- Gainerako karguen izenak bezala, aita santu hitza ez da maiuskulaz idaztekoa
Vatikanoan egunotan egitekoa den konklabeaz hitz egiteko lagungarriak izan daitezkeen ohar batzuk bildu ditugu.
Batzuetan, honelakoak irakur daitezke han eta hemen: «Aita Santua hiltzean, konklabe bidez hautatzen dute kardenalek haren ondorengoa», «Kapera Sixtinoan bilduko dira kardinalak», «Aurtengoa jubileo-urtea da».
Konklabea egingo den kaperari Kapera Sistinoa edo Sistoren kapera esaten zaio euskaraz, Sisto IV.a aita santuaren omenez. Kontuan hartu sistino dela adjektiboaren forma arautua, ez *sixtino.
Konklabean elkartuko diren prelatuetako bakoitzari kardinal esaten diogu euskaraz (ez *kardenal). Alegia, euskaraz homonimoak dira Elizako goi-kargudun horiek izendatzeko erabiltzen den izena eta lau puntu kardinalak edo zenbaki kardinalak izendatzeko erabiltzen den adjektiboa, forma bera baitute: kardinal.
Eliza katolikoko kardinal guztien multzoari, berriz, kardinalen kolegio esaten zaio (ez *kardinalen kolejio).
Gogoratu, gainera, aita santu hitza, gainerako karguen izenak bezala, ez dela maiuskulaz idaztekoa. ‘Aita santu’ adierazteko, pontifize ere jasoa dago hiztegi arauemailean.
Pontifikatu izenak bi adiera ditu: ‘aitasantutza’ (alegia, ‘aita santuaren egitekoa edo kargua’ ) eta ‘aitasantutzako aldia’.
Azkenik, Euskaltzaindiak jubileu forma arautu du (ez *jubileo). Beraz, aurtengoa katolikoentzat jubileu-urtea izango da (ez *jubileo-urtea).
Ohar horiek kontuan hartuta, honela idatziko genituzke goragoko esaldi horiek: «Aita santua hiltzean, konklabe bidez hautatzen dute kardinalek haren ondorengoa», «Kapera Sistinoan bilduko dira kardinalak», «Aurtengoa jubileu-urtea da».
Ikus halaber:
Vatikanoa hizpide hartuta, gomendio batzuk