1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Trans emakumeak» ala «emakume transak»?

«Trans emakumeak» ala «emakume transak»?

Gomendioak
  • Trans hitzarekin eratutako zenbait esapidek zalantzarako bidea ematen dute.

Hiztegiak zehazten duenez, trans forma izenondoa edo izena izan daiteke transexual eta transgenero hitzen baliokide gisa erabiltzen denean.

Trans hitzarekin eratutako zenbait esapidek zalantzarako bidea ematen dute, haiek osatzen dituzten hitzen hurrenkera ez baita ohikoa euskaraz. Adibidez, honelako esaldietan: «Emakume guztien eskubideak aldarrikatzen ditugu: trans emakumeenak, emakume migratzaileenak, elbarrienak…», «Datuek erakusten dutenez, gora egin du trans pertsonen kontrako indarkeriak».

Hitzen hurrenkerari buruzko zalantzak argitzeko, lagungarria izan daiteke trans forma laburtuaren lekuan transexual edo transgenero hitzak ontzat eman daitezkeen ala ez egiaztatzea.

Adibidez, azken urteotan trans pertsonak, trans emakumeak, trans gizonak eta pareko moldeak erabili izan dira. Esamolde horietan trans erabili ordez transexual/transgenero erabiliz gero, argi geratzen da ohiko hurrenkera pertsona transexualak/pertsona transgeneroak, emakume transexualak/emakume transgeneroak eta abar dela, eta ez transexual pertsonak/transgenero pertsonak, transexual emakumeak/transgenero emakumeak eta parekoak.

Bide beretik, trans hitzarekin eratutako esapideetan, zuhurragoa dirudi pertsona transak, emakume transak eta abar erabiltzea, eta ez trans pertsonak, trans emakumeak eta parekoak.

Horrelakoetan, trans izenondoa izenaren ondoren doa, izenondoen kasuan ohikoa den bezala.

Beraz, molde hori kontuan izanez, honela idatziko genituzke goragoko esaldiak: «Emakume guztien eskubideak aldarrikatzen ditugu: emakume transenak, emakume migratzaileenak, elbarrienak…», «Datuek erakusten dutenez, gora egin du pertsona transen kontrako indarkeriak». Eta, azken kasu horretan, besterik gabe, transen kontrako indarkeria erabil daiteke, trans hitza izena ere badelako.