Amaitzear den urtearen errepasoa egiteko aitzakiarekin, urtean zehar hizkuntzaren ikuspegitik zeresana eman duten edo aipagarriak izan diren hitzak hautatu ditugu, urtero bezala. Oraingoan ere, era askotako kontuak bildu ditugu, eta hurrenkera kronologikoan -jaso ditugun bezala- antolatu ditugu.
Dagoeneko gehienok ahaztua izango duzuen arren, itsasontzi batek zamaren zati bat galdu zuela eta, urtarrilean zalantza bera izan genuen gutako askok. Nola esan euskaraz gure hondartzetara iristen hasi ziren plastikozko gauza txiki haiei? Sare sozialen bidez ere galdera hori helarazi zigun erabiltzaileren batek. Bada, era askotara izendatu genituen euskaldunok (pelletak, bolatxoak…), baina komunikabide gehienek pinporta hitzaren alde egin zuten.
Irudia: @uiturriaga
Horrelakoetan, zalantza argitzeko hiztegietara jotzea izaten da lehendabiziko aukera. Eta, tira! Zenbatek ez ote zuen urtarrilean bertan hiztegira jo janela hitzak zer esan nahi ote zuen jakin nahian? Izan ere, Gorka Urbizuk Hasiera bat izeneko diskoa argitaratu zuen, eta «Janela bat» kantuaren izenburuak arreta eman zuen. Portugeseko hitza dela ikasi genuen askok orduan: ‘leiho’ esan nahi du.
Aurreko urteotan gertatu den bezala, aurten ere bizitzaren garestitzeak oparitxo bat utzi digu hiztegian: merkeflazioa. Izan ere, otsaileko lehen astean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan aipatu zutenez, Foodwatch erakundeak salatu zuen produktu batzuen kalitatea kaskartu egin zela. Bada, albiste horri esker, ikasi genuen merkeflazio esaten zaiola irabazi-marjinak handitzeko produktu baten prezioari eutsiz produktuaren kalitatea jaisteari. 2022ko urteko hitzen artean sartu genuen murrizflazioaren lehengusu txikia, nonbait.
Handik egun gutxira, 20.000 especies de abejas filmagatik Goya saria jasotzera oholtzara igo zen Esti Urresola zuzendaria, izanak izena duela gogoraraziz, Gazan gertatzen ari dena izendatzeko urte osoan zehar hainbatek saihestu duen hitz bat ahoskatzera ausartu zen: genozidioa. Hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundeko Francesca Albanesek, Amnesty Internationalek eta beste askok ere genozidio hori salatu dute aurten.
Argi dago mundua izendatzeko erabiltzen ditugun moldeak ez direla batzuetan uste dugun bezain neutroak. Horixe bera azpimarratu dute aurten, besteak beste, hitanoaren harira. Eta hitz berri bat ikasi dugu horrekin: xoka edo hitano ez-binarioa. Labur esateko, «hasi gaituk» edo «hasi gaitun» esan ordez, «hasi gaitux» esatea proposatzen dute xokaren sustatzaileek.
Baten bat aztoratuko zen albiste hori irakurritakoan. Baina horrelakoa da bizitza. Beti dago norbait edozein gauzarekin aztoratzeko prest. Esate baterako, Frantzian apirilean egindako lege-aldaketa baten ondorioz, landa-eremuko bizilagun berriek ezin izango dituzte laborariak auzitara eraman, baldin eta neorruralen bizikera aztoratzen duen soinu, zarata, usain edo dena delakoa bertakoa eta betikoa bada. Bai, neorrural edo neolandatar esaten zaie hiritik landa-eremura bizitzera joan berriak diren kaletarrei. 2024an sartu ditugu termino horiek Neolotekan, bide batez.
Frantzian baina Hegoaldeago, lokatza gora eta lokatza behera ibili ziren apiril partean. Izan ere, Espainiako gobernuburuak, herritarrei zuzendutako gutun batean, lokatz-makina martxan jartzea egotzi zien PP eta Vox alderdietako buruzagiei. Ez da kontzeptu berria, Umberto Eco idazleak asmatutakoa baizik; baina, horren harira, bolada batez bogan ibili zen solasaldi eta komunikabide gehienetan.
