1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. EKIN, aurrerapauso bat hizkuntza naturalaren eta Ekoizpen Industrialeko Makinen arteko interakzioari begira, baita euskaraz ere

EKIN, aurrerapauso bat hizkuntza naturalaren eta Ekoizpen Industrialeko Makinen arteko interakzioari begira, baita euskaraz ere

berriak, I+G+B
  • Vicomtech, UPV/EHU, Tekniker, Ikor, IMH eta UZEI erakundeek Ekin proiektuan indarrak batu dituzte, langileen eta makinen arteko interakzio-mekanismoak garatzeko
  • Adimen artifizialeko teknologia aurreratuetan oinarritutako hizkuntza naturaleko elkarrekintza-soluzioen inplementazioan aurrera egingo da, baita euskaraz ere.
  • Martxoaren 22an eta 23an, Ekin proiektuaren aurkezpenak egin zaizkie INDEUS plataformako taldeei, euskarazko dokumentazioa lortzeko, konponbideak integratzeko behar den corpusa osatu ahal izateko.

Donostia, 2021eko martxoaren 24a. Martxoaren 22an eta 23an Ekin proiektua aurkeztu zaie INDEUS Industriaren Euskal Plataforma osatzen duten taldeei; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-plantetan makinekiko elkarrekintza iraultzera deitua dagoen proiektua.

Proiektuaren esparruan, langileen eta makinen arteko interakzio-mekanismoak garatu eta ezarriko dira, zenbait prozesuren produktibitatea errazteko eta hobetzeko. Gainera, Vicomtech-ek, UPV/EHU-k, Tekniker-ek, IKOR-ek, IMH-k eta UZEI-k osatzen duten partzuergoak, erreferentziazko bazkideak denak, aurrerapauso bat egitea eta makinekin eta automatismoekin interakzioan aritzeko euskarazko terminologia eta corpus bat formalizatzea proposatzen du, industria-ingurunean hizkuntzaren erabilera bultzatzeko.

Vicomtech-ek koordinatuta, proiektuak Adimen Artifizialeko teknologia aurreratuenak erabiliko ditu, langileen eta makinen artean hizkuntza naturaleko interfazeen garapena errazteko. Teknologia horiekin, ahotsa ezagutzeko eta sintetizatzeko eredu neuronalak optimizatuko dira, eta, gainera, makinetan bertan kokatutako gailu elektronikoetan integratu ahal izango dira, bai eta automatismoetan ere, hedapenek eragin ditzaketen pribatutasun-, segurtasun- eta latentzia-arazoak saihesteko.

Horrelako konponbideak garatzeko, beharrezkoa da corpusa edukitzea, erabilera-domeinuko dokumentuetatik datorrena, kasu honetan, industria-ingurunetik. Beraz, eskuliburuak, dosierrak eta mantentze-oharrak behar dira. Hauetaz gain, erreferentziazko hizkuntzetan dauden terminologia-oinarri bat eta pertsona-makina interakzioko adierazpenak ere ezinbestekoak dira.

Proiektuaren helburuetako bat pertsona-makina interakzioak euskaraz sustatzea denez, Partzuergoak azaldu du INDEUS, Euskal Industriaren Plataforma, osatzen duten enpresei oinarrizko corpusa euskaraz ere izateko beharra. Testuinguru horretan, harrera oso positiboa izan da, eta agerian geratu da ekimenean parte hartzeko borondate argia, euskaraz eskuragarri dagoen dokumentazioa aurkeztuta. Horrela, INDEUSek ere bat egin du asmo handiko proiektu honen helburuak lortzeko.

Teknologia garatzeko erabilera-kasu gisa erabiliko diren hiru ingurune definitu dira: zenbakizko kontrolen programazioa, fabrikazio- eta muntaketa-prozesuak eta mantentze industriala. Proiektua amaitutakoan, horietako bat aukeratuko da inplementazioa gauzatzeko eta emaitzak baliozkotzeko, teknologia beste industria-instalazio batzuetara transferitu eta aplikatu aurretik.

INDEUS SPRIk, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek bultzatutako ekimena da. 25 euskal enpresa biltzen ditu, eta industria-eremuan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea du helburu.

Proiektu hori SPRIk finantzatu du Elkartek programaren esparruan. Programa horrek ZTBESko eragileek RIS3 Euskadi arlo estrategikoetan egindako elkarlaneko ikerketa babesten du.