1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Txile hizpide hartuta, idazkera-gomendio pare bat

Txile hizpide hartuta, idazkera-gomendio pare bat

Gomendioak

Hiriburuaren euskal izena

Txileko hiriburuaren euskal izena Santiago da, eta Galiziako hiriarena, aldiz, Santiago de Compostela da (izen historikoa Compostelako Donejakue dela zehazten du Euskaltzaindiaren 38. arauak).

Hortaz, ez dago bi hiri horien euskal izenak nahasteko aukera handirik. Halere, ohikoa da (eta zuzena) Txileko Santiago segida erabiltzea, Euskaltzaindiak berak 193. arauan egin duen bezala.

Santiagoko herritarrak santiagotarrak dira (ez *santiagoarrak).

Moneda jauregia (ez *La Moneda jauregia)

Santiagon dago Txileko presidentearen egoitza ofiziala, Moneda jauregia. Jauregi horren jatorrizko izena ez da euskaratzen (alegia, ez da itzultzen: ez «Txanpona», ez «Moneta»), Kaliforniako San Frantziskoko Golden Gate zubia «Urrezko Atea» itzultzen ez den bezala.

Diru-kontuak hizpide hartuta, peso txiletarra da Txileko diru-unitatea.

Zenbaitetan, hedabideetan edo sare sozialetan «Augusto Pinocheten aginduz bonbardatu zuten La Moneda jauregia» modukoak irakurtzen edo entzuten badira ere, Euskaltzaindiaren 193. arauak dioenez, izendapen horren jatorrizko artikulua ez da izen bereziaren parte (el palacio de la Moneda).

Beraz, azalpen horri jarraikiz, baztertzekoa izango litzateke artikuludun izendapena (*La Moneda jauregia), eta gorago aipatutako esaldiaren idazkera egokia hau izango litzateke: «Augusto Pinocheten aginduz bonbardatu zuten Moneda jauregia».

Ikus, halaber:

32. araua: Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak. Arau zuzendua eta eguneratua.

38. araua: Munduko estatuen izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.

178. araua: Kanpoko leku‐izenei dagozkien herritar‐izenak eta jatorri‐adjektiboak sortzeko irizpideak. 

193. araua: Artelanen izenak. Arkitektura.