title

Euskal Herriko herrien izenen mapa digitala, sarean

Euskal Herriko herrien izenen mapa digitala, sarean

Euskal Herriko probintzia guztietako herrien euskal izenak, izen ofizialak eta herritarren izenak, Euskaltzaindiak arautuak dituenak, mapa digital batean bildu ditu UZEIk, erabiltzaileek informazio hori guztia erraz  aurkitzeko moduan.

Mapa berri hau arakatzeko, UZEIk bere webgunean jarri du zuzeneko esteka, Google Maps  zerbitzuko helbidera bideratzen duena:  https://www.google.com/maps/d/viewer?mid=zLytgFfIdbl4.kV1bAHb_4PuU.

_EHMAPA_BIDANIA

Euskal Herriko herrien eta herritarren izendapenak are errazago bilatzeko, koloreka bereizi dira zazpi probintziak.

Mapan nabigatu ahala bistara daiteke informazio osoa ikonoaren gainean klik eginda (herri bakoitzaren euskarazko izena, izen ofiziala eta herritarren izendapena), baina bilaketa-leihoan edota goitibeherako zerrendan ere egin daitezke bilaketak.

 

Euskaltzaindiak 1998tik 2009ra bitartean plazaratu dituen 10 arau hauen informazioan oinarrituz prestatu duen UZEIk mapa: 92. eta 99. arauak (Zuberoako herri-izendegia: kasu honetan, udalerriak bakarrik jaso dira, mapan kokatu ahal izateko), 108. araua (Lapurdiko herri-izendegia), 122, 128 eta 133. arauak (Nafarroa Behereko herri-izendegia), 140. araua (Gipuzkoako herri-izendegia), 145. araua (Bizkaiko herri-izendegia), 150. araua (Arabako herri-izendegia) eta 155. araua (Nafarroako herri-izendegia).

_LUZAIDE

Guztira, 669 herri agertzen dira mapa digital honetan, honela banatuta:

Araba: 55
Bizkaia: 112
Gipuzkoa: 88
Lapurdi: 41
Nafarroa Beherea: 58
Nafarroa: 272
Zuberoa: 43

Bestalde, Google Maps zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak direla-eta, ikuspegi-mota batean baino gehiagotan bistara daiteke mapa.

Euskal Herriko Mapa Digitala www.uzei.eus webgunean kontsulta daiteke, UZEIk 2014an  sarean jarritako Mundu Mapa Digitala bezala. Munduko estatuen izendapenak biltzen zituen iazko mapa hark.

 Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntzarekin prestatu da mapa hau.

2015-02-13an argitaratua.

 

No Comment

Post A Comment