Ez da politikaren mundutik aurten jaso dugun esamolde bakarra. Gero eta ezagunagoa bihurtzen ari den beste hitz bat ere jaso genuen maiatzean: libertario. Donald Trump libertario-batzarrean txistu artean hartu zutela irakurri genuen orduan. Izan ere, jabetza pribatuan oinarritutako «askatasunaren» defendatzaile sutsu horientzat, Trump bera ere ez da nahikoa libertario, antza.
Libertarioak ez ezik, akainak ere asko ugaritu dira azkenaldian. Tira, ez dezala inork esan muturreko liberalak parasitoekin alderatu ditugula, arren! Kontua da udan hizpide izan genuela akainek transmiti dezaketen gaixotasunik larriena, Lyme izenekoa. Diagnostikatzen zaila izateaz gain, kroniko ere bihur daiteke, ohartarazi zutenez.
Agian, norbaitek pentsatuko du hori bezalako mailegu asko -agian gehiegi- irensten dituela euskarak urtero. Baina inguruko hizkuntzek euskaratik ere edaten dute. Ezetz? Bada, adibide gisa, hor dugu uda partean katalanaren hiztegi arauemailean sartu duten xistorra, euskal txistor famatutik hartu dutena. Santomas bezperan denon ahotan ibiltzen da, gainera, hitz-joko merkea zilegi bazaigu.
Mailegua izan edo euskal hitza izan, hiztunek dute azken hitza, eta ezin zaio inori galarazi esamolde bat edo bestea erabiltzea. Halere, beti dago horretan tematzen denik. Aurten bertan, Meta erraldoi teknologikoak (badakizue, Facebook izenez ezagunagoa den horrek) gorroto-diskurtsotzat hartu du sionista hitza erabiltzea. Horregatik bakarrik, zerrenda honetan egotea merezi du.
Batzuetan, hitzak debekatzen dira, eta beste batzuetan, berriz, eufemismo galantak erabiltzen dira gauza zatarrak modu goxoagoan adierazteko. Udako oporretatik itzulitakoan, adibidez, esamolde berri bat entzun genuen lehen aldiz: migrazio zirkularra. Ez dakigu zer bide egingo duen, baina ezin uka esamolde dotoreagoa ez denik. Migratzaileak euren sorterrira itzularazi nahi dituztela esatea baino askoz dotoreagoa, behintzat.
Hitzak debekatzearen harira, beste albiste bat izan dugu udazkenean: 2021az geroztik Frantzian galarazita zeuden saltxitxa begetal eta antzeko izendapen komertzialak onetsi ditu, azkenik, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. Horrela, saltxitxa, hanburger eta haragi-produktuen beste izen tradizionalak erabili ahal izango dira Europar Batasuneko herrialde guztietan landare-jatorriko elikagaiak saltzeko; betiere, behar bezala etiketatuta badaude. Ebazpen horretara egokitu beharko du Frantziako araudiak ere.
Beti ez da egoera berrietara egokitzeko beta handirik izaten, bat-batean iristen baitzaizkigu aldaketak. Esate baterako, halaxe gertatu zen urtearen azken txanpan Valentzian eta, handik egun batzuetara, Sizilian, euriak sekulako triskantza eragin zuenean. Triskantza hark elkartasun-uholdea ekarri zuen atzetik. Baina izendapen berri bat utzi zigun euskaraz: GOIDI edo goi-geruzetako depresio isolatu terminoa. Ordura arte, kontzeptu hori izendatzeko terminoekin dantza dezentekoa genuen, baina, erabiliaren erabiliaz, gero eta ezagunagoa egin zaigu dagoeneko esamolde hori.
Handik aste-pare batera, berriz, Aner Peritz Manterolak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako 3. finalaurrekoan bota zuen hasierako agurrak ere beste uholde moduko bat eragin zuen. Ikasle-garaiko bizipen gogorrak taularatu zitueneko unea birala bihurtu zen, eta askok nabarmendu zituzten sare sozialetan Anerrek botatako bertsoaren azken hitzak, izua gainditu duen haur hark mendekua hartu nahi duela esateko abestu zituenak.
Anerren ausardiarekin amaitu dugu aurtengo errepasoa, eta, elkarren arteko babesean, ausardia horrekin begiratuko diogu datorren urte berriari ere. Datorren zerrendaraino, bederen!