1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Ireki da «Domeinu terminologikoak berreskuratzeko eta ezartzeko estrategiak» terminologiako espezialisten jardunaldian izena emateko epea

Ireki da «Domeinu terminologikoak berreskuratzeko eta ezartzeko estrategiak» terminologiako espezialisten jardunaldian izena emateko epea

berriak

Hainbat terminologia-aditu “Domeinu terminologikoak galtzea: domeinu haiek berreskuratzeko eta ezartzeko lankidetza-estrategiak” izeneko jardunaldian bilduko dira azaroaren 3an. Jardunaldian landuko diren gaien artean, terminologia, neologia, prospektiba terminologikoa, ezarpena eta adimen artifiziala daude.

Goi mailako ekitaldi hori AETERek, Espainiako Terminologia Elkarteak, antolatzen du, elkarte horretako kide den UZEI Terminologiako Euskal Zentroarekin elkarlanean. UZEI ez ezik, AETEReko kide dira Kataluniako (TERMCAT) eta Galiziako (TERMIGAL) terminologia zentroak eta Real Academia Española (RAE), besteak beste.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Joaquin Garcia Palacios Salamancako Unibertsitateko katedradun eta AETEReko lehendakariak inauguratuko dute jardunaldia.

Elea Giménez CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko zientzialari titularrak eta CSICen ES-Ciencia plataforma tematikoaren eta TERESIA (Portal de acceso a TERminologías en ESpaña y servicios de Inteligencia Artificial) proiektuaren koordinatzaileak irekiko du hitzaldien saioa, terminologia eleaniztunetarako garaia ote den hizpide hartuta.

Jardunaldi honetako beste hizlari nabarmenetako bat Étienne Quillot izango da (Frantsesaren eta Frantziako hizkuntzen Ordezkaritza Nagusia), Frantziako Kultura Ministerioa ordezkatuko duena. Quillotek Frantzian 1972tik aurrera terminologiak eta neologia ofizialek egindako bidea eta arlo horietan etengabe egin diren ahaleginak aurkeztuko ditu, hiztegi zientifiko eta teknikoak aberastearen garrantzia nabarmenduz.

Elena Montiel doktoreak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) Zientzia eta Teknologiari Aplikatutako Hizkuntzalaritza Saileko irakasle titularra eta unibertsitate horretako Ontology Engineering Group ikerketa-taldeko kidea denak, terminologiek datu-espazioetan funtsezko eginkizuna nola betetzen duten azalduko du.

Arratsaldean, hiru unibertsitatek garatutako beste hainbeste proiektu aurkeztuko dira, eta terminologia-bankuak mantentzen adituak diren espezialisten arteko solasaldia egongo da.

Jardunaldia Donostian egingo da, Euskaltzaindiaren Ordezkaritzan, eta doakoa eta aurrez aurrekoa izango da. Izen-ematea UZEIren webgunearen bidez egin daiteke: uzei.eus

Aukera ezin hobea da domeinu terminologikoen galerari aurre egiteko lagungarriak izan daitezkeen lankidetza-estrategiei edo beste mota batekoei buruz hausnartzeko. Domeinu terminologikoen galerak espezialitate-hizkuntzaren maila guztietan hizkuntza batean komunikatzeko gaitasuna galtzea esan nahi du, eta komunikazio profesionalerako beharrezkoak diren bitartekoen garapen gehigarri eskasaren ondorioz gertatzen da.

Ekitaldiaren data: 2023ko azaroak 3

Lekua: Euskaltzaindiaren Ordezkaritza, Almortza, 6 (Tolare baserria). Donostia.

Ordutegia: 09:00-13:00 eta 15:00-17:30