Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa plazaratu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk

Gero eta gehiago hitz egiten da hedabideetan nahiz kalean klima-aldaketaz eta aldaketa horri aurre egiteko hartu behar diren neurriez. Esate baterako, gai horrek zeresan handia eman du Nazio Batuen Erakundeak antolatu berri duen nazioarteko COP26 goi-bileraren harira.

Horrela, klima-aldaketaren inguruko esamolde ugari ari dira pasatzen eguneroko hizkerara, baita euskaraz ere, eta Euskaltzaindiak eta UZEIk horien hautaketa bat egin eta Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa argitaratzeko beharra ikusi dute, oinarrizko kontzeptu batzuk argitu eta euskarazko terminoak finkatzen laguntze aldera.

Urtarrilaren 28ko Osoko Bilkuran onetsi du Euskaltzaindiak lexiko hau. Bertan, 25 kontzeptu bildu dira, hala nola deskarbonizazio, karbono-aztarna eta klima-larrialdi.

Euskaltzaindiak eta bere erakunde atxikia den UZEIk elkarlanean argitaratu dituzten beste lexikoetan bezala (Koronabirusaren oinarrizko lexikoa eta Telelanaren oinarrizko lexikoa), oinarritzat hartu dira Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, bai eta inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiak ere. Era berean, lan honetan oso kontuan hartu da klima-aldaketari buruzko euskarazko erabilera ere, bereziki hedabideetakoa.

Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa deskargatzeko, egin klik irudian.

Egin klik lexikoa deskargatzeko






No Comment

Post A Comment