1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Euskaltzaindiak eta UZEIk 2021eko hitza aukeratu dute: «aldaera»

Euskaltzaindiak eta UZEIk 2021eko hitza aukeratu dute: «aldaera»

berriak, lexikoa
    • Lehen aldiz hautatu dute urteko hitza Euskaltzaindiak eta haren erakunde atxikia den UZEIk.
    • Euskarazko albisteen jarraipenean oinarrituta hautatu dute «aldaera» hitza.
    • COVID-19a eragiten duen birusaren aldaerak behin eta berriz izan dira albiste 2021ean.

 

2021/12/17

Erabilerak berritu duen hitza

Euskararentzat, «aldaera» ez da hitz berria. Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailean jasota dago lehendik ere, baina azken hilabete hauetan ohiz kanpoko erabilera izan du pandemiaren harira. Izan ere, aurten ere COVID-19a izan da albiste nagusienetako, besteak beste birusaren aldaera berriek pandemiaren beraren bilakaeran duten garrantzia dela eta.

Letra grekoak, ez leku-izenak

Dagoeneko, COVID-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren aldaera ugari identifikatu dituzte zientzialariek mundu osoan zehar. Gaixotasun edo patogeno berrien izenetan erreferentzia geografikorik ez erabiltzea gomendatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta, horregatik, COVID-19aren birusaren kasuan ere, aldaerak ez dira izendatzen lehen aldiz identifikatu diren herrialdearen edo lekuaren arabera. Hain zuzen ere, horrelako izenak teknikoak ez diren testuinguruetan erabiltzen dira, baina herrialde edo leku horietako pertsonak ez estigmatizatzeko alfabeto grekoko letrekin izendatzea erabaki du OMEk.

Horrela, Erresuma Batuan agertutako aldaerari alfa aldaera deitzen zaio, iaz Hegoafrikan identifikatutakoari beta aldaera, Brasilgoari gamma aldaera, Indiakoari delta aldaera, Perukoari lambda aldaera, Kolonbiakoari mu aldaera, eta aurtengo azaroan Herbehereetan eta Hegoafrikan detektatutakoari, berriz, omikron aldaera.

Albiste ugaritako hizpide

Urte osoan zehar izan ditugu ahotan, beraz, SARS-CoV-2 birusaren aldaerak. Apirilean, OMEk eskatu zuen Erresuma Batuko aldaera edo aldaera britainiarra moduko izendapenak ez erabiltzea. Ekainean, berriz, delta aldaera hedatzen ari zela eta, txertatze-prozesua azkartzeko beharra azpimarratu zuten osasun-agintariek. Irailean albiste izan zen Kolonbian detektatu berria zen mu aldaera. Azaroan jakin genuenez, omikron aldaera Europan zegoen, Hegoafrikan lehendabiziko kasuak agertu aurretik.

Edonola ere, alfabeto grekoa gogoan duen edonor ohartuko den bezala, OMEk mu aldaeratik omikron aldaerara egin du jauzi, nu eta xi letrak erabili gabe. Esan dutenez, berariaz baztertu dituzte letra horiek, ingelesezko new (‘berri’) hitzarekin nahas zitekeelako nu grekoa, eta, xi, berriz, Asian arrunta den abizena ere badelako. Eta, noski, letra horiek ez erabiltzeko erabakia ere hizpide izan da aurten.

Lehen aldiz, urteko hitza elkarrekin

Lehen aldia da Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitza elkarrekin hautatzen dutela. Euskarazko lexikoaren jarraipena egiten du egunez egun Akademiaren erakunde atxikia den UZEIk. Horretarako, nagusiki, komunikabideak arakatzen ditu, lexikoa eguneratua izatea ezinbestekoa baitzaio hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnetarako. Eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk 2021eko hitza.