1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. «Ikusgarritasun» eta «ikusgaitasun»

«Ikusgarritasun» eta «ikusgaitasun»

Gomendioak
  • Hiztegiaren arabera, ez dira sinonimoak.

Hiztegi arauemailearen arabera, ikusgarri adjektiboak ‘ikustea merezi duena’ adiera du. Besteak beste, adibide hauek jaso ditu Akademiak: «Lore ikusgarriak», «Aldaketa ikusgarria», «Ez diot zinemari deus ikusgarririk sumatzen».

Bide beretik, hiztegiak zehazten du ikusgarritasun izenak ‘ikusgarria denaren nolakotasuna’ esan nahi duela.

Hala ere, batzuetan honelakoak entzuten eta irakurtzen dira: «Emakumeen ikusgarritasunaren aldeko jardunaldi batean egon naiz», «World Press Photo sariak ikusgarritasun handia eman die nire argazkiei», «Maiatzaren 22tik aurrera Ikusgarritasun Lesbikoa aldarrikatzeko lehen kanpaina egingo dute».

Bestalde, hiztegi arauemailearen arabera, ikusgai adjektiboak ‘ikus daitekeena’ esan nahi du, eta ikusgaitasun izenak, berriz, ‘ikusgai denaren nolakotasuna’. Adibide gisa, honako esaldi hau jaso du Euskaltzaindiak: «Emakume zinemagileen garrantzia eta ikusgaitasuna indartzeko».

Hori kontuan izanik, goragoko adibideetan ere ikusgaitasun erabiltzea litzateke gomendagarriena, esaldi horietako hizketagaiak ez baitu zerikusirik emakumeak, argazkiak eta abar ikusgarri izatearekin, ikusgai izatearekin baizik.

Hortaz, honela idatziko genituzke aipatutako esaldi horiek: «Emakumeen ikusgaitasunaren aldeko jardunaldi batean egon naiz», «World Press Photo sariak ikusgaitasun handia eman die nire argazkiei», «Maiatzaren 22tik aurrera Ikusgaitasun Lesbikoa aldarrikatzeko lehen kanpaina egingo dute».