1. HASIERA
  2. ZER BERRI
  3. Gomendioa: «gazatar» eta «palestinar»

Gomendioa: «gazatar» eta «palestinar»

Gomendioak

Batzuetan, honelakoak irakurtzen dira: «Gazatiarren aurkako genozidioa gelditzeko eskatu dute», «Ospitaleei eraso egiten eta gazatiarrak erailtzen jarraitzen du Israelek», «Ikurrinek, Nafarroako banderak eta bandera palestindarrek egin diote ongi etorria Itzuliari», «Palestinako Estatuak gaur egun administrazio gunea Ramallahen du».

Gazako herritarrak izendatzeko forma arautua gazatar da (ez *gazatiar), eta halaxe jaso du Euskaltzaindiak bere hiztegian.

Gaza dagoen estatuaren izena Palestina denez, palestinar esaten zaie bertako herritarrei (ez *palestindar).

Azkenik, Palestinako hiriburu administratibotzat hartzen den Ramallah hiriaren izenari dagokionez, gogoan hartzekoa da amaierako hatxearen aurreko letra kontuan hartuta deklinatzen dela. Alegia, Ramallah-n, Ramallah-ko… (eta ez *Ramallah-en, *Ramallah-eko…). Marratxoa erabiltzea lagungarria da izena ezezaguna denean edo lehen aldiz aurkezten denean. Baina alferrikakoa eta astuna ere gerta daiteke, testu-motaren arabera, ezaguna bada edo behin eta berriro agertzen bada.

Hortaz, honela idatziko genituzke goiko adibideak: «Gazatarren aurkako genozidioa gelditzeko eskatu dute», «Ospitaleei eraso egiten eta gazatarrak erailtzen jarraitzen du Israelek», «Ikurrinek, Nafarroako banderak eta bandera palestinarrek egin diote ongi etorria Itzuliari», «Palestinako Estatuak gaur egun administrazio gunea Ramallah-n du».

Ikus, halaber:

184. araua. Erdal hitzen deklinabidea.