1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Testuinguruei buruzko informazioa osatu dugu Neolotekan

Testuinguruei buruzko informazioa osatu dugu Neolotekan

berriak
  • Saretik jasotako adibideek esteka bana dute orain, jatorrizko iturrira joateko.

Neolotekan berrikuntza bat egin dugu. Orain arte, neologismoak, definizioak eta adibideak biltzen genituen bertan, eta adibide horiek Internetetik jasotako testuinguruak izaten ziren ia beti. Bada, hemendik aurrera, horrelako testu bakoitzak esteka bat izango du, erabiltzaileek bertan klik eginez gero lekukotasunaren jatorrizko iturrira joan ahal izateko.

Bestela esanda: erabiltzaileak egiaztatu ahal izango du Neolotekan jasotako testuingurua benetan agertu dela kasuan kasuko komunikabide, liburu, webgune eta abarretan, eta bertara iritsi ahal izango da klik bakar batekin.

Horrek aukera emango dio adibide bakoitzaren testuinguru osoa kontsultatzeko, eta ez bakarrik Neolotekan jasotako esaldia.

Orain arte argitaratuko fitxa guztiak horrela osatu ditugu, eta estekak gehitu dizkiegu sarean kontsultagai dauden adibideei. Jakina, hemendik aurrera gehituko diren sarrera guztiek ere horrelako estekak izango dituzte.

Erdaretako neologismoen behatokiekiko lankidetza

Neolotekaren erreferentziazko corpusa sistematikoki arakatzeko eta, horrenbestez, neologismoak hobeto detektatzeko, lankidetza-hitzarmenak sinatuak ditugu lehendik euskarazko komunikazio-talde hauekin: Argia, Berria, EITB eta Goiena.

Bide beretik, koordinazio-bilerak egiten ditugu aldiro-aldiro inguruko hizkuntzetako beste neologismo-behatoki batzuekin; zehazki, hizkuntza-normalizazioan eta terminologiaren finkapenean erreferente den Kataluniako TERMCAT zentroarekin eta Frantziako Gobernuaren DGLFLF Frantsesaren eta Frantziako Hizkuntzen Ordezkaritza Nagusiarekin.

Hiru erakundeon arteko lankidetza horrek, hizkuntza bakoitzeko esperientzia oinarri hartuta, aukera ematen digu neologismoak detektatzeko, aztertzeko eta hedatzeko estrategiak hobetzeko.

Arnasa luzeko egitasmoa izanik, Neolotekak Laboral Kutxaren babesa du, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzak jaso ditu.