252 termino espezializatu biltzen ditu lanak, euskarazko definizioekin eta gaztelaniazko eta ingelesezko ordain baliokideekin. Hala, zibersegurtasunaren arloko terminologia euskaraz normalizatzen laguntzen du.
UZEIren webgunean kontsulta daiteke Gipuzkoako Foru Aldundiko Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR zentroaren Zibersegurtasun Hiztegia, Tknika, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta UZEIren elkarlanarekin prestatutakoa.
Zibermehatxuak eta zibererasoak, segurtasun-neurriak, teknologiak eta osagaiak eta kriptografia arlotako 252 termino biltzen ditu hiztegiak. Sarrera bakoitzak euskarazko terminoa, euskarazko definizioa eta gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak ditu.
Hiztegiaren helburua da euskarazko terminologia espezializatua zehaztasunez eta koherentziaz erabiltzen laguntzea. Horrenbestez, baliabide erabilgarria da sektoreko profesionalentzat eta enpresentzat, erakundeentzat, ikastetxeentzat eta zibersegurtasunaren arloan interesa duen edonorentzat.
Egitasmo honek agerian uzten du beharrezkoa dela arlo teknologiko estrategikoetako lexikoa lantzea eta normalizatzea, etengabe sortzen baitira kontzeptu berriak. Horregatik, hiztegia handitzeko eta eguneratzeko asmoz sortu da, sektorearen bilakaerarekin batera termino berriak bil ditzan.
Zibersegurtasun Hiztegia helbide honetan dago kontsultagai.


