Terminologia-lanean diharduten erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da baliabideak optimizatzeko eta lexiko-bildumak aberasteko. Hala nabarmendu dute Jordi Boverrek (Termcat), Étienne Quillotek (DGLFLF) eta Imanol Urbietak (UZEI), lankidetza horrek beren erakundeei dakarzkien onurei buruz duten iritzia hizpide hartuta.
Izan ere, Termcatek, DGLFLFk eta UZEIk lankidetza estutu dute aurten neologiaren esparruan. Esperientzia horrek, neologismoak detektatzeko metodologiaren koherentzia sustatzeaz gain, hizkuntza bakoitzaren baliabideak eta uniformetasuna optimizatzen ere laguntzen du. Lankidetza horren lehen emaitzei buruz hitz egin dugu hiru erakundeetako arduradunekin.
Galdera: Nolako garrantzia du, zure ustez, terminologiagintzan dabiltzan erakundeen arteko lankidetzak?
Jordi Bover (Termcat):
Terminologia-lanean dabiltzan erakundeen arteko lankidetzari esker, proiektu terminologikoetan inbertitutako baliabideak optimiza daitezke; izan ere, erakundeek hizkuntza desberdinetan lan egiten badute ere, egiten den ikerketaren zati bat komuna izan daiteke. Berriki egiaztatu ahal izan dugu hori, DGLFLFek gidatutako adimen artifizialaren terminologia lantzean. Hasierako nomenklatura hautatzea baliozkoa zaigu, eta katalanezko ordainak osatzeak proiektua aberasten du. Halaber, UZEIren otorrinolaringologiari eta oftalmologiari buruzko hiztegi eleaniztunetatik ere atera ahal izan ditugu frantsesezko ordainak, proiektu batean frantsesezko terminologia medikoa osatzeko. Bestalde, proiektu zehatzetatik harago, beste erakunde batzuekiko lankidetzak geure sistema aberasten eta hobetzen lagun dezaketen lan-jarduketa onak partekatzeko aukera ematen digu.
Étienne Quillot (DGLFLF):
Gure ustez, guztiz funtsezkoa da terminologiako eragileen arteko lankidetza, bai hizkuntza baterako terminologia-politikaren arduraduna duten erakundeen artean (hala nola DGLFLF), bai terminologia-ikerketako zentro eta sareen artean. DGLFLFri dagokionez, lankidetza hori aspaldiko konpromiso politiko argi baten emaitza da. Herrialde frankofonoetako terminologia- eta neologia-erakundeekiko eta nazioarteko erakundeekiko lankidetza legez finkatuta dago 1996tik. DGLFLFk ere funtsezko parte-hartzea izan zuen REALITER terminologiako sare panlatinoaren sorreran. Hala ere, lankidetzarako borondatea izateaz harago, proiektu zehatzak eta konpromiso irmoa behar ditu lankidetzak guztiontzat izan ditzakeen interes eta onura erabakigarriak frogatzeko. Horixe gertatzen da Termcaten, UZEIren eta DGLFLFren arteko lankidetzarekin. Lankidetza horrek hazi eta indartu egin behar du, lehenengo emaitzak oso oparoak baitira.
Imanol Urbieta (UZEI):
UZEIn uste dugu inguruko hizkuntzetako terminologia-zentroekiko lankidetza funtsezkoa dela gure lanerako. Hizkuntza baten aberastasunari eta zehaztasunari asko laguntzen diote elkarren artean lankidetzan aritzeak eta ezagutza trukatzeak. Lankidetza horri esker, esperientziak, metodologiak eta baliabideak partekatzeko aukera izaten dugu, bai eta euskarazko terminologia koherenteagoa finkatzekoa ere. Gainera, antzeko erronkei aurre egiten eta konponbide berritzaileak modu eraginkorragoan bilatzen laguntzen digu elkarlanak.
Termcat terminologia-zentroaren zuzendaria da Jordi Bover i Salvadó. Katalanezko terminologia koordinatzea eta normalizatzea du helburu Termcatek, eta, beste lan askoren artean, Neoloteca argitaratu du, katalanezko neologismoen hiztegia dena, UZEIk bere neologismo-biltegia sortzeko eredu izan zuena.
Galdera: Lankidetza honen testuinguruan, zenbateraino izan da baliagarria neologismoak zuen artean partekatzea?
