1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Euskararen domeinu-galera edo domeinu-irabazia» Bruselan hizketagai, UZEIren eskutik

«Euskararen domeinu-galera edo domeinu-irabazia» Bruselan hizketagai, UZEIren eskutik

berriak, Terminologia

Domeinuaren galeraren kontzeptua 1990. hamarkadan sortu zen Europako iparraldeko herrialdeetan, eta honela definitu zuten Laurén, Myking eta Picht-ek: «hizkuntza nazionalean komunikatzeko gaitasuna galtzea ezagutza-arlo bateko maila guztietan, komunikazio profesionalerako beharrezkoak diren bitartekoen garapen eskasaren ondorioz». Beharrezko bitarteko horien artean, gai profesional espezifikoei buruz hizkuntzan bertan komunikatzeko behar diren terminoak daude.

Domeinua galtzeari, irabazteari eta berreskuratzeari buruzko ezagutza partekatzeko eta kasu praktikoak aztertzeko Domain Loss and Gain jardunaldia antolatu berri dute Bruselan, NL-Term, Instituut voor de Nederlandse Taal eta Infoterm erakundeek, EAFT Europako Terminologia Elkartearekin batera.

Jardunaldi horretan parte hartu du UZEIko Begoña Arrate terminologoak «The influence in domain loss/gain of specialized term use in non-specialized discourse: the case of Basque as a language undergoing a standardization process» izeneko hitzaldiarekin.

Euskal terminologiaren ibilbidea azaldu ondoren, euskarazko termino espezializatuen diskurtso ez-espezializatuko erabilerak euskararen domeinu-galeran edo domeinu-irabazian izan ditzakeen ondorioak izan zituen hizketagai Begoña Arratek bere hitzaldian. Besteak beste, euskarazko komunikabideetan terminologiak azkenaldian izan duen bilakaera azaldu zuen, kasu praktiko batzuekin.

Europako Terminologia Elkartea

EAFT Europako terminologia-jarduera sustatu eta profesionalizatzea eta terminologiaren bidez eleaniztasuna bultzatzea helburu duen erakunde profesionala da. EAFT elkartearen sortzaileetako bat da UZEI.

Hain zuzen ere, EAFTek bi urtez behin antolatzen duen nazioarteko terminologia biltzarra Donostian egin zen 2018an, UZEIren eskutik.