1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Adimen artifizialaren garaiko terminologiaren erronkak aztergai Valentziako jardunaldian

Adimen artifizialaren garaiko terminologiaren erronkak aztergai Valentziako jardunaldian

berriak, Terminologia

Acadèmia Valenciana de la Llenguak (AVL) hizkuntzaren sustapenarekin eta garapenarekin lotutako hainbat jarduera antolatu eta babestu ditu urte osoan zehar. Egitasmo horien barruan egin zen azaroaren 12an XXV. AETER Jardunaldia, Valentziako Sant Miquel dels Reis monasterioan.

Aurtengo AETER Jardunaldiaren izenburua «Terminologiaren erronkak adimen artifizialaren garaian: ikerketa, praktika eta irakaskuntza» izan zen, eta adimen artifizialak terminologiaren esparruan zabaldu dituen aukera eta erronkei buruzko hausnarketa partekatua sustatu zuen. Jardunaldiari hasiera emateko, Nuria Oliver doktoreak hitzaldia eskaini zuen, adimen artifizialaren garapen arduratsu eta sozialki jasangarriaren aldeko ikuspegia defendatuz.

Saioetan zehar hainbat ikuspegi landu ziren. Ikerketaren arloan, adimen artifizialak terminologia-lanean eskaintzen dituen aukera berriak aztertu zituzten adituek; praktikaren ikuspegitik, berriz, teknologia horien aplikazioak eta gaur egun dituzten mugak izan zituzten hizpide. Irakaskuntzari dagokionez, terminologia lantzeko metodologia eta tresna berriak aurkeztu ziren, eta unibertsitateetan filologoek adimen artifizialeko tresnak garatzen eta erabiltzen ikasteko egiten ari diren urratsak ere azaldu ziren.

Jardunaldian behin eta berriz nabarmendu zen, adimen artifizialaren aurrerapenak gorabehera, terminologiaren oinarrizko printzipioek indarrean jarraitzen dutela. Terminoen zehaztasuna eta koherentzia bermatzea, hizkuntza bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartzea eta kalitatezko baliabide terminologikoak garatzen jarraitzea ezinbestekoak direla azpimarratu zen. Testuinguru horretan, adimen artifiziala tresna baliotsua izan daitekeela ondorioztatu zen, baina haren emaitzen fidagarritasuna neurri handi batean oinarri terminologiko sendoen mende dagoela ere agerian geratu zen.

Ekitaldian terminologiaren eta hizkuntzaren arloko hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren. Besteak beste, bertan izan ziren Manuel González, Termigal Galiziako terminologia-zerbitzuko lehendakaria; Jordi Bover, Kataluniako Termcateko zuzendaria; Teresa Cabré, Institut d’Estudis Catalans erakundeko lehendakaria; Joaquín García Palacios, AETEReko lehendakaria; eta Imanol Urbieta, UZEIko zuzendaria. Parte-hartzaile guztiei M. Àngels Francés AVLko lehendakariak egin zien harrera.

Jardunaldiak erakutsi zuen terminologiaren arloa eraldaketa betean dagoela, baina baita lankidetzarako eta ezagutza partekatzeko esparrua izaten jarraitzen duela ere. Hizkuntzaren, teknologiaren eta hezkuntzaren arteko elkargune gisa, jardunaldi honek aukera eman zuen etorkizuneko erronkei buruzko ikuspegiak trukatzeko eta terminologiak adimen artifizialaren garapenean izango duen zeregina aztertzeko.

Irudia: @AVLoficial (X)