1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Muga-zerga» urteko hitz hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk

«Muga-zerga» urteko hitz hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk

berriak, Urteko-hitzak
  • Aduana-zerga sinonimoa askoz gutxiagotan erabili da komunikabideetan.
  • Donald Trumpek iragarri dituen muga-zerga berriei buruzko albiste ugariek termino hori finkatzen lagundu dute.

Hiztegi arauemailean muga-zerga eta aduana-zerga jaso ditu Euskaltzaindiak, biak ere ‘atzerriko produktuei aduanan ezartzen zaien zerga’ adierarekin.

Ez da kontzeptu berria, inondik inora. Ekonomiako hiztegietan aspalditik agertzen da, eta corpusetan ere horren lekukotasun ugari aurkitu daitezke. Horrexegatik iritsi dira, hain zuzen ere, hitz horiek Euskaltzaindiaren Hiztegira ere.

Dena den, aurtengo hizpide nagusietako bat izan dira muga-zergak; bereziki, AEBko presidente Donald Trumpen gobernuak mundu mailako ekonomia astindu duten erabakiak hartu dituelako horien harira.

Soka luzea ekarri du kontu horrek: hasieran, Trumpek Txinako, Kanadako eta Mexikoko salgaiak izan zituen jomugan, eta, ondoren, Europar Batasunekoak eta beste hainbat herrialdetakoak.

Bada, euskal komunikabideetan askoz ere gehiago erabili da hiztegiak sinonimotzat dituen bi esamolde horietako bat: muga-zerga. Bestela esanda, komunikabideetan gutxiagotan irakurri eta entzun dugu aduana-zerga terminoa. Corpusak kontsultatzea nahikoa da joera hori berria ez dela ohartzeko, baina esan daiteke aurtengo gertakariek muga-zerga esamoldearen erabilera finkatzen lagundu dutela.

Horregatik hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk muga-zerga 2025. urteko hitz.

Azkenik, gogoratu bi izenez osatutako hitz-elkarte horiek, beste hainbat bezala, marratxoz zein marratxorik gabe idatz daitezkeela; alegia, muga-zerga eta muga zerga, aduana-zerga eta aduana zerga.