Neolotekaren nondik norakoak

 

Euskarazko neologismoak ardatz dituen UZEIren egitasmoa da Neoloteka.

Bizirik dagoen edozein hizkuntzatan etengabe erabiltzen dira hitz berriak. Lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar-beharrezkoa da edozein hizkuntzarentzat, eta, are gehiago, euskara bezala normalizatze-bidean dagoen hizkuntza batentzat.

Errealitate berriak izendatzeko euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo euskaratik bertatik hiztunok sortzen ditugun hitz eta esamolde berriak (euskarazko neologismoak) beharrezkoak ditugu.

UZEIren Neoloteka egitasmoaren helburua euskarazko neologismoak identifikatu, bildu, aztertu eta sarean edonoren eskura jarriko dituen behatoki bat sortzea da. Horrelako egitasmoak ohikoak dira beste hizkuntzetan, eta horren adibide dira, besteak beste, katalanezko eta gaztelaniazko neologismoak biltzeko eta aztertzeko sortu diren egitasmoak. Euskarak ere horrelako egitasmoak behar dituenez, Neoloteka ataria abian jartzeko beharra ikusi du UZEIk.

Atari honek barnean hartuko dituen neologismoak, euskaraz gaur egun erabili arren, erreferentziazko lan lexikografikoetan ez dauden formak izango dira maiz. Hala ere, gerta daiteke Neolotekan jasotako formaren bat hiztegi lexikografikoren batean ere jasota egotea. Edonola ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren azken bertsio argitaratua (2016. urtekoa) erabiliko da esklusio-corpus gisa (hau da, hiztegi arauemaile horretan ageri diren formak ez dira Neolotekan agertuko).

Abiapuntu gisa, Neolotekaren atari plazaratu berriak 50 neologismo biltzen ditu, eta asmoa da hilabetean 20 neologismo inguru gehituz joatea.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin UZEIk duen konpromisoari jarraikiz, atari honetatik kanpo utziko dira berariaz hizkera sexistako esamoldeak.

Arnasa luzeko egitasmoa denez, urtez urte osatuko da Neoloteka.

Egitasmo honek Laboral Kutxaren babesa du, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzak jaso ditu.

Neoloteka osatzeko, etengabe arakatzen eta aztertzen dugu Argia astekariaren, Berria egunkariaren, EITBren eta Goiena astekariaren ekoizpen idatzia, komunikabide horiek sinatutako hitzarmenetan ezarritakoaren arabera.

Goienaren logoa