1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Ikasturtea eta urte politikoa

Ikasturtea eta urte politikoa

Gomendioak

Ikasturte berriaren atarian gaudela, uste dugu komeni dela gomendio batzuk kontuan hartzea.

Batzuetan horrelakoak irakur daitezke sarean eta hedabideetan: «Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar Jauregian hasi du ikasturte politikoa», «Ikas-orduak bere horretan mantendu dira aurten», «Lanbide Heziketako ikaslegoaren artean sormena sustatzeko saioa egingo dute».

Hiztegi arauemailearen arabera, ‘udako bi oporraldiren arteko eskola aldia’ da ikasturtea. Beraz, eskolarekin, edo, nahiago bada, irakaskuntzarekin zuzenean lotutako hitza da.

Aldiz, udako oporraldien ondoren hasten den eta hurrengo uda arte irauten duen jarduera politikoak ez du lotura zuzenik irakaskuntzarekin, nahiz eta gaztelaniaz –hedaduraz edo– curso político erabiltzen den hori adierazteko, año políticorekin batera (frantsesez, année politique; ingelesez, political year).

Horrela, ikasturte politiko esamoldearen ordez, nahikoa litzateke urte politiko erabiltzea. Hain zuzen ere, azken hori jaso du Euskaltzaindiak hiztegian, sozioekonomia sarrerako adibideetako batean (Koalizioak, urte politiko berrian, erabakitzeko eskubideari ez ezik, garrantzi handia eman nahi dio sozioekonomiari ere).

Ikasturte hitzaren eredura, ikastordu da forma arautua (ez *ikas ordu, ez *ikas-ordu, ez *ikasordu). Lotuta idaztezkoak dira, halaber, ikasliburu (ez *ikas liburu, ez *ikas-liburu) eta ikasmaterial (ez *ikas material, ez *ikas-material), besteak beste.

Azkenik, gogoratu *ikaslego eta *irakaslego baztertzekoak direla, eta horien ordez, hurrenez hurren, ikasleak/ikasleria eta irakasleak/irakasleria erabiltzea gomendatzen dela.

Gomendio horiek kontuan hartuta, honela idatziko genituzke goian aipatutako esaldiak: «Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar Jauregian hasi du urte politikoa», «Ikastorduak bere horretan mantendu dira aurten», «Lanbide Heziketako ikasleen/ikasleriaren artean sormena sustatzeko saioa egingo dute».

Ikus, halaber:
EBE. Ikasle (*ikaslego).
EBE. Irakasle (*irakaslego).