1975ean Euskara batua zertan den, geroago Euskaltzaindiaren esanetara Euskal aditz batua prestatu zuen bezala (1979). Corpus-aren gaineko lana izan zen hori.

Euskararen estatusaz ere arduratu zen, ordea: Baionako Euskal Elkargotik argitara eman zuen J. Azurmendiren Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971), Hegoaldean argitara ezina. Jose Luis-en informazioaz baliatu ahal izan zen Euskaltzaindia Euskararen liburu zuria-n (1978), “Hizkuntza minoritari batzuren azterketa kritikoa” argitaratu baitzuen bertan.

Hegoaldeko eginbideak ireki samartu zirenean, erbestetik etorrita, elkarrekin lan egiteko aukera izan genuen, UZEIko lantegian, eta beraren eta A. M. Toledo gaur euskaltzainaren eskutik atera zen kalera Hizkuntzalaritza Hiztegia (1982).

Nabaria izan da Txillardegirengan mundu zabaleko berri jakiteko grina, eta erbesteko ikerlan soziolinguistikoak gurera ekartzen ahalegindu da; besteak beste, ahalegin horren emaitza da Bat aldizkarian eman duena. Euskal Herrira begira izan denean ere, ez zaio falta izan erbestekoen informaziorik, hizkuntzekikoetan, eta pentsamendu-eztabaidetan ere. Txillardegik Euskal Herrian eta Europako Mendebaldean ere izan du bere aberria, munduari begi kritikoz so egiten ziola eta unean uneko olatu-aldi ideologikoetan ito gabe.

Mundurako irekitasun hori garrantzizko izan zen berarentzat, beste orbita bateko K. Santamariarentzat eta 1960etan gazteak ginenontzat. Elkarrekin begiratzen genuen inguru horietara, Txillardegi bere Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eta Peru Leartzako-rekin hasi zenetik (1959). Zerikusi hurbila izan zuen Jose Luis-ek Jakin jaio berriak orduan izan zuen bihurgunean (1959-1960). Oro har, garaiko inguru itxitik mundura irekitzen lagundu zigun.

Hizkuntzen arteko borroka historiko-sozialaz Euzko-Gogoan esandakoek (1950-1959), beste aurpegi bat hartu zuten Txillardegi idazle politikoaren luman eta egitasmoan, herri-nortasuna eta hizkuntza hertsiki lotu zituelako, gogoetan bezala praxi politikorako, eta adibide europar argigarriak aurrean jarri zizkigulako, behintzat.

Zaila eta emankorra izan da Txillardegiren bizitza, frankismoan eta gero; baina ez da bakarrik egon, eta Jose Luis-i azken agurra egin diogun honetan, zuzenbidezkoa iruditzen zait Jone Forkada emaztearen bizitza osoko laguntza nekaezina gogoraraztea: Agur eta ohore zuri ere, Jone!

Beude gure artean, bada, bizi eta eraginkor Txillardegiren oroitzapen-mezuak.

 

Joseba Intxausti
UZEIko sortzailea eta zuzendari ohia
Donostia, 2012-01-24

2016-01-14an argitaratua.