1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Terminologiaren arloko berrikuntza eta jasangarritasuna aztergai, EAFT Summit 2023 biltzarrean

Terminologiaren arloko berrikuntza eta jasangarritasuna aztergai, EAFT Summit 2023 biltzarrean

berriak, Terminologia

UZEIko Begoña Arratek ekoizpen industrialeko makinen eta langileen arteko ahots bidezko elkarrekintzetan terminologiak duen zereginari buruzko hitzaldia eman zuen.

EAFT Europako Terminologia Elkartearen 2023ko terminologia-gailurra azaroaren 16an eta 17an egin zen Bartzelonan, Institut d’Estudis Catalans-en egoitzan, EAFTek eta Termcat-ek lankidetzan antolatuta. Europa osoko terminologiaren esparruko ehun espezialista inguru elkartu ziren bertan, terminologiaren arloko berrikuntzari eta jasangarritasunari buruzko esperientziak eta gogoetak partekatzeko.

EAFTen aurreko gailurra 2021ean egin zen, pandemia-egoeran, «Terminologia erronka-egoeretan» (Terminology in challenging circumstances) izenburuarekin, eta oraingoan gai positiboagoak hizpide izatea erabaki genuen; horregatik heldu genion terminologiaren esparruko berrikuntzaren eta jasangarritasunaren gaiari (Terminology – Innovation and Sustainability).

Aurtengo gailurraren lehen egunean berrikuntza izan zen protagonista. Izan ere, adimen artifizialaren bidez sortutako teknologiek lan egiteko modua aldararazi dute hainbat esparrutan, eta terminologiaren kasuan aldaketa horien ondorioak zein diren eta berrikuntza horiek zein erronka eta aukera dakartzaten aztertu zen. Web semantikoaren eta ontologien esparruko hainbat proiektu interesgarri eta berrikuntza ere aurkeztu ziren gailurraren lehen egunean. Halaber, datu-base terminologikoen etorkizunari buruzko gogoeta egin zen.

Testuinguru horretan, UZEIko lankide Begoña Arrate lankideak ekoizpen industrialeko makinen eta langileen arteko ahots bidezko elkarrekintzetan terminologiak duen zeregina aztertu zuen, Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, UZEI Vicomtech-ekin egiten ari den proiektuak oinarri hartuta.

Gailurraren bigarren egunak jasangarritasuna izan zuen ardatz, eta Europako terminologiaren esparruko bost emakume garrantzitsu protagonista izan zituen mahai-inguru batekin abiatu zen: Maja Bratanić, Maria Teresa Cabré, Susanne Lervad, Fidelma Ní Ghallchobhair eta Delyth Prys. Terminologiaren esparruko erreferente hauen esperientzian eta haiek utzitako ondarean sakontzeko eta haien jakintza etorkizuneko erronkei aurre egiteko nola balia daitekeen gogoeta egiteko aukera paregabea eman zigun mahai-inguru horrek.

Jasangarritasunaren arloko bigarren eguneko aurkezpenen gai nagusiak honako hauek izan ziren: berdintasuna, dibertsitatea, inklusioa, generoa, domeinu terminologikoen galera eta herrialde nordikoen koherentzia-estrategia.

Terminologiaren esparruko nazioarteko sariak (International Terminology Awards) ere banatu zituen EAFTek gailur honetan, bata M. Araceli Losey León-i «International Award for Distinguished Achievement in Terminology (MA level)» kategorian, eta bestea Jorge M. Porras-i «International Award for Outstanding Achievement in Terminology Research and Development (PhD level)» kategorian.

Hurrengo gailurrari dagokionez, 2025ean izango da, baina oraindik ez dira erabaki tokia eta gaia. Interesa izanez gero, EAFTen webgunea eta X sare sozialeko profila (@_eaft) jarraitzea gomendatzen dugu.