Hiztun batek nekez ezagut dezake hiztegi orokorretan jasotako hitz guztien esanahia, eta, hitz baten adiera ez dakigunean edo gogoratzen ez dugunean, ondo ezagutzen ditugun hitzekiko antzekotasuna bilatzen saiatzen gara, haren adiera asmatzeko-edo. Baina, jakina, trikimailu horrek ez du beti balio.
Adibidez, norbaitek bere burua “maldatu” behar duela esaten digunean, ez dugu zertan pentsatu aldapan behera korrika hasteko grinaz dagoenik. Batentzat baino gehiagorentzat ezezaguna izan daiteke “maldatu” aditza.
Lexikoa aberaste aldera, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan jasotako 10 hitz bildu ditugu hemen, zuretzat ere agian ezezagunak izan daitezkeelakoan.
Zenbat ezagutzen dituzu?
1. MALDATU
‘Babestu’ esan nahi du (→ Euria hasi zuenean arbolapean maldatu ginen).
2. BELORIT
Erdi Aroan gaizkileak lotzeko erabiltzen zen harrizko zutabea da.
3. OPOTS
Segalariak gerrian urez beteta eramaten duen zurezko ontzitxoa da; sega-potoaren sinonimoa, beraz.
4. HEL EGIN
Laguntza eskatzeko oihu egitea da hel egitea. Bestalde, “hel” laguntza eskatzeko oihua da (→ Hel guri!).
5. LIRIN
Heldua, sasoian dagoena da. (→ Mahats lirinak dituen mahatsondoa aukeratu du).
6. ZUZEMEN
Arazo edo egiteko bat konpondu edo bideratzeko egiten den gauza dela dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak. (→ Bitarte hori bere anaia etxeratzeko zuzemenak egiten igaro zuen).
7. OKUNTZATU
Hazia ereiteko lurra prestatzea da.
8. ESKUARTE
‘Baliabideak’ esan nahi du. (→ Eskuarte handiko emakumea da).
9. OILARITE
Erregistro jasoko hitza da, ‘egunsentia’ esan nahi duena. Orotariko Euskal Hiztegiak hitz honen etimologia argitzen du: oilar-jaite (oilar-jotze).
10. BERTZUN
Errautsa jasotzeko pala da.
2015-10-30an argitaratua.