1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa plazaratu Euskaltzaindiak UZEIren lankidetzarekin

Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa plazaratu Euskaltzaindiak UZEIren lankidetzarekin

berriak, lexikoa

Azkenaldian, gero eta gehiagotan izan dugu hizpide zibersegurtasuna, eta, beste albiste askoren artean, kezka-iturri izan dira gailu elektronikoen bidezko zenbait iruzur, gaizkileek enpresa baten edo besteren bezeroen datu pertsonalak lapurtu izanak edo erakunde publikoen aurka egindako zibererasoek.

Hain zuzen ere, zibersegurtasuna gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari delako, Euskaltzaindiak eta bere erakunde atxikia den UZEIk Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa plazaratzeko beharra ikusi dute. Lexikoak helburu bikoitza du: alde batetik, oinarrizko kontzeptuak argitzea; eta, bestetik, euskarazko terminoak finkatzen laguntzea.

Guztira, 27 kontzeptu jaso dira lexikoan; horietako batzuk lehendik ere Euskaltzaindiaren Hiztegian araututa zeuden –hacker, spyware, suebaki–, baina, zibersegurtasunarekin lotuta dauden neurrian, lexikoan sartzea erabaki da.

Hiztegi arauemaileaz gain, kontuan hartu dira bai terminologia-bankuak (Euskalterm eta inguruko hizkuntzetako terminologia-banku nagusiak) eta bai euskarazko erabilera (hedabideena zein zibersegurtasunaren arloko eragileena).

Azkenik, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurak onetsi ditu lexikoa osatzen duten sarrerak eta definizioak.

Orain arte Euskaltzaindiak eta UZEIk elkarlanean prestatu dituzten gainerako lexikoak bezala, Zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa Euskaltzaindiaren webguneko atal honetatik deskarga daiteke.