Jordi Bover (Termcat):
UZEIk eta DGLFLFk partekatzen dituzten neologismoei esker, gure datu-basean ez geneuzkan terminoak hauteman ahal izan ditugu, bai eta katalanarentzat aztertuak genituen terminoei frantsesez eta euskaraz emandako konponbideak egiaztatu ere. Era berean, oso baliagarria izan zaigu ezagutzea, dokumentu zehatzetan oinarrituta, nola gauzatzen den DGLFLFn frantsesezko terminoak normalizatzeko prozesua eta prozesu horretan zehar zer eragilek esku hartzen duten.
Étienne Quillot (DGLFLF):
Abian jarri dugun lankidetzaren interesaren eta egokitasunaren erakusle da hiru erakundeon artean neologismoak bateratzea. Alde batetik, egiaztatu dugunez, kezka eta aztergai berberak partekatzen ditugu arlo teknikoan eta zientifikoan, berrikuntzei dagokienez, eta askotan kontzeptu berak ikasten ditugu. Beraz, interes handia dugu gure terminoak bateratzeko eta, neologismoak sortzerakoan, esamolde baliokideak bilatzeko, denbora aurrezten baita eta eraginkorragoa baita. Bestalde, gure kasuan, neologiaren arloko lankidetzak frantsesez neologismo baten beharra duten kontzeptuak identifikatzen ere laguntzen digu, artean ez baditugu detektatu edo haien garrantzia gutxietsi badugu. Lankidetza hori oso emankorra da, bai osagarritasunari dagokionez, bai elkarren antzera jokatzeari dagokionez.
Imanol Urbieta (UZEI):
Azken hilabeteotan neologiaren inguruan egin ditugun koordinazio-bileretan Termcatek eta DGLFLFk partekatutako materialari esker, oraindik Neolotekan sartuta ez genituen formak identifikatu ahal izan ditugu, eta, horrez gain, hizkuntza bakoitzean, komunikabideetan gero eta ohikoagoak diren neologismoak berretsi ahal izan ditugu.
Egia da Neolotekan gehitzen ditugun neologismoak batez ere euskarri digitaletatik eta sarean eskuragarri dauden beste iturri batzuetatik jasotzen ditugula, eta, beraz, ziur aski, Termcaten eta DGLFLFren hiztegietako beste termino batzuk baino ohikoagoak izan daitezkeela. Hala ere, osagarritasun hori oso interesgarria da guretzat, bai eta Neolotekan ditugun helburuetatik harago ere.
Gainera, truke horrek neologismo berriak berresteko eta adosteko aukera eman du, eta horrek hainbat arlotako terminologiaren kohesioa eta uniformetasuna indartzen ditu.
Étienne Quillot Frantziako Gobernuaren terminologia-batzordeen arduraduna da eta Hizkuntzaren Garapen eta Aberaste Misioaren jarraipena koordinatzen du Frantziako gobernuaren Kultura Ministerioaren Délégation générale à la langue française et aux langues de France (DGLFLF) erakundean.
Galdera: Zer desberdintasun metodologiko edo ikuspegi espezifiko identifikatu dituzue, neologismoak hautemateari eta neologismo horiek zuen hiztegietan gehitzeari dagokionez?
Jordi Bover (Termcat):
Ikusi dugunez, badira neologismo asko dituzten arlo batzuk –ingurumenaren kudeaketa edo teknologia berriak, esaterako–, gu denon interesekoak direnak. Bereziki, DGLFLFrekin gertatzen da hori, gurekin ia aldi berean aztertu baitituzte neologismo horiek. Neolotekaren kasuan, berriz, hizkuntza orokorretik hurbilen dauden neologismoak dira bereziki nabarmentzekoak. Neologismo horiek duten oihartzun handia kontuan hartuta, interesgarria iruditu zaigu agian gure eguneroko jardunean bestela antzemango ez genituzkeen termino horietako batzuk gurean ere gehitzea.
Étienne Quillot (DGLFLF):
Guretzat, nagusiki, frantseseko adituen “intuizio neologikoan” oinarritzen da kontzeptu berrien identifikazioa eta neologismo horiek aztertzeko edo ez aztertzeko erabakia, hau da, eremuaren ezagutzan eta kontzeptu berri batek hizkuntzan denbora luzean bidea egingo duelako aurreikuspenean. Hala ere, nahiz eta detekzio-metodoak eta gure erakundeen egitura aldatu, aztertutako eta argitaratutako neologismoak, azken batean, nahiko antzekoak dira.
