Kirolkidea ataria plazaratu du UZEIk, euskara kirol-arloan sustatzeko helburuz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzarekin lankidetzan eta Kutxa Fundazioarekin laguntzarekin.
Kirolariek eta kirol-arloko gainerako profesional eta jarduleek, euskaraz aritzen diren kasuetan, askotan zailtasunak izaten dituzte beren ohiko zereginean euskaraz era teknikoan eta profesionalean berme osoz eta zuzentasunez aritzeko. Maiz, kirol-araudiak ez daude euskaraz, eta, ondorioz, kontzeptu horiek izendatzen dituzten terminoak ez daude behar bezala finkatuta kirol bakoitzerako.
Horren ondorioz, ekimen puntualetatik goragoko ikuspegi orokorrago batean, segurtasun-falta sortzen da, eta gaizki-ulertuez harago, euskarak komunikazio-tresna gisa duen ahalmena asko indargabetzen da. Hori dela eta, kirolaren jarduera formaleko testuinguruan, gaztelaniazko komunikazio-prozesu elebakarrak bideratzeko joera sendotzeko arriskua dago, “segurtasunaren” eta “erraztasunaren” indarrez.
Auzi honek sentsibilitate bereziko alderdi bat ukitzen du: gaztetxoengan euskararen erabilera sustatzea. Solasaldi informalaz goragoko hizkuntza-transmisioan, euskararen erabileran segurtasunik ez badute kirol-hezitzaile eta teknikariek, gaztetxoek kirol horren ezagutzak euskaraz behar bezala jasotzeko bideak zaildu egiten dira, eta, ondorioz, ahuldu egiten da kirolak gazteengan hizkuntza normalizatzeko izan dezakeen gizarte-potentzial baliotsua.
UZEIk, hainbat kirolentzako euskarazko terminoen prestakuntzan duen esperientziarekin, ekimen hau abiarazi du oraindik osatu gabe dauden arloetako terminologia lantzeko. Lehen fase honetan, lau kirol lehenetsi dira: halterofilia, piraguismoa, triatloia eta bola eta toka. 770 kontzeptu jasotzen dituzten hiztegi elebidunak sortu dira, UZEIren kalitate-estandarrak jarraituz.
Sartu https://kirolak.uzei.eus helbidean eta kontsultatu kirol horietako terminologia.