1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Kontserbatzaile» eta «kontserbadore»: noiz bata eta noiz bestea

«Kontserbatzaile» eta «kontserbadore»: noiz bata eta noiz bestea

Gomendioak
  • Hiztegiaren arabera, ez dute adiera bera.

Batzuetan horrelakoak irakurtzen edo entzuten dira: «Entretenitzeko aitzakiarekin, balio kontserbatzaileak transmititzen ditu», «Azukrea, gatza eta limoia dira gure kontserbatzaileak», «Lehen ministro kontserbatzaileak Erresuma Batuko hauteskundeak irabazi ditu».

Honako hiru hitz hauek ez dira trukagarriak, hiztegiaren arabera, bakoitzak adiera jakin bat baitu:

  • Kontserbadore izenak edo adjektiboak ‘tradizioak eta gizarte- eta ekonomia-egiturak bere horretan uzteko joera duena’ adiera du.
  • Aldiz, kontserbatzaile izenak ‘museo eta kidekoetan, funtsak zaintzeko eta egoera onean kontserbatzeko betekizuna duen teknikaria’ adiera du.
  • Azkenik, kontserbagarri izena da, eta ‘elikagaiei, hondatu gabe iraun dezaten, eransten zaien gaia’ izendatzen du.

Bestela esanda, politikaren arloko tradizionalistak kontserbadoreak dira, artelanez arduratzen diren langileak kontserbatzaileak eta elikagaiei gehitzen zaizkien substantziak kontserbagarriak.

Hortaz, honela idatziko genituzke goragoko esaldi horiek: «Entretenitzeko aitzakiarekin, balio kontserbadoreak transmititzen ditu», «Azukrea, gatza eta limoia dira gure kontserbagarriak», «Lehen ministro kontserbadoreak Erresuma Batuko hauteskundeak irabazi ditu».