Imanol Urbieta (UZEI):
Ikusi dugunez, erakunde bakoitzak neologismoak detektatzeko bere ikuspegia eta metodologia badu ere, antzekotasun esanguratsuak daude. Oro har, erakunde guztiek etengabe zaintzen ditugu hainbat testuingurutan sortzen diren termino berriak, komunikabideetan, literatura espezializatuan edo eguneroko erabileran. Hala ere, desberdintasunak neologismo horiek ebaluatzeko eta baliozkotzeko irizpide eta prozesu espezifikoetan sor daitezke.
Gure kasuan, neologismoen benetako erabileran enfasia jartzearen alde egin dugu; beraz, nolabaiteko erabilera duten formak baino ez ditugu biltzen. Ildo horretan, Neoloteka ez da proposamen terminologikoen hiztegi bat, baizik eta egungo corpusaren erabileraren adibideen bilduma bat. Gainera, jasota dugun lehen erregistroa ere biltzen dugu.
Galdera: Zure ustez, neologismoak txertatzeko egungo irizpideak eta prozedurak baliozkoak edo nahikoak dira?
Jordi Bover (Termcat):
Termcat-en kasuan, neologismoak hainbat bidetatik detektatzen dira. Gure Kontsulta-zerbitzuak 2.000 eskaera inguru jasotzen ditu urtean, eta 500 termino berri baino gehiago sortzen ditu. Arlokako hiztegiak lantzeak hutsune terminologiko asko detektatzea ere ahalbidetzen du. Duela gutxi, detekzio-bide proaktiboago bat gehitu dugu, inpaktu handiko argitalpen zientifikoak hustu ditugulako, neologismo oso espezializatuak eta berriki sartu direnak aurkitzeko. Zalantzarik gabe, mekanismo baliagarriak dira, baina etorkizunean zabaldu egin daitezke, erreferentziazko iturri espezializatuen hustuketa sistematikoagoarekin, adimen artifizialeko tresnen laguntzarekin. Are eraginkorragoa izan daiteke, eta, hain zuzen ere, ildo horretan lanean hasi gara, iturri ingelesetan detektatuz etorkizuneko neologismoak, gure hizkuntzan alternatibak proposatzeko izendapen okerrak –edo, zuzenean, ingelesaren maileguak– erabiltzen hasi aurretik.
Étienne Quillot (DGLFLF):
Frantsesa Aberasteko Sistemak, DGLFLFk koordinatuak, arreta berezia eskaintzen die izendatutako kontzepturako gomendatzen dituen terminoen argitasunari (sarrerak koherentea izan behar du definizioarekin), aurretik argitaratutako terminoekiko koherentziari eta, azkenik, frantsesaren sistema morfologiko eta sintaktikoarekiko adostasunari. Horregatik, batzuetan termino berriak sortzearen alde egiten du, dagoeneko erabiltzen diren arren behar adina esplizituak ez diren edo gaizki eratutzat jotzen dituen terminoak berretsi beharrean. Sistema morfologiko eta sintaktiko frantsesarekin bat etortzearen irizpidea, batzuetan, galga ere bada neologismoak asmatzeko, eta batzuetan inbidia ematen digute katalanezko eta euskaldunezko sorkuntza neologikoek. Baina gure hiru hizkuntzetan proposatutako terminoen egitura alderatzen badugu, nahiko antzekoa da, eta ez da Frantziako frantsesa eta Quebeceko frantsesa baino gehiago bereizten, non testuinguru soziokulturalari bereziki lotutako aldaerak baitauden.
Zalantzarik gabe, gure kideengandik ikas dezakegu, eta proposatzen dituzten terminoen aplikazioaren arrakastan gehiago inspira gaitezke.
Imanol Urbieta (UZEI):
Oro har, erabiltzen ditugun irizpideak euskararen errealitate soziolinguistikorako eraginkorrak direla uste dugu. Hala ere, beti dago hobetzeko tartea. Funtsezkoa da malgutasunaren eta zorroztasunaren arteko oreka mantentzea, termino berriak adierazgarriak eta erabilgarriak direla ziurtatuz, zehaztasuna eta koherentzia galdu gabe.
Hain zuzen ere, erabilera errealeko formak bakarrik biltzearen ondorioz, batzuetan Neolotekan erabilera orokorragoko neologismoak ageri dira hain dokumentatuak ez dauden baina zehaztasun tekniko eta zientifikoaren ikuspegitik egokiagoak liratekeen beste forma batzuekin batera. Edonola ere, guztiek dute tokia Neolotekan.