2015-06-16an argitaratua.
2017-02-07an eguneratua.
Farmazialariek beren eguneroko zereginetarako behar duten oinarrizko terminologia biltzen duen hiztegi berria aurkeztu du FEUSE Farmazialari Euskaldunen Elkarteak.
Hau ez da FEUSEk argitaratzen duen lehen hiztegia. Duela urte batzuk argitaratu zuen Farmazialari Euskaldunen Elkarteak UZEIk prestatutako Farmazia Hiztegia.
3.642 sarrera, euskaraz eta gaztelaniaz
Orain, hiztegi haren bertsio eguneratua eta osatua jarri du sarean, corpus berri batean oinarrituta UZEIk prestatu duena, hain zuzen ere. Guztira, euskarazko eta gaztelaniazko 3.642 sarrera biltzen ditu hiztegi berriak, eta 16 atal nagusitan sailkatuak daude sarrera horiek.
Hiztegia edonoren eskura dago Farmazialari Euskaldunen Elkartearen webgunean: feuse.eus. Kontsulta-aplikazioan bilatu nahi den sarrera idatzi ahala, proposamenen zerrenda agertzen zaio azpian erabiltzaileari, lagungarri modura. Aipatutako atal edo sail horien arabera findutako bilaketa ere egin daiteke FEUSEren webguneko hiztegian.
Hiru corpusetan oinarritutako lana
Hiru corpus nagusi erabili dira iturri gisa hiztegi hau osatzeko: batetik, 2002an UZEIk FEUSErentzat egindako Farmazia Hiztegia; bestetik, EHUko Farmazia Fakultatean euskaraz irakasten diren irakasgaietako materiala; eta, azkenik, ospitalez kanpoko jarduera farmazeutikoan erabiltzen diren arau eta inprimaki nagusien bilduma.
Euskal Herriko Farmazialarien Kontseilua, EHUren Farmazia Fakultatea, Cinfa, DFG eta Nafarco kooperatiba ere partaide izan ditu FEUSEk hiztegi berria plazaratzeko.