1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Lourdes Auzmendi Aierbe izango da UZEIko lehendakari berria

Lourdes Auzmendi Aierbe izango da UZEIko lehendakari berria

berriak

Abenduaren 12an, UZEIko Batzar Nagusiak aho batez izendatu zuen Lourdes Auzmendi Aierbe UZEIko lehendakari.
Lourdes Auzmendik itzulpengintzan eta interprete-lanetan garatu du bere ibilbide profesional osoa, eta, horri esker, bai UZEI eta bai erakunde horren lana eta ekarpena ondo ezagutzeko aukera izan du.
1987an, EIZIEren (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) sortzaileetako bat izan zen, eta elkarte horretako lehendakari ere bai aldi batez. 2001etik 2017ra bitartean, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle aritu zen itzulpengintzako ikasketetan.
Eusko Jaurlaritzan Euskara Sustatzeko zuzendari izendatu zuten 2009an, eta geroago Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako sailburuorde.
Hemendik aurrera elkarrekin egingo dugun ibilbidea ere berea bezain oparoa izatea espero dugu.
Ongi etorri, Lourdes!

Jon Etxaberen lekukoa hartuko du
Ezin aipatu gabe utzi, jakina, orain arte UZEIko lehendakari izan den Jon Etxabe. Azken 20 urteotan, erabateko prestutasuna eta inplikazioa erakusteaz gain, sinergia eta lan-ildo berritzaileak indartzeko ahalegin etengabea egin du bere lehendakari-lanetan. Horregatik, gure esker ona adierazi nahi diogu bihotzez. Mila esker, Jon!