1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. San Juan baleontziaren lexikoa: itsas ondarea, hizkuntza eta lankidetza uztartzen dituen proiektuaren hasiera

San Juan baleontziaren lexikoa: itsas ondarea, hizkuntza eta lankidetza uztartzen dituen proiektuaren hasiera

berriak
  • Albaola, Euskal Itsas Museoa eta UZEI elkarlanean aritu dira, eta bakoitzak bere ezagutza eta esperientzia jarri ditu
  • Egitasmo honen lehen emaitzak dagoeneko kontsultagai daude https://baleontzia.uzei.eus helbidean

Donostia, 2026ko martxoak 11

Albaolak, Euskal Itsas Museoak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia zentroak egitasmo berri bat jarri dute martxan elkarrekin. Proiektu honek euskal itsas ondarea eta euskara uztartzen ditu, eta helburu argi batekin sortu da: ontzigintzarekin eta nabigazioarekin lotutako euskarazko lexikoa berreskuratzea, finkatzea eta herritarren eskura jartzea.

Egitasmo hau hiru erakunde horien arteko elkarlanaren emaitza da, eta bakoitzak bere ezagutza eta esperientzia jarri ditu proiektuaren zerbitzura. Albaolak itsas ondareari eta ontzigintzari lotutako jakintza praktikoa eta dokumentala ekartzen du; Euskal Itsas Museoak testuinguru historikoa eta ondarearen ikuspegia; eta UZEIk, berriz, hizkuntzaren eta terminologiaren arloko ezagutza. Elkarlan horri esker, proiektuak oinarri sendoak ditu eta epe luzerako izaera hartzen du.

Saio honetan, hiztegiak San Juan baleontziarekin lotutako ontzigintza eta nabigazioko lexikoa bildu du: ontzien atalak, piezak, tresnak, materialak eta maniobretako kontzeptuak. Lau hizkuntzatan ditu ordainak (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa), definizioak ditu kontzeptuak argitzeko, eta, zenbaitetan, elementu grafikoa (argazkia edo irudia) du osagarri modura.

Hiztegia online kontsultagai izateko sortu da, formatu erabilerrazean eta gailu mugikorretara egokitua. Publiko zabalarentzat irekia eta eskuragarria izatea da baliabide horren helburuetako bat: ikastetxeentzat, museoentzat, itsas ondarearekin lan egiten duten erakundeentzat, eta, oro har, itsasoarekiko interesa duen edonorentzat.

Egitasmo global eta ebolutiboa denez, denborarekin aberastuz joango den hiztegi bat sortu da, beste ontzi mota batzuetara, itsas jardueratara eta etorkizunean beste kultura eta hizkuntza batzuetara ere zabaldu daitekeena. Ekimen hau, beraz, bide bat da: hizkuntzaren, itsas kulturaren eta lankidetzaren bidez, gure ondarearen zati garrantzitsu bat modu berritzailean balioan jartzeko bidea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren laguntza jaso duen egitasmo honen lehen emaitzak dagoeneko kontsultagai daude. Egindako lana ezagutzeko eta hiztegia pixkanaka nola osatzen ari den ikusteko, hemen sar zaitezke proiektuaren webgunera: https://baleontzia.uzei.eus